Amurriok bat egiten du Berdindu! zerbitzuaren Manifestuarekin, LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu-Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta

Aurten berirro ere Ekainaren 28an, LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, eskubideak eta bizikidetza aniztasunetik aldarrikatzen ditugu eta kolektibo horren eskubideak eta askatasunak onartzeko lortutako aurrerapenak ospatzen ditugu.

Eusko Jaurlaritzaren LGTBIQ+ kolektiboarentzako Informazio eta Laguntza Zerbitzua den Berdindu zerbitzu publikoak, eskerrak eman nahi ditu ahaleginak batu dituzten pertsona guztiei sexu- askapenaren aldeko borrokaren alde, eta, gaur egun, gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko lana antolatzen eta gauzatzen jarraitzen dutenei.

Iaz, Ekaini, Basauriko gay mutil bati, egindako eraso bortitza salatu genuen, bai eta Samuelen heriotza ere. Samuel kolpeka hil zuten A Coruñako itsas pasealekuan, bere sexu-orientazioagatik.

Zoritxarrez, eraso homofoboak izaten jarraitzen dute gaur egun.

Duela egun batzuk jakin genuen Yeissonek eta Brayanek, bikote gay migratzailea, herriko gazte batzuen eraso homofobo eta xenofoboa jasan zutela Billabonara iritsi eta ia hilabetera. Edo Gallartako jaietan gazte bati egindako eraso homofoboa.

Baina dena ez dira albiste txarrak.

Aurten, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzeko legea onartu dela opatzen dugu; lege horrek eskubide gehiago bermatzen dizkie LGTBIQ+ pertsonei, batez ere trans kolektiboari, eta erregistro-aldaketak egitea ahalbidetzen du, kolektibo horren indarkeria instituzionala sustatzen duten txostenen beharrik gabe. Gainera, administrazio-zehapenak ezartzen dizkie bihurketa-terapiak sustatzen dituzten erakundeei eta intersexei mutilazio genitalak egiten dizkieten profesionalei.

Testuinguru horretan ekainaren 28ak garrantzi handiagoa dauka. eta Berdindutik gizartea animatu nahi dugu, gorroto-diskurtsoetan eta giza eskubideen urraketa egoera horien aurrean, esku hartu eta ozen sala ditzaten.

Badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, neurri batean, euskal gizarte osoak komunitate bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko egin duen lanari esker.

Horregatik, sentsibilizazio eta aldarrikapen ekitaldiekin bat egiteko eskatzen diegu pertsona guztiei, leiho eta balkoietatik kolore askotako banderak zintzilikatuz, gaur aniztasunaren aldeko eguna dela ikusaraziz.

Eskerrik asko

AZAROAREN 25ERAKO AMURRIOKO UDALAREN ADIERAZPENA, 2022KO EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN AURKAKO EGUNA DELA ETA

Sexu-jazarpena eta emakumeen aurkako beste sexu-indarkeria                    

mota batzuk espazio publikoetan

Azaroaren 25ean emakumeen beraien eskubidea aldarrikatu nahi dugu, espazio publikoa berdintasun-baldintzetan erabiltzeko eta horiez gozatzeko, herritartasun osoari dagokien eskubideak bermatze aldera. Hitz batez, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzea.

Azaroak 25 hau beraz, indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

Emakume askok aurrerapenak lortu dituzte, banaka egindako ahalegin tematiaren bidez; bai eta mugimendu feministek eta beste erakunde batzuek egindako lanaren bidez ere, espazio publikoak eta pribatuak gizonen eta emakumeen artean banatzeko dikotomia gainditzeko helburuarekin. Hala ere, bi aldeen arteko desberdintasuna agerikoa da oraindik, batzuek eta besteek bizitza publikoan parte hartzeko izan dezaketen erabileran, bai eta gure hirietako eta herrietako kaleez gozatzeko eta haiez jabetzeko orduan ere.

Berdintasunezko erabilera hori murrizten duten mekanismo anitzen artean, sexu-indarkerian jarri nahi dugu fokua; izan ere, mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari dira.

Emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria, indarkeria matxista normalizatuaren testuinguruan, helburu argia du, funtzio sozial zehatz bat: emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea, hain zuzen ere. Zehazki, jai- eta aisialdi-testuinguruetan gertatzen den sexu-indarkeriak emakumeen sexualitatea kontrolatzeko funtzio hori betetzen du. Era berean, haien nahia, gorputza, mugikortasuna, espazio publikoko okupazioa, gizarte-harremanak eta berdintasun baldintzetan gozatzeko eskubideak kontrolatzea ere.

Beraz, euskal politika publikoen eta administrazioen betebeharra eta helburua da eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, emakumeek eta neskek beren herritartasun osoa gauzatu ahal izateko gure hiri eta herrietako espazio fisikoan, eta horiek erabiltzea, berdintasun-baldintzak bermatuta.

Kontuan izan behar dugu erreklamatutako eskubidea ez dela segurtasunera mugatzen, baizik eta espazio batean bizitzeko sarbidera eta askatasunera zabaltzen dela; sozializatzeko, bere egiteko eta eraldatzeko, emakumeen eta nesken interesen, nahien eta beharren arabera.

Toki-administrazioei dagokie, beren politika publikoen eta hiri-plangintzaren bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku lagunkoi bihurtzea.

Nazio Batuen Erakundearen ekimenak, «Hiri seguruak eta espazio publiko seguruak», espazio publiko seguruak eta ahalduntzaileak sustatzen du emakumeentzat eta neskentzat, sexu-jazarpenik eta bestelako sexu-indarkeriarik gabe, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri-Itunaren ildotik.

 

 

Esparru horretan, Amurrioko Udalak bere gain hartzen ditu konpromiso hauek:

  1. Indarkeria digitala prebenitzeko eta erantzuteko estrategiak landuko ditu, indarkeria matxisten egungo egoeraren analisiari erantzuteko.
  2. Jai giroan ematen diren erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokoloa berritzeko/sortzeko, eta hau Mugimendu Feministarekin eta Jai Batzordearekin batera egiteko konpromisoa hartzen du.
  3. Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abian jarriko ditu, hainbat gai jorratu ahal izateko, besteak beste, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab., 10 urtetik gorako neskei eta nerabeei zuzendutako autodefentsa feministako tailer iraunkorrak ere jasoz.
  4. Mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituak abiatzeko konpromisoa hartzen du, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean; eta horretarako programa zehatzak aktibatzeko konpromisoa ere hartzen du.
  5. Indarkeria matxistari buruzko informazio baliabideen berri ematea, batez ere 900840111 telefonoa zabaltzea, edozein erabaki hartu aurretik, informazioa izateko. Informazioa toki guztietara zabalduko da, baita udal aldizkarien bitartez ere.
  6. Jaietako kanpainetan, fokoa emakumeen gain jarri beharrean, erasotzaileen gain jartzea, arazoa beraiek direla argi izateko.
  7. Udal-ordenantzetan genero-eragina landu.
  8. Era sakonean ezagutzea emakumeei espazio publikoa ukatzeko modu anitzak, tokiko politiken diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko.
  9. Lege eta politika integralen ezarpen eraginkorra bultzatzea, espazio publikoetan sexu-indarkeriari aurrea hartzeko eta erantzuteko. Eta, era berean, gaitasunak, sentsibilizazioa, komunitate-mobilizazioa eta beste estrategia batzuk garatzea.
  10. Aldaketak bultzatzea jarreretan eta portaeretan, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko dituzten eskubideak bermatze aldera. Hori gauzatzeko, errespetuzko genero-harremanak, genero-berdintasuna eta segurtasuna sustatzea espazio publikoetan.
  11. Inbertsioak sustatzea, espazio publikoetan hautemandako segurtasun errealari dagokionez; genero-ikuspegia ziurtatzea hiri-plangintzan, emakumeen beharrizanak kontuan har daitezen.
  12. Berdinsarea tokiko jardunbide sare gisa indartzea, ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza-trukea errazteko. Eta hiri eta herri seguru eta inklusiboak lortzeko, emakumeentzat eta neskentzat.
  13. Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru-aldundiekin besteak beste; gizarte-taldeekin, feministekin, ere, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko.

Amaitzeko, dei egiten diegu herritarrei azaroaren 25aren kanpainaren barruan antolatutako ekintza guztietan parte hartzera.

Amurrioko Udalak indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazioa, prestakuntza eta ekintza lantzen jarraitzen du

Amurrioko Udalak, indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzeko eta prestatzeko neurri praktikoak hartzeko urratsak ematen jarraitzen du. Ekintza horiek guztiak talde politiko denek adostu zituzten joan den hilaren amaieran egindako berdintasuneko azken mahaian. Lan-saio horri esker, udal-eremura irits daitezkeen arazoei nola heldu hausnartu ahal izan da, bai Udal barruan, politikarien edo lan-kontratuko langileen artean, bai herritarren artean.

Horretarako, udalak hiru neurri proposatzen ditu. Alde batetik, Herritarren Arretarako Zerbitzuaren prestakuntza-neurrietan zelan sakondu aztertuko da, eta zerbitzu hori izango da herritarren kexak eta salaketak aurkezteko bidea. Gainera, berdintasunari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko prestakuntza udal-langile guztiei zabalduko zaie, baita politikariei ere, Udal osoaren eta herritarren beharra dela jakinda. Azkenik, indarkeria matxista eremu guztietan salatzeko apustu sendoa egiten jarraituko da, egungo gizartearen egitura matxistan guztiok ditugun ideien, pentsamenduen, jarreren eta portaeren alternatibak identifikatzeko.

Amurriok mural parte-hartzailea inauguratuko du Azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean

Amurrioko Udaleko Berdintasun Sailak astebeteko jarduera egitaraua antolatu du Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren inguruan. Programazioa bihar hasiko da “Beldur Barik jarrera Aiaraldea 2022” lehiaketaren sari banaketarekin, eta azaroaren 25ean egun hori dela-eta egindako horma-irudia inauguratuko da Frontoi kaleko etxebizitza baten fatxadan.

Horma-irudia emakume eta neska talde batek egindako elkarlanaren emaitza da eta indarkeria matxistaren gaitzari buruzko eta gizarteak indarkeria horri aurre egiteko dituen tresnei buruzko gogoeta sortu nahi du. Irudian, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz aldarrikapen-hitzak irakur daitezkeen hiru zinta zintzilik dituen giltza bat altxatzen duen gazte bat islatzen da. Giltzak eta hari dagozkion zinta korapilatuek desberdintasuna eta indarkeria nagusi diren munduaren kaosa, bidegabekeria eta egoera absurdua irudikatzen dute.

Irudiaren atzean indarkeria matxistaren kontrako zirkulu morea dago, horizontetik desagertuz. Izan ere, egunen batean ez da beharrezkoa izango indarkeriaren aurka gaudela gogoraraztea, indarkeria baztertu, prebenitu, saihestu eta desagertu egingo da. Paisaia abstraktu horretan hegan eginez, azaroaren 25a deklaratzeko arrazoia gogorarazten duten hiru tximeleta ageri dira. Patria, Minerva eta María Teresa Mirabal, “Tximeletak” ezizenez ezagunak. Rafael Leonidas Trujillo (1930-1961) Dominikar Errepublikako diktadore ankerrari aurre egin zioten eta euren bizitzekin ordaindu zuten, emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokaren ikur bihurtuz.

 

Egitarau osoa:

Azaroaren 18an: 18:00etan, “Beldur Barik jarrera Aiaraldea 2022” sari banaketa Amurrio Antzokian. Doan, leku guztiak bete arte.

Azaroaren 19an: 18:00etan, “Eso no es amor” Marina Marroquíren bakarrizketa. 14 urtetik gorakoentzat gomendatua. Amurrio antzokia. Doan, leku guztiak bete arte.

Azaroaren 25ean: 18:00etan, frontoi kaleko horma-irudi  parte hartzailearen inaugurazioa eta Zankueta Abesbatzaren emanaldia.

19:00etan, Amurrioko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa

Azaroaren 26an: 20:00etan, “Pioneras” dantza ikuskizuna. Amurrio Antzokia. 8 €

Amurriok “Askatasunerako giltza” horma-irudiaren inaugurazioarekin ospatuko du Azaroaren 25a

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean, Amurrion urteko 365 egunetan arrastoa utziko duen jarduera berezia egingo da. Horma-irudi parte-hartzailea inauguratuko da, indarkeria matxistaren gaitzari eta horri aurre egiteko ditugun tresnei buruzko gogoeta eragiteko.

“Askatasunerako giltza - Llave a la libertad - مفتاح الحرية” izeneko horma-irudia, indarkeria matxista zein kaltegarria den eta indarkeria horrekin amaitzeko gizarte osoaren inplikazioa zein beharrezkoa den gogoraraztea helburu duen emakume eta neska talde batek egindako elkarlanaren emaitza da.

Irudiak, giltza bat altxatzen ari den gazte bat erakusten du. Giltza horretatik, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz aldarrikapen-hitzak irakur daitezkeen hiru zinta daude zintzilik. Giltzak eta hari dagozkion zinta korapilatuek desberdintasuna eta indarkeria nagusi diren munduaren kaosa, bidegabekeria eta egoera absurdua irudikatzen dute.

Irudiaren atzean indarkeria matxistaren kontrako zirkulu morea dago, horizontetik desagertuz. Izan ere, egunen batean ez da beharrezkoa izango indarkeriaren aurka gaudela gogoraraztea, indarkeria baztertu, prebenitu, saihestu eta desagertu egingo da. Paisaia abstraktu horretan hegan eginez, azaroaren 25a deklaratzeko arrazoia gogorarazten duten hiru tximeleta ageri dira. Patria, Minerva eta María Teresa Mirabal, “Tximeletak” ezizenez ezagunak. Rafael Leonidas Trujillo (1930-1961) Dominikar Errepublikako diktadore ankerrari aurre egin zioten eta euren bizitzekin ordaindu zuten, emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokaren ikur bihurtuz.

Aingurak, Amurrioko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana, 4 ardatzetan oinarritzen da

Amurrioko Udalak Aingurak aurkeztu du, Amurrioko V. Berdintasun Plana. Laneko 4 ardatzetan oinarritzen da eta herritarren inplikazioa bilatzen du. Planak udal-kudeaketaren erdigunean jarriko ditu berdintasun-politikak, eta landuko dituen ardatzak, Gobernu Ona, Emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren Ahalduntzea, Ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea eskubideak bermatzeko eta  emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren indarkeriarik gabeko bizitzak dira.

“Amurrioko Udalaren 2022-2025 Berdintasunerako V. Planak, Udalak berdintasunaren alde duen konpromiso sendoa erakusten du. Aingurak, gero eta libreagoa eta berdintasunezkoagoa den gizarte baten alde modu aktiboan lan egiteko apustu estrategikoa da. Gure gizartean oraindik ere existitzen diren eraso eta indarkeriei aurre egiteko apustua da”,  azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Amurrioko Berdintasun Plan berriak izen propioa du, Aingurak, eta izen horrek erronka horren garrantzia eta konpromisoa islatzen ditu. Aingurak mugimendu feministaren borrokatik eta lanetik, eta eragile sozial, politiko eta erakundeen aldetik, eraikitako oinarri sendoetatik sortutako plana da. Baina etorkizunerako deia ere bada, guztion artean berdintasunerako oinarri sendoak sortzen, eusten eta zaintzen jarraitzeko. Agenda pertsonal, sozial eta politiko partekatu berria.

Gainera, Aingurakek sinbolo bat du, eta sinbolo horrek pertsonak eta kolektiboa ainguratze-puntu nagusi gisa islatzen ditu; pertsonen arteko lokarria; eskuak kolore desberdinetan elkartuta, gizarte plurala eta anitza; heldulekuak, taldeari indarra ematen dioten aingurak, oinarriak, dira; eta “GUK”-en eskultura gogorarazten duen forma, elkar besarkatzea eta lotzea.

Laneko ardatzak

Aingurak, Berdintasunerako V. Plana laneko lau ardatzen arabera egituratuko da. Horietako bat Gobernu Onaren ardatza da. Horren bitartez, neurri politikoak hartzen dituzten eragile guztiek genero-berdintasunaren ikuspegia txertatu behar dute politika guztietan, maila eta etapa orotan; hau da, genero-ikuspegia txertatu behar dute erabaki eta ekintza guztietan, ez soilik politikoetan, baita teknikoetan ere.

Ardatz honen ildo nagusien artean hauek daude: berdintasunarekiko konpromisoa erakustea jendaurrean, hori bultzatuko duten egiturak sortzea, hala nola udalbatzako alderdi politiko guztiak inplikatuta dauden Udaleko mahai politikoa (hori ekintzak modu kolektibo eta gardenean bultzatzeko bermea da), eta, azkenik, generoari buruzko prestakuntza eta gaikuntza.

Planaren beste ardatz estrategiko bat emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren ahalduntzea da, eraldaketa indibidual eta kolektiborako tresna. Planak, besteak beste, hauek zehazten ditu: emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboari ikuspegi feministatik laguntzeko programak, Amurrioko Emakumeen Sarea indartzen lagunduz, betiere euren prozesua errespetatuz; sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzekin jarraitzea LAIAren, Arabako Emakumeen Berdintasunerako eta Ahalduntzerako Eskola barne hartzen duen Arabako Lurraldeko Eragileen Sarearen, esparruan; sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegi inklusiborantz aurrera egiteko ekintza berriak; guraso-elkarteetako eta ikastetxeetarako hezkidetzako eta sexu-hezkuntzako prestakuntza; eta Amurrioko emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren memoria historikoa berreskuratzeko ekintzak.

Ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea eskubideak bermatzeko ardatza zaintzan oinarrituko da. 2019az geroztik, Amurrioko Udala zaintzen ikuspegiak udal ekintza gidatzeko eta bizitza erdigunean jarriko duen eredurako trantsizioa ahalbidetzeko ardatz bihurtzeko prozesuan ari da lanean. Eta Berdintasun Plan berri horrek osatu eta sendotu egiten du zaintzak erdigunean jartzeko helburu hori.

Horretarako, Aingurakek hainbat ekintza zehatz jasotzen ditu, hala nola: Zaintzak Administrazioan zenbateraino sartu diren jakiteko irizpideak definitu eta lehenetsiko dituen Udal barruko lantalde bat, etorkizunean udal-jarduera eta -politika publikoen diseinua eta ebaluazioa gidatu ahal izateko; zaintza-politikak gauzatzeko eta zaintzak erraztuko dituzten faktoreak barne hartuko dituzten jarduerak eta programak abian jartzeko barne-prestakuntza eta -gaikuntza; zaintzaren arloko udal-jarduerak eta -politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko tresna baten sorkuntza; eta tresna hori abian jartzea, plan, programa, jarduera eta kontratazioetan zaintza-irizpideak zenbateraino txertatu diren baloratzeko.

Azkenik, Emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak ardatzaren helburua prebentzioa eta indarkeria matxistetatik bizirik irtetea lortu duten pertsonak modu integralean artatzea da, arazoa guztiz gainditzea lortu arte. Horretarako, sentsibilizazio-ekintzak egingo dira Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan, “Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntza Hobea emateko Erakundeen arteko Jarduera eta Koordinaziorako Udal Protokoloa” berrikusi, eguneratu eta hobetu egingo da, prestakuntza-saioak eta ekintzak egingo dira ikastetxeetan, LGBTIQ+ kolektiboko pertsonen aurkako indarkeria matxistaren kontzientzia hartzeko, sentsibilizatzeko eta prebenitzeko, eta Beldur Barik programa udalerriko ikastetxeekin sustatu eta koordinatuko da.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.