Amurriok San Roke 2026ko Abereen Erakusketarako eta Etxeko Produktuen Salmentarako izen-emateak ireki ditu

Amurriok San Roke 2026ko Abereen Erakusketarako eta Etxeko Produktuen Salmentarako izen-emateak ireki ditu

  • Eskaerak uztailaren 1etik 29ra aurkeztu ahal izango dira, abuztuaren 16an ospatuko den San Roke jaietako hitzordurik enblematikoenetako batean parte hartzeko.

Amurrioko Udalak 2026ko San Rokeko Abereen Erakusketa eta Etxeko Produktuen Salmentan parte hartzeko izena emateko epea ireki du. Erakusketa abuztuaren 16an izango da, San Rokeko zelaietan. Interesa duten abeltzainek eta ekoizleek eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte uztailaren 29ra arte, bai telematikoki, udalaren egoitza elektronikoaren bidez, bai aurrez aurre, Udalaren Erregistroan.

Erakusketak inguruko abeltzaintza sektorearen ordezkaritza zabala bilduko du berriro ere, Araba eta Bizkaiko udalerrietako ustiategien parte hartzearekin. Hala ere, Arabako Foru Aldundiaren Abeltzaintza Zerbitzuak 2026rako ezarritako osasun-baldintzak direla eta, aurten ez dira baimenduko behi-aziendaren kontzentrazioak. Hori dela eta, erakusketan ardiak, ahuntzak, haragitarako eta zaldi-aziendak, eskortako hegaztiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste etxe-espezie arrunt eta ez-arrunt batzuk egongo dira.

10:00etatik aurrera irekiko da eta azoka 14:00ak arte luzatuko da. Animaliak 8:00etatik 10:00etara sartu beharko dira, osasunari eta animalien ongizateari buruz indarrean dagoen araudia zorrotz betez, eta jabeak izango dira egun osoan zehar haiek zaintzeko arduradunak.

Aurreko edizioetan bezala, Udalak parte-hartzaileei dagozkien dietak ordainduko dizkie, espezie bakoitzarentzat ezarritako oinarrien arabera, eta, horrez gain, oroigarri bat emango die beren abereak erakusten dituztenei. Antolatzaileek animaliak edo ustiategiak aldez aurretik aukeratu ahal izango dituzte, baldin eta inskripzio-kopuruak arraza edo espezie bakoitzaren ordezkaritza egokia bermatzeko aurreikusitako edukiera gainditzen badu. Ganadu erakusketarekin batera, etxeko produktuen salmenta tradizionala izango da jardunaldian, bertako ekoizpenari eta gertuko elikagaiei balioa emateko gunea. Saltokiek ezarritako higiene- eta osasun-baldintzak bete beharko dituzte, eta espresuki debekatuta dago produktuak berriz saltzea.

Ekimen honen bidez, Amurrioko Udalak bizirik mantentzen du San Roke jaietako ekitaldirik adierazgarrienetako bat, eta lehen sektorea, bertako arrazen kontserbazioa eta inguruko ekoizleei laguntza ematea sustatzen ditu.

Amurrioko XXVII. Artzain Eguna datorren irailaren 19an ospatuko da

Amurriok iraileko hitzordu berezienetako bat berreskuratu du irailaren 19an ospatuko den Artzain Egunarekin. Egun horren ospakizuna sektoreari bultzada emateko bereziki dago pentsatuta, aurten batez ere. Hala ere, egun horrek ez du aurreko urteetako ospakizunekin zerikusi handirik izango.

Programazioa osasun agintariek ezarritako segurtasun neurrietara egokitu da, eta, beraz, ez dira ohiko jarduera gastronomikoak izango, dastatzeak eta gazta lehiaketa, besteak beste. Gainera, antolatutako ilea mozte, artzain-txakur edo dantza erakustaldiak, edukiera kontrolatuta eta segurtasun-tartea gordeta egingo dira, eta bertaratzen direnek eserita egon beharko dute.

Ohitura denez, Artzain Egunaren aurretik, irailaren 18an, larunbatean, 12:00etan XVII. Kanpai kontzertua egingo da. Igandean, 11:30ean, ongi etorria egingo zaie aurten omendutako artzainei: Ziorregiko Loli Abin Guaresti (Inoso), Jose Manuel Bilbao Elorza (Altube), Nieves Martínez de Albeniz Ubago eta Angel Mª Saez de Zuazaola Martinez de Lizarduy (Araia).

 

XXVII. Artzain Eguneko programazio osoa

LATXA ARRAZAKO ARDI-AZIENDAREN PROBINTZIARTEKO XXVII. LEHIAKETA. 10:00etatik 14:30era parkean.

- Esne-ekoizpeneko Arabako aurpegi beltzeko eta aurpegi argiko artalderik onenen erakusketa.

- Eskualdeko esne-kontroleko ardirik onenen erakusketa.     

- Sasi ardi arrazako, Euskal Herriko Babes Bereziko arraza autoktonoko, ardien erakusketa.

IDIAZABAL J.D. ARTZAIN GAZTAREN XIV LEHIAKETA. Ruperto Casanueva Memoriala.

10:00etatik 14:30era, Juan Urrutia Plazan.

ETXEKO PRODUKTUEN SALMENTA ETA ERAKUSKETA

10:00etatik 14:30era, San Anton Plazan.

ARGAZKI ETA ETNOGRAFIA ERAKUSKETA.

10:00etatik 14:30era Guk Pasealekua.

ONGI ETORRIA ARTZAIN OMENDUEI.

11:30ean, Juan de Urrutia Plazan.

GAZTAGINTZA ERAKUSKETA.

12:00etatik 12:30era, Juan de Urrutia Plazan.

MOZTE-PROBA TRADIZIONALAREN ETA ZEELANDABERRITARRAREN ERAKUSKETA.

12:30etik 13:30era udal parkean.

OMENALDIA ARABAKO ARTZAINARI.

13:30ean, Juan de Urrutia plazan.

SARI-BANAKETA.

13:30ean, Juan de Urrutia Plazan.

ARTZAIN TXAKURREN XXII. ERAKUSTALDIA, JUSTO FURUNDARENA MEMORIALA.

18:00etan, Picaza Zelaiaren aurrean, Udal Igerilekuen ondoan.

Amurrioko Udalak XXX. Nekazaritza Azokan izena emateko epea ireki du

Amurrioko Udalak XXX. Nekazaritza Azokan izena emateko epea ireki du

  • Interesa duten ekoizleek uztailaren 29ra arte aurkeztu ahal izango dute eskaera, abuztuaren 14an egingo den azokan parte hartzeko.

Amurrioko Udalak XXX. Nekazaritza Merkatuan parte hartzeko izena emateko epea ireki du. Azoka abuztuaren 14an izango da, eta udalerria lehen sektoreko ekoizleen eta tokiko eta kalitatezko produktuen alde egiten dutenen topagune bihurtuko da berriro.

Euskal Herri osoko ekoizleek parte hartu ahal izango dute, zuzeneko ekoizleak direla egiaztatzen badute eta landa-munduarekin lotura badute. Era berean, beste autonomia-erkidego batzuetako ekoizleek ere eman ahal izango dute izena, baldintza hori betetzen badute.

Postuak izen-ematearen ordenaren arabera esleituko dira, dagoen edukiera osatu arte, baina lehentasuna izango dute Amurrioko asteroko nekazaritza-merkatuko ohiko ekoizleek; gero, Aiaraldea eskualdekoek; eta, azkenik, merkatuaren eskaintza dibertsifikatzen laguntzen duten proposamenek. Gainera, lehentasuna emango zaie norberak egindako nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuei, artisau-produktuen aldean.

Eskaerak uztailaren 29ra arte aurkeztu ahal izango dira Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, Amurrioko Udaleko Erregistroan aurrez aurre edo posta arruntaren bidez. Behar den dokumentazioa eskaera-inprimakia da, behar bezala beteta, inprimakian bertan eskatzen den dokumentazioarekin batera.

Azoka 9:00etatik 14:30era egongo da zabalik. Parte-hartzaile guztiek antolatzaileek ezarritako higiene, osasun eta funtzionamendu-baldintzak bete behar dituzte, eta produktuak behar bezala etiketatzen eta aurkezten direla bermatu behar dute. Era berean, identifikazio-etiketek euskaraz idatzita egon beharko dute.

Aurreko edizioetan bezala, erakusketariek 25 euroko dieta jasoko dute, baldin eta beren postuak jaiaren eta folklore tradizionalaren gaien arabera apainduta eta girotuta badaude. Azoka egin eta hurrengo astetik aurrera ordainduko da.

Udalak gogorarazi du erabat debekatuta dagoela birsalmenta, merkatu horren helburua baita ekoizleen lana balioan jartzea eta herritarrei produktu horiek lantzen edo ekoizten dituztenek zuzenean egindako hurbileko produktuak gerturatzea.

Nekazaritzako Merkatuaren edizio berri honekin, Amurriok berretsi egiten du lehen sektorearekin, hurbileko kontsumoarekin eta tokiko nekazaritzako elikagaien sustapenarekin duen konpromisoa, eta jarduera ekonomikoa dinamizatzen eta landa-inguruneari lotutako tradizioak zaintzen laguntzen du.

 

Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (XXX. Nekazaritza merkatua. OINARRIAK.pdf)Nekazaritza merkatua. OinarriakNekazaritza merkatua. Oinarriak1830 kB14-07-26 07:42

Amurrioko ekoizleek bat egin dute 'Aiaraldea dendatik etxera' ekimenarekin

  • Orain arte, ostiraletako merkatuko 6 postuk egin dute bat proiektuarekin; produktuen banaketa ostiraletan egingo da, 14:00etatik 16:00etara.
  • Esperientzia honetan parte hartu nahi duten Amurrioko herritarrek online dagoen inprimaki bat bete beharko dute.

Amurrioko ekoizleek bat egin dute Aiarako Kuadrillak Amurrioko eta Laudioko Udalekin batera diseinatutako ‘Aiaraldea dendatik Etxera’ ekimenarekin. Ekimen horren helburua herriko dendetan kontsumoa bultzatzea da. Horregatik, esperientzia horren bidez etxeetara eramango dira egindako eskaerak.


Guztira, gaur arte, ostiraletako merkatuko 6 ekoizlek egin dute bat ‘Aiaraldea dendatik Etxera’ ekimenarekin, Quesería Karobi, Quesos Aguiñiga, Burutxaga hestebeteak, Pasteleria Arantzazu, Lureder eta Ziorregi S.C., Amurrioko eta eskualdeko 0Km produktuaren kontsumoa sustatzeko beste pauso bat. Zabalik dago proiektu horren parte izateko izena emateko epea. Beraz, nahi dutenek bat egin ahal izango dute.


Horrela, herriko ekoizleek bat egin dute irailetik ‘Aiaraldea dendatik Etxera’ ekimenaren parte ziren herriko saltokiekin: Industrias cárnicas Burutxaga, Boga Boga arrandegia, Alberto Otegui arrandegia, Goxe Berri eta San José S.C. haragitegia.


Esperientzia pilotu honetan parte hartu nahi duten herritarrek webgune honetan online dagoen inprimakia bete beharko dute: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScR5kxcysdfK0ScI6I2rv_NQxXLdKGUuqieqPqu2-I3gB18Hw/viewform

Negozio bakoitzak adieraziko ditu eskaerak egiteko prozedura eta ordaintzeko moduak. Zerbitzu hori erabili ahal izateko, establezimendu bakoitzean gutxienez 10 euroko erosketa egin beharko da.


Banaketa horiek ez dute kosturik izango herritarrentzat, eta asteazkenetan eta ostiraletan egingo dira, 14:00etatik 16:00etara, eta ordu-tarte horren barruan noiz jaso nahi den eskaera aukeratu ahal izango da. Merkatuko ekoizleen kasuan, banaketa ostiraletan bakarrik egingo da.

Amurrioko Udalak “Amurrio” izeneko ehiza-barrutia berritzeari ekin dio

Amurrioko Udalak “Amurrio” izeneko ehiza-barrutia berritzeari ekin dio

  • Hasierako eremuan sartutako lurren jabeek dokumentazioa kontsultatu eta oharrak aurkeztu ahal izango dituzte ekainaren 30era arte

Amurrioko Udalak “Amurrio” izeneko VI-10068 ehiza-barrutia berritzeko eta eguneratzeko prozesua hasi du Ehiza-barrutiaren titularra da, eta Aloria, Amurrio, Larrinbe, Lekamaña eta Lezamako zati bat hartzen ditu.  Jarduera hau ehiza-kudeaketako egungo kontratuaren indarraldia amaitu aurreko kudeaketetan kokatzen da.

Ehiza-barruti horrek aukera ematen du ehiza aprobetxamendua arautzeko, segurtasun eta erreserba eremuak mugatzeko eta nekazaritzako kalteekin eta bide-segurtasunarekin lotutako gorabeherak kudeatzeko esparru antolatu bat izateko.

Barrutiaren etorkizuneko eremua osatuko duen azalera hasiera batean zehaztu ondoren, Udalak, orain, eraginpeko herrietan kokatutako lursailen jabeei zuzendutako informazio-aldi bat irekiko du. Prozesu horretan, barrutian azalerak sartzeak dakartzan ezaugarriak eta baldintzak ezagutu ahal izango dituzte, Ehiza Antolatzeko Plan Teknikoak ezarriko duenaren arabera.

Interesa dutenek Amurrioko Udaleko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendien Arloan kontsultatu ahal izango dituzte agiriak eta prozesu honi buruzko informazioa jaso, ekainaren 30era arte, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.