Amurriok bi tarte egokituko ditu Frontoi kalean eta Aiara etorbidean, hiri-espazio inklusiboak sortuz

Amurrioko Udalak ekintza berritzaile bat proposatu du, Amurrioko espazio publikoak hirigintza taktikoaren bidez biziberritzea ahalbidetzeko. Helburua, herritar guztientzat, modu inklusiboan erabilgarriak izango diren eta hainbat kolektiboren beharrak bete ahal izango dituzten espazio publiko nahikoak eta seguruak sortzea da.

Helburu horiek lortzeko, Projecta Contract enpresari esleitu zaio proiektuaren idazketa, hiri-espazio inklusiboak, zaintzaileak, osasungarriak eta jasangarriak egokitzeko plana sortzeko oinezkoek lehentasuna duten tarteetan, Frontoi kalean, Armurubentatik, eta Aiara etorbideko lehen zatian.

Amurrio Udal Ekipamenduen Plan Zuzentzailea egiten hasi da

  • Plana egiteko, eraikinen eta instalazioen azterketa teknikoa egingo da, haien egoera, gaur egun dituzten eta etorkizunean izan ditzaketen erabilerak ezagutzeko; gainera, horiek optimizatzeko proposamen bat egingo da.
  • Plana Amurrioko herritarrekin batera gauzatuko da, eta horretarako, partaidetza-prozesu bat jarri da abian.
  • Diagnostiko-faseari ekiteko, galdetegi bat jarri da herritarren eskura, ekipamenduei buruz duten iritzia jaso ahal izateko.

 

Amurrioko Udala, Udal Ekipamenduen Plan Zuzentzailea egiteko lehen pausoak ematen hasi da, horien egungo egoera ezagutzeko eta beharrak antzeman ahal izateko, udalerrian dauden eraikinak hobetzeko helburuarekin.

“Plan horren bidez, herritarrei kalitatezko ekipamenduak eskaini nahi zaizkie, eta erabilera, erosotasun eta eraginkortasun hobea izan dezaten beharrezkoak diren esku-hartzeak bildu nahi dira. Horretarako, plan hau partaidetzan oinarrituta egingo da, egungo eta etorkizuneko behar eta erronka sozialak kontuan hartu ahal izateko”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Amurriok, besteak beste, umeentzako udal-ekipamendu, kirol-ekipamendu eta ekipamendu kultural, eta adinekoei zuzendutako ekipamendu sare zabala du. Ekipamendu horiek “elkarrekintzarako espazioak dira, leku inklusiboak izan behar dira, eta bertan, erabiltzaileen erosotasuna eta ongizatea ez ezik, beste irizpide batzuk ere hartu behar ditugu kontuan, hala nola irisgarritasuna, erosotasuna, autonomia eta segurtasuna edo erabileren balioaniztasuna”, Molinuevok esan duenez.

Plana egiteko prozesuak bi fase nagusi izango ditu: ekipamenduen diagnostikoa eta horietan esku hartzeko proposamen bat egitea.

Ekipamenduen azterketa teknikoa

Alde batetik, udalerriko eraikin publikoen, haien ezaugarrien, erabileren, gabezien, funtzionamenduaren eta abarren azterketa xehatua egingo da, herritarren beharrak lehendik dauden eraikin publikoetara eta horiek etorkizunean izango dituzten hobekuntzetara egokitzeko. Horretarako, hau egingo da:

  • Udalerriko eraikin publikoen azterketa, horien erabilerak, ezaugarriak, erabileraren egokitasuna eta gabeziak kontuan hartuta, besteak beste.
  • Hasierako diagnostikoa, eta azterketa xehatua behar duten eraikinen zerrenda egitea.
  • Eraikin publikoak optimizatzeko proposamen bat gauzatzea, eraikinen ezaugarriak eta erabilerak egokituta, eraberritzeko edo/eta handitzeko aukerei arreta berezia jarrita. Proposamenean herritarren partaidetza prozesuko ekarpenak sartuko dira.

Herritarren partaidetza

Prozesu tekniko hori osatzeko, herritarrek parte hartzeko prozesu bat egingo da, eta prozesu horrek prestaketa-fasea, diagnostiko-fasea eta proposamenak egiteko fasea barne hartuko ditu. Diagnostikoa egin aurreko prestaketa-fasean, lan-saioak egin dira udaleko teknikariekin eta politikariekin, eta talde-elkarrizketak egingo dira hainbat eragilerekin, genero-ikuspegia eta aniztasuna planean eta planaren garapen-prozesuan txertatzeko.

Datozen egunetan diagnostiko-faseari ekingo diogu Amurrioko bizilagunekin. 14 galderaz osatutako galdetegi bat jasoko dute euren etxeetan, udal-ekipamenduen egoerari buruz duten iritzia jakiteko eta beharrak hautemateko. Udaletxean, Kultur Etxean, Udal Liburutegian eta Bañueta kiroldegian dauden postontzietan utzi ahal izango dituzte uztailaren 6ra arte.

Era berean, online galdetegia bete ahal izango da Udalaren www.amurrio.eus orrian dagoen estekan. Gainera, ekainaren 25ean eta uztailaren 2an, bi stand jarriko dira ostiraletako merkatutik gertu, galdetegia betetzen laguntzeko eta beharrezkoak diren zalantzak argitzeko. Bestalde, herrilaguntzaileak hainbat udal eraikinetara hurbilduko dira galdetegia betetzen laguntzeko.

Diagnostikoaren partaidetza-fasea osatzeko, aurrez aurreko 3 saio sektorial egingo dira (kultura, kirola eta gizartea/asistentzia).

Diagnostiko teknikoan integratutako partaidetza-diagnostiko horretan oinarrituta, eragileen beharrak eta udal-baliabideen optimizazio- eta eraginkortasun-irizpideak bateratzeko proposamenak egiten joango gara.

Azkenik, ekipamenduak hobetzeko proposamenak jasoko dituen plana prestatzeari ekingo zaio, eta berriz ere eragile, teknikari, politikari eta herritarrak kontuan izango dira, plana lantaldeen eta sektore-saioen bidez eraikitzeko.

Bihar asfaltatze lanak egingo dira Aldai kaleko aparkalekuan

Amurrioko Udalak Aldai kaleko aparkalekua asfaltatuko du ostegun honetan, irailak 23. Lanak egun batez luzatuko dira, beraz, biharko egunez ezin izango da aparkalekuan aparkatu.

Asfaltatze-lanei esker, ibilgailuak bide bat sortu ahal izango dute hautatutako aparkalekura modu ordenatuan iristeko, sarrera eta irteera desberdinekin. Jarduera honek aparkalekua nabarmen hobetzea dakar, aparkalekuaren barruko zirkulazioa ibilgailuentzat egokia izatea ahalbidetuko baitu. Guztira, 870 m2 zolatuko dira biharko egunean, 5 zentimetroko lodierako geruzarekin.

Amurriok aparkaleku berria du Juan de Aranoa kalean

Aparkatzeko 37 plaza gehiago, horietako bat egokitua, toki estrategiko batean, Iparraldeko tren geltokitik gertu.

Jarduketak Alkinarreko bizilagunek auzo-batzarretan egindako eskaeretako bati erantzuten dio.


Amurriok amaitu ditu Juan de Aranoa kalean 37 plaza, horietako bat egokitua, dituen aparkaleku berria eraikitzeko lanak. Proiektua 912m2-ko lursail batean gauzatu da, eta 34.896 euroko inbertsioa eskatu du.


Aparkaleku berri hori leku estrategikoan dago, Iparraldeko tren geltokitik gertu. Gainera, A-625 errepidetik datozen ibilgailuentzako disuasio-aparkaleku gisa ere pentsatuta dago, Araba eta Felix Murga kaleetako aparkalekuekin gertatzen den bezala.


“Obra honen amaierak, udalerrian ibilgailuak aparkatzeko gune gehiago izatea eragin du, eta, gainera, dagoen zonalde estrategikoak garraio publikoaren irisgarritasuna hobetzea ahalbidetuko du, tren geltokiaren ondoan baitago”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.


Aparkalekua eraikitzeak Alkinar auzoak urtero Udalarekin egiten dituen bileretan egindako eskaeretako bati erantzun dio. Eskaera horiek, auzokideen parte-hartzea bilatzen duten auzo-batzarren programaren barruan sartzen dira.

Amurriok Landako auzoa urbanizatzeko eta kiroldegia eraberritzeko eskatu dio Foru Planari

Amurrioko Udaleko osoko bilkurak gaur goizean onartu du Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren 2022-2023 Programaren barruan bi proiektu gauzatzeko diru-laguntza eskaera. Proposatutako jarduketek Landako auzoa urbanizatzea eta Bañueta kiroldegia barrutik eraberritzea eta birbanatzea aurreikusten dute.

Datozen urteetan Udalak Landako auzoaren urbanizazioa egingo du. “70eko eta 80ko hamarkaden arteko urbanizazioa duen eremua da, eta garai hartan lekua ibilgailuentzat lehenesten zen. Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Foru Planari aurkezten diogun aurreproiektuarekin, Landako auzoan berdegune gehiago izatea, eta irisgarriagoa izatea bilatzen dugu, oinezkoa protagonista izatea”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Ingurua berrurbanizatzeak, hornidura-azpiegiturak, hondakin-uren saneamendua, euri-uren saneamendua, elektrizitate-, argiteria publiko- eta telefonia-azpiegiturak lurperatzea eta kaleak zolatzea ekarriko du berekin, irisgarritasunaren inguruan indarrean dagoen araudira egokituta. Proposamenak 1.206.810 euroko aurrekontua izango luke, eta Landakoko bizilagunekin landuko da. “Behin betiko proiektua auzotarrek diseinatuko dute auzoko batzarretan”, adierazi du Molinuevok.

Bigarren obrak, berriz, Bañueta kiroldegiaren barrualdea eraberritzea eta birbanatzea proposatzen du. Proiektu horrek espazio berriak sortu nahi ditu kirol-instalazioan, herritarrek hautemandako beharrei erantzuteko, ikasgelak edo itxaroteko edo atseden hartzeko topalekuak, besteak beste. Udal Dantza Eskolarako lekua eta Bañuetan aritzen diren klub eta elkarteen lokalak ere hobetuko dira. Lanek 1.604.278 euroko inbertsioa eskatuko lukete.

“Une honetan, Amurrio Udal Ekipamenduen Plana egiten ari da, eta, beraz, prozesu horretatik ateratzen diren ondorioek Bañueta kiroldegiaren barruan beste espazio batzuk hobetu daitezkeela ikusteko balioko dute, betiere hobekuntzen ardatz nagusitzat zaintzak eta herritarren kontziliazioa hartuta”, azaldu du Molinuevok.

Martxoaren 22an eta 23an Tubos Reunidos-en ondoko bidea itxita egonga mantentze-lanak direla eta

  • Lan horietan tona askoko hodiak konpondu eta aldatuko dira.

Amurrioko Tubos Reunidos altzairutegiaren ondoko pista itxita egongo da martxoaren 22an eta 23an, tona handiko hodi batzuk konpontzeko eta aldatzeko egin behar diren mantentze-lanengatik.

Mantentze-lanak egiteko, Ruperto jatetxearen ondoko aparkalekuaren parean dagoen bidera joan beharko da. Bidearen bi muturrak hesiz itxita egongo dira, printzipioz, datorren astelehenean eta asteartean.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.