Amurriok “Askatasunerako giltza” horma-irudiaren inaugurazioarekin ospatuko du Azaroaren 25a

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean, Amurrion urteko 365 egunetan arrastoa utziko duen jarduera berezia egingo da. Horma-irudi parte-hartzailea inauguratuko da, indarkeria matxistaren gaitzari eta horri aurre egiteko ditugun tresnei buruzko gogoeta eragiteko.

“Askatasunerako giltza - Llave a la libertad - مفتاح الحرية” izeneko horma-irudia, indarkeria matxista zein kaltegarria den eta indarkeria horrekin amaitzeko gizarte osoaren inplikazioa zein beharrezkoa den gogoraraztea helburu duen emakume eta neska talde batek egindako elkarlanaren emaitza da.

Irudiak, giltza bat altxatzen ari den gazte bat erakusten du. Giltza horretatik, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz aldarrikapen-hitzak irakur daitezkeen hiru zinta daude zintzilik. Giltzak eta hari dagozkion zinta korapilatuek desberdintasuna eta indarkeria nagusi diren munduaren kaosa, bidegabekeria eta egoera absurdua irudikatzen dute.

Irudiaren atzean indarkeria matxistaren kontrako zirkulu morea dago, horizontetik desagertuz. Izan ere, egunen batean ez da beharrezkoa izango indarkeriaren aurka gaudela gogoraraztea, indarkeria baztertu, prebenitu, saihestu eta desagertu egingo da. Paisaia abstraktu horretan hegan eginez, azaroaren 25a deklaratzeko arrazoia gogorarazten duten hiru tximeleta ageri dira. Patria, Minerva eta María Teresa Mirabal, “Tximeletak” ezizenez ezagunak. Rafael Leonidas Trujillo (1930-1961) Dominikar Errepublikako diktadore ankerrari aurre egin zioten eta euren bizitzekin ordaindu zuten, emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokaren ikur bihurtuz.


Inprimatu   E-maila