Amurriok 56 plaza dituen aparkaleku berria du Etxegoien kalean

Aste honetatik, Amurriok aparkatzeko gune berria du Etxegoien kalean. Aparkaleku berriak 56 plaza ditu, horietako bi egokituak, eta lanek 307.896 euroko inbertsioa eskatu dute.

“Etxegoien kaleko aparkaleku berria funtsezko jarduketa da gune estrategikoa den eremu horretako, izan ere, inguruan hiru ikastetxe daude. Gainera, lan horiei esker, Etxegoien kalea berrantolatu ahal izan da, eta segurtasuna hobetu da ikastetxeen irteeran eta haien ingurunean”, azaldu du Txerra Molinuevo alkateak.

Etxegoien kaleko aparkaleku berri horrek Amurrioko herritarrek AmurriokoEKIN udal aurrekontu parte-hartzaileen programan hautatutako proiektuetako bati erantzuten dio. Jarduketa horrek, gainera, inguruan dauden Aresketa Ikastola, Zaraobe Institutua eta Amurrioko Haurreskola Tantaka ikastetxeen ekipamendu osagarria sortzea ekarri du.

Galtzadaren berrantolaketa

Aparkalekuaren eraikuntzarekin batera, eta inguruan egindako azterlanaren ondoren, galtzadaren berrantolaketa ere egin da. “Ibilgailuen zirkulazioaren bideragarritasuna hobetzeko asmoz, Etxegoien kaleko erreiak handitu eta berriro margotu dira, eta horretarako zenbait aparkaleku kendu dira. Ibilgailuak hobeto zirkulatzeko erreiak zabaltzeak, kaleko eta ikastetxeen inguruko bide-segurtasuna hobetuko duten txikane txikiak egiteko aukera eman digu”, azaldu du Molinuevok.


Inprimatu   E-maila