Aingurak, Amurrioko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana, 4 ardatzetan oinarritzen da

Amurrioko Udalak Aingurak aurkeztu du, Amurrioko V. Berdintasun Plana. Laneko 4 ardatzetan oinarritzen da eta herritarren inplikazioa bilatzen du. Planak udal-kudeaketaren erdigunean jarriko ditu berdintasun-politikak, eta landuko dituen ardatzak, Gobernu Ona, Emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren Ahalduntzea, Ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea eskubideak bermatzeko eta  emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren indarkeriarik gabeko bizitzak dira.

“Amurrioko Udalaren 2022-2025 Berdintasunerako V. Planak, Udalak berdintasunaren alde duen konpromiso sendoa erakusten du. Aingurak, gero eta libreagoa eta berdintasunezkoagoa den gizarte baten alde modu aktiboan lan egiteko apustu estrategikoa da. Gure gizartean oraindik ere existitzen diren eraso eta indarkeriei aurre egiteko apustua da”,  azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Amurrioko Berdintasun Plan berriak izen propioa du, Aingurak, eta izen horrek erronka horren garrantzia eta konpromisoa islatzen ditu. Aingurak mugimendu feministaren borrokatik eta lanetik, eta eragile sozial, politiko eta erakundeen aldetik, eraikitako oinarri sendoetatik sortutako plana da. Baina etorkizunerako deia ere bada, guztion artean berdintasunerako oinarri sendoak sortzen, eusten eta zaintzen jarraitzeko. Agenda pertsonal, sozial eta politiko partekatu berria.

Gainera, Aingurakek sinbolo bat du, eta sinbolo horrek pertsonak eta kolektiboa ainguratze-puntu nagusi gisa islatzen ditu; pertsonen arteko lokarria; eskuak kolore desberdinetan elkartuta, gizarte plurala eta anitza; heldulekuak, taldeari indarra ematen dioten aingurak, oinarriak, dira; eta “GUK”-en eskultura gogorarazten duen forma, elkar besarkatzea eta lotzea.

Laneko ardatzak

Aingurak, Berdintasunerako V. Plana laneko lau ardatzen arabera egituratuko da. Horietako bat Gobernu Onaren ardatza da. Horren bitartez, neurri politikoak hartzen dituzten eragile guztiek genero-berdintasunaren ikuspegia txertatu behar dute politika guztietan, maila eta etapa orotan; hau da, genero-ikuspegia txertatu behar dute erabaki eta ekintza guztietan, ez soilik politikoetan, baita teknikoetan ere.

Ardatz honen ildo nagusien artean hauek daude: berdintasunarekiko konpromisoa erakustea jendaurrean, hori bultzatuko duten egiturak sortzea, hala nola udalbatzako alderdi politiko guztiak inplikatuta dauden Udaleko mahai politikoa (hori ekintzak modu kolektibo eta gardenean bultzatzeko bermea da), eta, azkenik, generoari buruzko prestakuntza eta gaikuntza.

Planaren beste ardatz estrategiko bat emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren ahalduntzea da, eraldaketa indibidual eta kolektiborako tresna. Planak, besteak beste, hauek zehazten ditu: emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboari ikuspegi feministatik laguntzeko programak, Amurrioko Emakumeen Sarea indartzen lagunduz, betiere euren prozesua errespetatuz; sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzekin jarraitzea LAIAren, Arabako Emakumeen Berdintasunerako eta Ahalduntzerako Eskola barne hartzen duen Arabako Lurraldeko Eragileen Sarearen, esparruan; sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegi inklusiborantz aurrera egiteko ekintza berriak; guraso-elkarteetako eta ikastetxeetarako hezkidetzako eta sexu-hezkuntzako prestakuntza; eta Amurrioko emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren memoria historikoa berreskuratzeko ekintzak.

Ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea eskubideak bermatzeko ardatza zaintzan oinarrituko da. 2019az geroztik, Amurrioko Udala zaintzen ikuspegiak udal ekintza gidatzeko eta bizitza erdigunean jarriko duen eredurako trantsizioa ahalbidetzeko ardatz bihurtzeko prozesuan ari da lanean. Eta Berdintasun Plan berri horrek osatu eta sendotu egiten du zaintzak erdigunean jartzeko helburu hori.

Horretarako, Aingurakek hainbat ekintza zehatz jasotzen ditu, hala nola: Zaintzak Administrazioan zenbateraino sartu diren jakiteko irizpideak definitu eta lehenetsiko dituen Udal barruko lantalde bat, etorkizunean udal-jarduera eta -politika publikoen diseinua eta ebaluazioa gidatu ahal izateko; zaintza-politikak gauzatzeko eta zaintzak erraztuko dituzten faktoreak barne hartuko dituzten jarduerak eta programak abian jartzeko barne-prestakuntza eta -gaikuntza; zaintzaren arloko udal-jarduerak eta -politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko tresna baten sorkuntza; eta tresna hori abian jartzea, plan, programa, jarduera eta kontratazioetan zaintza-irizpideak zenbateraino txertatu diren baloratzeko.

Azkenik, Emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak ardatzaren helburua prebentzioa eta indarkeria matxistetatik bizirik irtetea lortu duten pertsonak modu integralean artatzea da, arazoa guztiz gainditzea lortu arte. Horretarako, sentsibilizazio-ekintzak egingo dira Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan, “Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntza Hobea emateko Erakundeen arteko Jarduera eta Koordinaziorako Udal Protokoloa” berrikusi, eguneratu eta hobetu egingo da, prestakuntza-saioak eta ekintzak egingo dira ikastetxeetan, LGBTIQ+ kolektiboko pertsonen aurkako indarkeria matxistaren kontzientzia hartzeko, sentsibilizatzeko eta prebenitzeko, eta Beldur Barik programa udalerriko ikastetxeekin sustatu eta koordinatuko da.


Inprimatu   E-maila