Asfaltatze lanak abenduaren 9an eta 10ean Uskategi, Letobe eta Arenalde kaleetan

Abenduaren 9an eta 10ean asfaltatze-lanak egingo dira Uskategi, Letobe eta Arenalde kaleetan, 9. zenbakitik 11. zenbakira arte; beraz, epe horretan ibilgailuen zirkulaziorako itxita egongo dira.

Jarduera hau Amurrioko Udalak urtero egiten dituen udal bideak mantentzeko lanen barruan sartzen da. Datozen egunetan egingo den jarduketarako hautatutako inguruneak auzoekin izandako herritarren partaidetzarako bileretatik ateratako auzo-eskaerei erantzuten diete. Obrek 28.807 euroko inbertsioa dakarte.

Amurrioko Udalaren Whatsapp bidezko hedapen-zerrendak 400 harpidedun ditu

Duela urtebete baino gehiago, Amurrioko Udalak, jada 400 harpidedun dituen WhatsApp bidezko hedapen-zerrenda sortu zuen, informazioa bidaltzeko. Zerrenda horrekin bat egin nahi dutenek WhatsApp mezu bat bidali beharko dute 605715240 zenbakira, eta, besteak beste, antolatutako ekitaldiei, Amurrio Antzokiko programazioari, diru-laguntzei eta Udalak emandako abisu garrantzitsuei buruzko informazioa edo Hauxe Da aldizkaria online formatuan, jasotzen hasiko dira.

Hedapen-zerrendetan, hartzaileek ez dakite beste nori bidali zaion mezu hori, eta, beraz, ezin dira euren artean komunikatu, soilik whatsapp-eko mezua bidali duenarekin, horrela zenbakien pribatutasuna zainduz. Informazio gehiago nahi izanez gero, 605715240 edo 945891161 telefono-zenbakietara deitu edo mezu bat bidal daiteke, Ana Izquierdo Lejardiz galdetuz (Herritarren Partaidetzarako Zerbitzua).

Hedapen- zerrendan alta ematea

Zerrenda horretan sartzeko, WhatsApp mezu bat baino ez da bidali behar 605715240 zenbakira, izena eta abizena adierazita, eta zenbaki hori bera norberaren kontaktuen artean erregistratu beharko da, bestela ezin izango delako informazio hori guztia jaso.

Amurriok, tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko bonu kanpaina abiatu du

Amurrioko Udalak eta Izan Amurrio merkatari, zerbitzu eta ostalaritza elkarteak, tokiko merkataritza dinamizatzeko eta udalerriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko bonu-kanpaina jarri dute abian. Kanpaina abenduaren 9an hasi eta hilaren 31ra arte luzatuko da.

Kanpainak irauten duen bitartean, saltokietan fisikoki egongo diren eta kanpainarekin bat egin duten establezimenduen artean modu ekitatiboan banatuko diren 1.000 bonu inguru jarriko dira eskuragarri. Bonuaren balioa 25 eurokoa izango da, eta 20 euro ordaindu beharko dira eskuratzeko. Erosketa bakoitzean gehienez bi bonu trukatu ahal izango dira.

Iazko arrakastaren ondoren aurten berriro martxan jarriko den kanpaina, oso tresna garrantzitsua da tokiko merkataritzarentzat, eta aukera emango du Gabonak baino lehenagoko garai horretan kontsumoa suspertzeko, udalerriko kontsumoa fidelizatzeaz eta tokiko merkataritzari balioa emateaz gain.

“Covid-19ak sortutako pandemia-egoera dela eta ondorioak jasan dituen sektoreetako bat saltokiak izan dira, eta, horregatik, gure aletxoa jarri nahi dugu eta, kanpaina honen bidez, tokiko merkataritza dinamizatu eta Amurrioko establezimenduetan kontsumitzen duten pertsonei mesede egin”, azaldu dute Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak eta Jon Aspurua Izan Amurrioko presidenteak.

42 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin:

Moda eta Osagarriak: Abascal, Azules, viste tu vida, Eguiluz, moda y color, Gancedo, HIT denda, Kapritx, Karisma, Katibel, Lilura, Modapiel, New Jolan, Novedades Elena.

Kirolak: Basualdo Kirolak, Koba Cycling, Ormaetxea Bizikletak, Ortu Kirolak.

Zapata dendak: Aranoa Zapatak, Calzados Urrutia, Pausotik.

Liburu-dendak: Bai-Bada liburu-denda, Garoa liburu-denda, Sanz liburu-denda.

Edertasuna eta estetika: If Hair Beauty&Nails, Mirela Nails¬Beauty, A+A ile-apaindegia, Entretres ile-apaindegia, Lurdes ile-apaindegia, Spiral ile-apaindegia, Vanesa ile-apaindegia, Susana Estética.

Beste batzuk: Josu Zentro Optikoa, Garbiñe lurrindegia, Arberas burdindegia, Arregi Argazkiak, Lambarri Bitxidenda, Madis Bitxidenda, La Rana Turquesa, Lur Belardenda, Luiando Optikoak, Olerki, Amurrio Plaza eta ADIgrafik.

 

 

Ekintzaileei zuzendutako Lanbideren diru-laguntzen deialdi berria

Diru-laguntza bat negozio-ideia lantzeko da (1.000 €) eta beste bat jarduera martxan jartzen laguntzeko (1.500 €).

Eskaerak aurkezteko epea irekita egongo da azaroaren 16tik abenduaren 10era arte.

Laguntza hauen helburua da onuradunek modu esklusiboan eta tutoretzapean  negozio-ideia aztertzen eta bideragarritasun-plana garatzen edo jarduera abian jartzen jardun ahal izatea. Laguntzak bateragarriak dira besteren konturako lan batekin, baldin eta orduen zenbaketa osoan lanaldi osoaren% 30 gainditzen ez bada.

Aiarako Kuadrilla da Lanbiderekin elkarlanean dagoen erakundea gure eskualdean, baina eskaerak herri bakoitzean dagoen garapen-agentzian aurkeztu behar dira; kasu honetan, Amurrio Bideanen.

Erakunde hori arduratuko da, halaber, ekintzaileak zuzentzeaz 2 hilabeteko epean, negozio-ideia landu behar duten kasuetan, eta 3 hilabetez jarduerak martxan jartzeko proiektuetan.

Zehazki, aurten gure eskualdean negozio-ideia lantzeko 12 laguntza eman dira eta jarduerak martxan jartzeko 10 laguntza. Laguntzen kopuru jakin bat hogeita hamar urtetik beherakoei eta emakumeei eman behar zaie. Laguntza baino eskaera gehiago egotekotan, proiektuen eta hautagaien balorazio tekniko bat egingo litzateke, hautaketa-oinarrietan zehaztutako irizpideen araberakoa.

Informazio gehiagorako, Amurrio Bideanekin jarri harremanetan (El Refor kalea z/g); tel.: 945891721; helbide elektronikoa: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

 

Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (Erresuma_Cuadro_webs.pdf)InformazioaInformazioa61 kB26-11-21 10:28

Abenduaren 1etik 15era bitartean ‘Afrikak Inspiratzen du – Emakume Defendatzaileak’ erakusketa izango da La Casonan

Amurrioko La Casonak ‘Afrikak Inspiratzen du – Emakume Defendatzailak’ erakusketa hartuko du abenduaren 1etik 15era, historia aldatu duten eta hainbat eremutatik inspiratu gaituzten emakume afrikar handiak jendeari hurbiltzeko. Aste honetan zehar Afrikako literaturetako emakumeen arteko elkarrizketak izango dira.

Erakusketak Afrikako 9 emakume hurbilduko dizkigu. Emakume horiek erreferenteak dira euren lan-eremuetan, politikan, artean, ingurumenean edo parte-hartze komunitarioan, besteak beste, eta emakumeen eta, oro har, Afrikako gizartearen eskubideak sustatu dituzte. Emakume horietako batzuk nazioartean nabarmendutako pertsonak dira, hala nola Wangari Maathai, Bakearen Nobel saria, eta beste batzuek, hain ezagunak ez diren arren, Dalanda Diallo kasu, komunitateetan aldaketa handiak eragin dituzte, lurra eskuratzeko aukera, adibidez.

Erakusketa Susanna Martinen irudiak dituzten 11 paneletan antolatzen da, eta ikusleek haiekin elkarreragin dezakete, emakumeen bizitza-istorioak sakonago ezagutu ditzakete, baita euren emakume erreferenteak proposatu ere. Urte honen amaieran, erakusketan parte hartzen duten Afrikako emakume defendatzaileak eta baita jendeak proposatutako erreferentziazko emakumeak bilduko dituen eta lankidetzan oinarrituta egongo den liburu bat egingo da.

Erakusketaren jatorria

Afrikak Inspiratzen du kanpaina 2019an sortu zen, Afrikako Baliabideen Zentroko boluntarioen ekimenez, euskal gizarteak Saharaz hegoaldeko Afrikari eta, zehazki, bertako emakumeei buruz, zuen irudia eraldatzeko. Horretarako, emakume afrikarraren irudi emantzipatzailea sustatzen da, erreferenteak sortuz eta estereotipoak deseraikiz. Orduz geroztik, artikuluak argitaratzeko eta zabaltzeko online kanpaina bultzatzen da, hainbat arlotan, ingurumenean, politikan, kulturan… erreferenteak diren Afrikako emakumeak euskal herritarrengana hurbiltzeko.

Emakumeen arteko elkarrizketa

Aste honetan zehar Afrikako literaturetako emakumeen arteko elkarrizketak izango dira. ‘Ibilbideak Literaturaren bidez’, egileekin hitz egiteko gunea da, eta, horren bitartez, euren herrialdeak, interesak, kezkak eta euren lanetan jorratzen dituzten gaiak ezagutaraziko dira. Gainera, horietako bakoitzak emakumearen egoerari buruzko azterketa bat gehituko du, bizitzako eta geografiako hainbat planotatik, eta gonbidatutako idazle bakoitzaren obren zatiak irakurriko dira. Bihar Angela Nzambi Bacaleren txanda izango da eta abenduaren 2an Fumilayo Johnson Sopalerena katekesiko aretoan eta, abenduaren 5ean, Souad Hadj-Aliren txanda Kultur Etxean.

Azaroaren 25erako adierazpena, 2021eko emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguna

2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 112 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2021ean zehar erail dituzten Erika Tavares, Conchi Gonzalez, Aintzane Pujana, Maria Pilar Berrio Jimenez eta Miarritzeko 75 urteko bizilaguna.

Emakumeen aurkako indarkeria larderiarako tresna indartsua da, emakumeei zuzendua, indarrean dauden genero-arauak desafiatu eta eralda ez ditzaten. Mehatxurako tresna hori zuzenean emakumeengan erabiltzen da, baina baita haien gertuko pertsona maitatuenengan ere, min handiagoa sortzeko modu gisa. Kalkuluen arabera, bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira.

Indarkeria bikarioa esaten zaio emakumeari, hirugarren pertsonak baliatuz, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia motari, zeinak ankerkeria-maila gorena lortzen duen haien erailketarekin (seme-alabak, ama, aita, egungo bikotekidea, etab.). Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoa aplikatuz, kasu horiek ere genero-indarkeriaren parte gisa ulertzen dira, seme-alabei egindako kalteak erasotzaileek emakumeei tratu txarrak transmititzeko tresna bihurtzen diren heinean.

Azken lege-aldaketek dagoeneko jasotzen dute figura hori, biktima adingabeak babesteko neurriak sortzeari eta hedatzeari dagokionez. Hala ere, oraindik ere beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, kasu horietan seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea. Jarrera horiek adingabeen eta emakumeen birbiktimizazioan eragiten dute, haien salaketak susmopean jartzen dituzte, amak zigortzen dituzte, haien testigantza gutxiesten dute eta aitaren guraso-ahalaren eskubidea babesten dute, emakumeen eta adingabeen segurtasunaren eta indarberritzearen gainetik.

Emakumeen aurkako indarkeria beren seme-alaben bidez sistematikoki egikaritzeko modu horren aurrean, bai eta emakumeak kontrolatzeko, hertsatzeko eta kaltetzeko modu guztien aurrean ere, euskal erakundeok indarkeria horri aurre egiteko erantzukizuna dugu, kontuan hartuta ez direla gertakari isolatuak, egiturazko desberdintasun-egoera bati erantzuten diotela, eta egoera horri ikuspegi feministatik heldu behar zaiola.

Guzti honengatik, indarkeria matxista gertakarietan funtzionamendu protokoloek erabiltzen dituzten mekanismo guztiak egokiak izatea da giltza; beti ere, indarkeria mota hau pairatzen duten emakumeen ahalduntzea helburu duten ikuspuntu batetik. Horretarako, instituzio publikoez gain, gai honetan adituak diren pertsonen eta mugimendu feministen parte hartzea  beharrezkoa da ezarritako protokoloekin lagundu dezaten, eta azken batean, berdintasunezko etorkizun baterantz abiatu gaitezen.

Horregatik, Amurrioko Udalak honako konpromiso hauek hartu nahi ditu:

Amurrioko Udal honek ez du murrizketarik egingo 2022eko berdintasun-aurrekontuetan, eta gainera, berdintasun-unitateak egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du.

  • Indarkeria bikarioaren errealitate hori agerian jartzen eta behar bezala artatzen laguntzea, besteak beste, Istanbulgo Hitzarmenak jasotzen dituen indarkeria-bideen biktima adingabeak koordinazio protokoloetan eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko protokoloetan txertatzea eta protokolook eguneratzea, Protokoloan agertzen den bezala.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku-hartze goiztiarra egiten laguntzea, zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan (hezkuntza-, osasun- eta polizia-agenteak, etab.), eta emakumeek beren ardurapean dituzten adingabeekin eta kaltetutako beste pertsona batzuekin behar dituzten beharrei eta baldintzei erantzutea. Horretarako, Protokoloaren jarraipen mahaietan, adingabeei buruzko gaia landuko da.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzea, beren eskumenen esparruan, ikuspegi feminista duen sektore arteko abordatze integral eta holistikotik.
  • Neurri guztien erdigunean jartzea biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea, eta laguntza integrala ematen laguntzea, prozedura judizialarekin duten inplikazio- edo lankidetza-maila edozein dela ere.
  • Udaleko langileek berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuten diharduten langileei, genero-ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia aintzat hartuz .
  • Amurrioko Udal honek eremu ezberdinei (hedabideei, enpresei, hezkuntza-zentroei...) zuzendutako indarkeria matxisten prebentzio eta salaketa kanpainak abiatuko ditu, eragina-ebaluazioa jasoz.
  • Lanean jarraitzea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako, eta, ondorioz, haien seme-alaben aurkako, herri-itun bat lortzeko, herritar guztien jarrera aktiboa behar dugulako indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko.
  • Amurrioko Udal honek, lurraldeko mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituak abiatzeko konpromisoa hartzen du, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean; eta horretarako programa zehatzak aktibatzeko konpromisoa ere hartzen du.
  • Amurrioko Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu azaroaren 25ean bat egin dezaten emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela-eta Amurrion deitutako mobilizazioarekin

 

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.