Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak BERPIZTU programaren barruan Amurrioko Udalari emandako zuzeneko dirulaguntzarekin Goikolarra auzoko eraikinak birgaitzeko jabekideen erkidegoei dirulaguntzak emateko deialdia ireki da, Lehentasunezko Jarduera Eremuetan (ZAP) trakzio-proiektuak dinamizatuz.
berriak
Amurrioko Udalak osoko bilkuran onartu zuen atzo Foru kaleko hornidura merkatu zaharraren eraikina zaharberritu ahal izateko proiektua, zentro soziokultural bihurtzeko. Proiektua onartu ondoren, laster irekiko da obraren lizitaziorako prozesua.
Onartutako proiektuak eraikina erabilera berrietara egokitzeko egingo diren jarduketak jasotzen ditu. Horretarako, ia guztiz aprobetxatuko den egitura sendotzeaz gain, barrualdea berregokitzea aurreikusten da, hainbat erabilera egokitzeko aukera emango duen espazio zabalarekin, bai eta beheko solairua eta erdisotoa komunikatuko dituen igogailu bat jartzea ere, irisgarritasuna bermatzeko. Inguratzailea, fatxada eta estalkia ere berriztatuko dira.
Proiektua onartu ondoren, obren lizitazioarekin hasteko prozesuari emango zaio hasiera; 1.200.401 euroko inbertsioa egingo da, eta urtebeteko epea egongo da lanak egiteko.
Zentro soziokulturala
Berriki aurkeztu den Udal Ekipamenduen Plana gida erabilgarria eta beharrezkoa izan da udal-azpiegiturak eta horietan ematen diren zerbitzuak pixkanaka berrantolatzeko. Alde batetik, planak kultur ekipamenduen sarea sortzea jasotzen du, eta merkatu zaharra zaharberritzea eta egokitzea da herriko hirigunean kultur sare hori sortzeko lehen urratsetako bat. Horretarako, eraikin berriak umeentzako eta helduentzako liburutegi berria, ikasketa-gelak, mediateka eta KZgunea hartzea aurreikusten da.
Aste honetatik, Amurriok aparkatzeko gune berria du Etxegoien kalean. Aparkaleku berriak 56 plaza ditu, horietako bi egokituak, eta lanek 307.896 euroko inbertsioa eskatu dute.
“Etxegoien kaleko aparkaleku berria funtsezko jarduketa da gune estrategikoa den eremu horretako, izan ere, inguruan hiru ikastetxe daude. Gainera, lan horiei esker, Etxegoien kalea berrantolatu ahal izan da, eta segurtasuna hobetu da ikastetxeen irteeran eta haien ingurunean”, azaldu du Txerra Molinuevo alkateak.
Etxegoien kaleko aparkaleku berri horrek Amurrioko herritarrek AmurriokoEKIN udal aurrekontu parte-hartzaileen programan hautatutako proiektuetako bati erantzuten dio. Jarduketa horrek, gainera, inguruan dauden Aresketa Ikastola, Zaraobe Institutua eta Amurrioko Haurreskola Tantaka ikastetxeen ekipamendu osagarria sortzea ekarri du.
Galtzadaren berrantolaketa
Aparkalekuaren eraikuntzarekin batera, eta inguruan egindako azterlanaren ondoren, galtzadaren berrantolaketa ere egin da. “Ibilgailuen zirkulazioaren bideragarritasuna hobetzeko asmoz, Etxegoien kaleko erreiak handitu eta berriro margotu dira, eta horretarako zenbait aparkaleku kendu dira. Ibilgailuak hobeto zirkulatzeko erreiak zabaltzeak, kaleko eta ikastetxeen inguruko bide-segurtasuna hobetuko duten txikane txikiak egiteko aukera eman digu”, azaldu du Molinuevok.
Amurrioko Udalak behin betiko onartu du datozen urteetarako udalerriko hirigintza definituko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria. Planaren tramitazioa duela hamarkada bat jarri zen abian, eta bertan udal talde ezberdinek egin dute lan eta, aldi berean, herritarrek ere parte-hartze zuzena izan dute, udalerriko elkarteen bitartez.
“Osoko bilkuran onartu dugun dokumentuak udalerriaren garapen kohesionatua ahalbidetuko du. Gainera, plan adostua da; izan ere, gizarteak parte-hartze handia izan du hirigintza arloko plangintzan, herritarren partaidetzarako, ingurumenerako eta jarduera ekonomikoetarako foroetatik”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.
HAPOk planteatzen duen etorkizuneko Amurrio udalerri berdeagoa, trinkoagoa, Nerbioira irekia eta biztanleria gaztetzeko gaitasuna duena da. Planteatzen duen erronketako bat etxebizitza-eskaerari erantzutea da, gaur egun indarrean dauden Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan aitortutako hazkunde-gaitasuna agortu gabe, 1.324 etxebizitza berri inguru ordenatuz, horietatik erdiak erregimen babestukoak.
Plana gauzatzeko prozesua
Amurrio HAPOren behin betiko onarpenera iritsi da, iazko uztailaren 30eko osoko bilkuran behin-behineko onarpena eman ondoren. Behin betiko onarpena lortzeko bideak hamarkada bat inguru iraun du. Prozesuari hasiera emateko, udal-plangintzako Arau Subsidiarioak berrikusteko eta plangintzaren irizpideak eta helburuak onartzeko aurretiazko azterlanak egin ziren.
Horren ondoren, Planaren Aurrerapenarekin jarraitu zen, eta herritarrek iradokizunak aurkezteko epea ireki zen. Prozesu hori amaitu eta gero, 2015ean hasierako onarpena eman zitzaion plan orokorrari, eta, ondoren, alegazioak aurkezteko epea ireki zen. Epe hori 2018ko osoko bilkuran ebatzi zen, dagozkion Azterketa Akustikoarekin, Ingurumen-ebaluazio Estrategikoaren dokumentuarekin eta Genero-eraginari buruzko Aurretiazko Txostenarekin batera.
HAPO gauzatzeko fase desberdinetan, herritarrek parte hartzeko prozesua onartu zen, eta Udal Plangintzako Aholku Batzordeak ere hartu du parte. Horrek, gizarteak hirigintza-plangintzan partaidetza zabala izatea ahalbidetu du, herritarren partaidetzarako, ingurumenerako eta jarduera ekonomikoetarako foroetatik.
Amurrioko Udalak laster ekingo dio Zabaleko kalean ibilgailuen behin-behineko aparkalekua eraikitzeari, kale horretako obrak esleitu eta gero. Udal hilerriko hainbat bide konpontzeko lanak ere esleitu dira, eta astelehenean, hasiko dira, azaroaren 1ean, Domu Santu Egunean, amaituta egon daitezen.
San Jose auzoan aparkaleku berria eraikitzeak, auzotarrek Udalarekin egindako auzo-bileretan egindako eskaerei erantzungo die. Obrak 48.240 euroko inbertsioa eskatuko du.
Aparkaleku berriak 44 plaza izango ditu, horietako bat egokitua. Aparkalekua eraikiko den partzela Zabaleko ikastetxetik gertu dago, eta San Jose auzoan daudenekin batera disuasio-aparkaleku gisa erabil daitezke.
Konponketak hilerrian
Amurrioko udal hilerrian ere hobekuntza lanak egingo dira datozen asteetan. Lanak astelehenean hasiko dira, azaroaren 1ean, Domu Santu Egunean, amaituta egon daitezen.
Hilerriko erdiko bidea eta hego-ekialdean dagoena erabat hobetuko dira, hau da, egungo bideak eraitsi eta, ondoren, bide berriak egingo dira. Lanek 34.370 euroko inbertsioa eskatuko dute.
Amurrioko Udala piktogramak marrazten hasi da udalerriko oinezkoen pasabideetan, autismoaren espektroko nahasmenduak (TEA) dituzten pertsonei oinezkoen pasabideak zeharkatu aurretik jarraitu beharreko arauak ulertzen laguntzeko.
Ekintza hori udalerriko oinezkoen hamabost pasabide ingurutan gauzatuko da, horietako asko leku garrantzitsuetan, hala nola ikastetxeen, kultur etxearen, osasun etxearen, musika eskolaren, kiroldegiaren, Reforren edo tren geltokien inguruetan. Oinezkoen pasabideetan marraztuko diren piktogramak kolore urdineko sekuentzia dira, autismoa duten pertsonen sinboloa. Bertan, gelditu, begiratu, behatu eta autoak geldirik daudenean gurutzatu behar dutela adierazten da, modu erraz eta egokian.
Jarduketa horren helburua bide-segurtasuna hobetzea da, oinezkoentzako pasabideak bide-seinale horren esanahia ezagutzen ez duten kolektibo horretara egokituz; izan ere, oinezkoentzako pasabideen funtzionamendua ikasten ari diren neska-mutilei ez ezik, herritar guztiei gogorarazten die pasabideak gurutzatu aurretik jarraitu beharreko sekuentzia zuzena. Horrela, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duenez “oztopo kognitiboak ezabatzeko lan egiten dugu, askoz errazagoa baita irudiak dituzten mezuak prozesatzea. Gainera, horrelako ekintzek pertsona guztien irisgarritasunerako eskubidea bermatzen dute, eta, bereziki, autismoaren espektroko nahasmendua duten haurrena”.