Amurriok horma-irudi parte-hartzailea egingo du Azaroaren 25ean

Amurrioko Udalak herritarrak inplikatu nahi ditu azaroaren 25a, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna, dela eta. Horretarako, horma-irudi bat sortuko da, eta horma-irudia egiteko amurrioarren parte-hartzea lortu nahi da.

Horma-irudia egin aurretik, partaidetza saioak egingo dira bi astez, Verónica Werckmeister horma-irudigile esperimentatuak gidatuta. Saio horietan horma-irudiaren azken zirriborroa egiteko eta udalerriko fatxada batean hura sortzeko aukera emango duten ideiak bilduko dira bi astez. Aurkezpeneko lehen saioa urriaren 5ean izango da, 18:00etan, Udaletxean, eta izen-ematea Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean egin ahal izango da.

Amurrio kolorez bete da, sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazteko oroimenezko horma-irudi batekin

Amurriok oroitzapenezko horma-irudi bat du aste honetatik aurrera Dionisio Aldama kalean, urteko 365 egunetan sexu- eta genero-aniztasuna ikusgai egon dadin.

Artelana herriko Raisa Álava Robina artistak egin du, eta Amurrioko Udalak E28 LGTBIQA+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren inguruan bultzatu duen sentsibilizazio-kanpainaren parte da. Horma-irudi koloretsuak tandem batean doazen hiru pertsona islatzen ditu, kolektiboa irudikatzen duen bandera goialdean dutela.

Ekimen horiek abian jartzearen helburua “LGTBIQA+ pertsonen eskubideak zaintzea eta, aldi berean, udalerriko sexu- eta genero-aniztasuna ikusaraztea da. Amurrioko Udalak berdintasunarekiko eta aniztasunarekiko konpromiso sendoa du, eta udalerri aske eta segurua izatera bideratzen ditugu gure ahaleginak”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Amurrioko Udalak AINGURAK, udalerriko V. Berdintasun Plana onartu du

Amurrioko Udalak, atzo egindako osoko bilkuran, AINGURAK, udalerriak izango duen V. Berdintasun Plana, onartu zuen. Planak hiru urteko indarraldia izango du, 2025era arte. Planak herritarren aldez aurreko diagnostikoa jaso du, eta diagnostiko hori baliagarria izan da udalerriaren egoerari buruzko informazioa lortzeko eta dokumentu berria prestatzeko abiapuntua izateko.

AINGURAK onartzea aurrera pausoa da Amurrioko Udalaren berdintasun politiketan eta, lehen aldiz, Berdintasun Plan batek izena izango du. AINGURAKek hainbat ainguraketa, oinarri eta sustrai islatu nahi ditu, Plan berria eta berdintasun-politikak horien gainean finkatzeko.

Onartu berri den Planak “Gobernu Ona” izeneko lan-ardatz nagusi bat du. Ardatz hori hiru ardatz estrategikok osatzen dute, eta ardatz bakoitzak hainbat programa ditu, bakoitza bere ekintza eta helburuekin. AINGURAKen hiru ardatz estrategikoak hauek dira: “Emakumeak eta LGTBI kolektiboa ahalduntzea”, “Emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak” eta “Ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea, eskubideak bermatzeko”

“Onartu dugun Plana berdintasunerako politika publikoak aurrera eramateko konpromiso sendoa da. Dokumentu berriak desberdintasunak gainditzeko politikak sustatzen jarraitzeko beharrari erantzuten dio. AINGURAKen bitartez, herritarrak inplikatu nahi ditugu, baita udal osoa ere, barnetik”, azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Amurriok bat egiten du Berdindu! zerbitzuaren adierazpenarekin, Sexu-Askapenaren Nazioarteko Eguna dela eta

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere aldarrikatu nahi dugu euskal gizarteak afektibotasunari, sexuari eta generoari dagokionez aniztasunean bizitzeko daukan eskubidea. 53 urte dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirela. 1969ko ekainaren 28 hartan, manifestazio espontaneo eta bortitzak egin zituzten, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan poliziak egindako sarekadaren kontra. Maiz adierazten da istilu horiek lehen aldia izan zirela Estatu Batuetako historian, non LGTBI komunitateak matxinada egin zuen komunitatea Gobernuaren onespenarekin jazartzen zituen sistemaren aurka. Horregatik, LGBTI kolektiboaren eskubideen aldeko mugimendu garaikidearen hazitzat hartzen dira mundu osoan.


Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! Zerbitzuak- LGTBI kolektiboko kideei informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkienak- aitortza egin nahi die kolektiboak gaur egun dituen eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Halaber, ezin da ahanzturan erori aktibistek egin zuten eta egiten diharduten gizarte-eraldaketako lana.


Horrez gain, belaunaldi berriengan ere jarri nahi dugu arreta, oraindik ere lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde ari baitira lanean. Azkenik, aipamena egin nahi diegu gure lurraldearen mugetatik kanpo borrokan ari eta kolektiboari eragiten dioten Giza Eskubideen urraketen aurka altxatzen direnei. Berdindu! zerbitzuko kideon iritziz, erne egoten jarraitu behar dugu lurraldean gertatutako LGTBI kolektiboaren aurkako erasoen eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.


Gonbita luzatzen diogu euskal gizarteari denoi eragiten digun prozesu honetan esku hartzeko, kolektiboarentzat horren garrantzitsua den egun hau ospatzeko eta ez ahazteko Berdindu! zerbitzuak egunero diharduela lanean. Izan ere, gizarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak, eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea.


Azkenik, deia egin nahi dizuegu gaurko egunari ikusgarritasuna emateko eta gizartea sentsibilizatzeko antolatutako aldarrikapen ekitaldietan parte hartzeko, bai sare sozialen eta komunikabideen bidez, bai kaleetan. Txikia izanik ere, ekintza oro baita garrantzitsua aniztasunaren aldeko borrokan.

Amurrioko Udalak eraso matxisten aurkako protokoloa prestatu du

Amurrioko Udaleko Berdintasun Sailak hainbat hilabete daramatza lanean abuztuaren 12tik 17ra egingo diren herriko jaiei begira eraso matxistei erantzuteko protokoloa prestatzen. Landutako jarduketa-protokoloak eraso baten aurrean jarduteko oinarrizko zenbait jarraibide ezartzen ditu, eta tabernetan, txosnetan eta udalerriko hainbat leku estrategikotan egongo dira eskuragarri.

“Bi urte daramatzagu festak ospatu ezinik, eta badakigu jai-testuinguruak arau sozialak lasaitzen diren esparrua direla. Askatasunean, berdintasunean eta errespetuan gozatu nahi ditugu egun horiek. Ez dugu eraso matxistarik nahi, eta herritarrei inplikatzeko eta adi egoteko eskatzen diegu, Amurrion lekurik ez duten portaera mota horiek saihesteko”, adierazi du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Gainera, jaietarako prestatu den programazioan Berdintasun Sailak bultzatutako jarduerak egongo dira. Aurten ere eraso sexisten aurkako stand informatiboa izango dugu Larrinaga kalean, abuztuaren 12an, 19:00etatik 22:00etara eta abuztuaren 14an 21:00etatik 24:00etara. Standean indarkeria matxistaren arloko profesionalak egongo dira zalantzak argitzeko, informazioa, aholkua eta laguntza eskaintzeko eta, behar izanez gero, zuzeneko arreta emateko.

Beste urte batez preserbatiboaren erabilera sustatzeko, jaiekin bat egiten duen Gehitu zerbitzuaren laguntza ere izango dugu. Kanpaina horren helburua txosnetan eta jai-esparruetan osasunari eta prebentzioari buruzko informazioa banatzea da. Liburuxketan bildutako preserbatiboak banatuko dira. Horrela, erabiltzearen garrantziari buruzko informazioa emango da.

Beste jarduera bat, abuztuaren 13an, escape room-a izango da. Bertan, berdintasunaren bidera iristeko ebatzi beharko diren hainbat jolas egingo dira.

Azkenik, Udalak musika sexista baztertzeko, eta jaietan berdintasuna sustatzen duen musika bultzatzeko proposamen ez-sexistak dituen kantu-zerrenda egin du, eta tabernetara, txosnetara eta barraketara eramango ditu.

Amurrioko Udalak jaietan berdintasunez, askatasunez eta errespetuz gozatzeko eta parte hartzeko eskatzen die pertsona guztiei, eta herritar guztiei dei berezia egiten die inplikazioa eskatzeko eta pertsonen aurkako indarkeria baztertzeko, aurre eginez, erasorik gabeko jaiak izan ditzagun.

Amurrioko merkataritzak bat egin du LGTBIQA+ Harrotasunaren Egunaren sentsibilizazioarekin

LGTBIQA+ Harrotasunaren Eguna dela eta, Amurrioko Udalak eta Izan Amurriok herritarrak errealitate horren inguruan sentsibilizatzeko kanpaina bultzatu dute. Kanpainarekin batera, bihar, ekainean zehar gauzatzen ari den eta horma-irudi batekin amaituko den ‘Amurrio Harro’ programazioaren egun handia ospatuko da.

30 saltoki murgilduta daude gaurtik aurrera sentsibilizazio-kanpainan, LGTBIQA+ Harrotasunaren Egunari buruzko informazioa duten hainbat totem jarriz. Guztira 15 izango dira, eta kalean jarriko dira, parte hartzen duten saltokien aurrean. Alde batetik, LGTBIQA+ kolektiboaren mugarri edo pertsonaia bati buruzko informazioa aurkitu ahal izango da, eta, bestetik, siglen esanahia banakatuko da, horietako bakoitzak zer adierazten duen jakiteko.

Kanpaina honetan, herritarrak sentsibilizatzeaz gain, zozketa baten bitartez parte-hartzea lortu nahi da. Zozketa horretan, galdera batzuei erantzun beharko zaie. Galdera horien erantzunak totemetan egongo dira. Parte hartzeko txartelak saltoki parte-hartzaileetan egongo dira eskuragarri, eta, osatu ondoren, Kultur Etxean dagoen hautestontzian utzi beharko dira.

Ekainaren 30ean erantzun guztiak zuzen eman dituzten parte-hartzaileen artean sari-sorta hauek zozketatuko dira:

  • “Los 50 Queers que cambiaron el mundo” liburua, eta azaroaren 12an Amurrion antzeztuko den “Cris, pequeña valiente” antzezlanerako 2 sarrera.
  • “Moio: gordetzea ezinezkoa zen” liburua, eta azaroaren 12an Amurrion antzeztuko den “Cris, pequeña valiente” antzezlanerako 2 sarrera.
  • “Orgullo. La lucha por la igualdad del movimiento LGTBI+” liburua, eta azaroaren 12an Amurrion antzeztuko den “Cris, pequeña valiente” antzezlanerako 2 sarrera.

Establezimendu parte-hartzaileak: Aranoa zapatak, Kapritx, If hair nails & beauty, Eguiluz moda y color, Bai-bada, Telmer, Entre punto y puntada, Lur, Librería Sanz, Katibel, Centro óptico Josu, New Jolan, HIT, Selene frutadenda, Fotografía Arregi, Spiral, Karisma, Lambarri, Gancedo, Elektrohob, Olerki, Basualdo, Lilura, La rana turquesa, Madis, Susana estética, Modapiel, Luyando ópticos, Burutxaga haragidenda eta Poryekta.

‘Amurrio Harro’ Eguna

Ekainean zehar, Amurrio erabat murgilduta egongo da ekainaren 28aren, LGTBIQA+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren, inguruan egiten ari den aldarrikapen ugarien egitarauan. Erakusketa bat, tailerrak eta zine foruma izan dituen programazioa bihar amaituko da, ospakizunaren egun handiarekin. Bertan, besteak beste, erakusketak, ahalduntze-tailerrak, zinema eta antzerkia izango ditugu. 90 lagun bilduko dituen bazkari herrikoia ere egingo da Juan Urrutia parkean.

Gainera, joan den asteburuan udalerriko hainbat eserleku LGTBIQA+ kolektiboaren koloreekin margotu ziren. LGTBIQA+ Harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin amaitzeko, datorren astean Raisa Álava herriko artista oroimenezko horma-irudi bat margotzen hasiko da, urteko 365 egunetan sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazteko.

“Amurrio udalerri konprometitua, segurua eta anitza izatea nahi dugu. Eta horie serlekuen margotzearen, “Amurrio Harro” bezalako programazioaren edo artearen bitartez komunikatzea eta sentsibilizatzea bilatzen duen oroitzapenezko horma-irudiaren bitartez egingo dugu” azaldu du Txerra Molinuevo Laña, Amurrioko Alkateak.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.