Amurrio Antzokiak 2026-2027 denboraldia aurkeztu du programazio anitzarekin

Amurrio Antzokiak 2026-2027 denboraldia aurkeztu du programazio anitzarekin

  • Kultur denboraldi berria urritik ekainera izango da, eta antzerkia, musika, dantza, magia, bertsolaritza, familia ikuskizunak, jaialdiak, jardunaldiak eta zinema izango ditu

Amurrio Antzokiak urrian ekingo dio 2026-2027 kultur denboraldi berriari, programazio berrituarekin eta adin guztietako publikoari zuzendutako proposamen ugarirekin. Denboraldi berria ekainera arte luzatuko da eta Amurrion kulturaz gozatzeko eta parte hartzeko gune nagusietako bat bihurtuko du berriz ere udal antzokia.

Programazioak hainbat diziplina eta formatu uztartzen ditu, tartean, antzerkia, musika, dantza, magia, bertsolaritza, familia ikuskizunak, zinema, jaialdiak eta jardunaldiak, ikasturte osoan zehar kultur eskaintza anitza eta erakargarria eskaintzeko asmoz.

“Amurrio Antzokia herritar guztientzako gune irekia izaten jarraitzea nahi dugu, kulturaren inguruko topagunea, eta pertsona bakoitzak bere interesekoak diren eta gozarazten dioten proposamenak aurkitzeko aukera izan dezan”, adierazi du Naiara Barallobre Amurrioko Udaleko Kultura zinegotziak. “Denboraldi berri honetan ere diziplinen aniztasunaren aldeko apustua egin dugu, adin ezberdinetarako proposamenen alde eta urte osoan kulturara hurbiltzeko aukera emango digun programazio baten alde”.

Liburuxka berri bat, programazioa herritarrei hurbiltzeko

Denboraldiaren hasiera dela eta, Udalak Amurrio Antzokiaren liburuxka berri bat argitaratu du, Amurrioko etxeetan banatuko dena. Programatutako ikuskizunei buruzko informazio guztia, datak eta ordutegiak biltzen ditu argitalpenak, eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako kultur eskaintza modu errazean kontsultatzeko aukera emango du.

“Programaziorako sarbidea erraztu nahi dugu, eta herritar guztiek denboraldian zehar garatuko diren proposamenak bertatik bertara ezagutu ahal izatea”, azaldu du Barallobrek.

Amurrio Antzokiaren ordenantza berria onartu da

Denboraldi berriaren hasierarekin batera, Amurrioko Udalak Amurrio Antzokiaren ordenantza berria onartu du, zerbitzuaren funtzionamenduan eta jarduerari lotutako baldintzetan aldaketak sartzen dituena.

Berritasunen artean dago, halaber, bazkide txartelaren indarraldia kultur denboraldiko egutegira egokitzea, urritik irailera.

 

Bazkide-txartelari lotutako abantailek bere horretan jarraituko dute; besteak beste, ikuskizunetako deskontuak, sarrerak lehentasunez erostea eta zinemara sartzeko baldintza bereziak.

2026-2027 denboraldiko programazioari, sarreren erosketari eta bazkide-txartelari buruzko informazio guztia amurrioantzokia.eus helbidean aurkituko duzu. Sarrerak Kultur Etxean eta Amurrio Antzokiko leihatilan ere erosi ahal izango dira emanaldi bakoitzaren aurretik.

Amurrio musikaz beteko da 17 ostalaritza-establezimendutan egingo den poteo musikalarekin

Amurrio musikaz beteko da 17 ostalaritza-establezimendutan egingo den poteo musikalarekin

  • Zuzeneko kontzertuez betetako bi asteburuk herriko kaleak eta tabernak alaituko dituzte, Amurrio musikaz, aisialdiaz eta herriko ostalaritzaz gozatzeko topagune bihurtuz.

Amurriok Musik Poteoaren edizio berri bat hartuko du bi asteburutan. Ekimen horren bidez, zuzeneko emanaldiak eskainiko dira udalerriko hainbat ostalaritza-establezimendutan. Proposamenak herriko bizitza soziala eta kulturala dinamizatu nahi du, eta, horretarako, taberna parte-hartzaileetan zehar musikaz gozatzeko aukera eskainiko die auzokideei eta bisitariei, giro hurbil eta alaian.

Ekainaren 19, 20, 21, 26 eta 27an egingo da programa, eta ordutegi desberdinetan eskainiko dira emanaldiak, eguneko une desberdinetara egokitzeko. Ostiralean, ekainak 19, 19:00etatik 23:30era izango da musika; larunbatean, ekainak 20, 13:30etik 23:30era; igandean, ekainak 21, 13:30etik 15:00etara; ostiralean, ekainak 26, 19:00etatik 22:00etara; eta larunbatean, ekainak 27, 18:30etik 22:00etara.

Aurtengo edizioan, Villa Florida, Rubik, Txokogorri, Alanbike, Arkune, Cola de Gallo, Taberna Ribera, Biderdi, Kili, La Terraza, Albizabal, Atxubi, Batzoki, La Ronda 89, Frontoia, Rinconcito eta Lasai establezimenduek parte hartuko dute, eta herria animatzeko eta ostalaritza bultzatzeko diseinatutako musika programazio baten eszenatoki bihurtuko dira.

Naiara Barallobre Kultura zinegotziak adierazi duenez, “Musik Poteoa aukera bikaina da zuzeneko musikaz gozatzeko, gure kaleak dinamizatzeko eta tokiko ostalaritzari laguntzeko”. Era berean, herritarrak animatu ditu “Amurrio publiko guztientzako topagune, kultura eta aisialdi gune bihurtzen duen” proposamen batean parte hartzera.

Amurriok XXXII. Artzain Eguna ospatuko du irailaren 20an

Amurriok XXXII. Artzain Eguna ospatuko du irailaren 20an

  • Berriro ere, lehiaketak, tokiko produktuak, erakusketak eta artzaintzaren munduari lotutako jarduerak bilduko ditu jardunaldiak, eta omenaldi berezia egingo zaie sektorean erreleboa hartzen duten belaunaldi berriei

Amurrio datorren irailaren 20an XXXII. Artzain Eguna ospatzeko prestatzen ari da. Artzain Eguna uda osteko jai egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat da, eta artzaintzaren munduari, tradizioei eta ogibide hau bizirik mantentzen dutenen lanari balioa emateko jardunaldi bat.

Artzain Eguneko programazioak, goizean zehar, sektorearekin lotutako jarduera ugari eskainiko ditu, besteak beste, lehiaketak, produktuen dastatzeak, erakusketak eta gaztagintzako erakustaldiak, ohiko artzain txakurren erakustaldiez gain.

Etxeko produktuen eta artisau-produktuen azoka ere izango da jardunaldian, eta Goi Nerbioi eskualdeko produktuek presentzia berezia izango dute. Gazta, txakolina, ogia eta lurreko beste hainbat produktu izango dira protagonista, eta, horrela, bertako ekoizpenaren kalitatea eta aberastasuna gerturatuko diete bizilagun eta bisitariei.

Horren harira, Estibaliz Sasiain Ingurumen zinegotziak nabarmendu duenez, “artzain Eguna aukera bat da artzaintza sektorea bizirik mantentzen dutenen lana aitortzeko eta herritarrei bertako produktuen eta gure identitatearen parte diren tradizioen balioa hurbiltzeko”. Era berean, “etorkizunera ere begiratzearen eta erreleboa hartu eta ofizio honekin jarraitzeko apustua egiten duten belaunaldi berriak babestearen” garrantzia azpimarratu du.

Kanpai hotsak emango dio hasiera asteburuari

Ohitura den bezala, ekintzak bezperan hasiko dira. Irailaren 19an (larunbata), 10:00etatik aurrera, XXII. Kanpai Kontzertua izango da, eta aurten, proposamen berezi bat egingo da Amurrioko Musika Eskolarekin batera.

Oraingo honetan, gainera, kontzertuak sorpresazko osagai bat izango du, eta, hori dela eta, antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte Amurrioko soinu-paisaia urtero eraldatzen duen hitzordu berezi honetara hurbildu eta gozatzera.

Ofizioari eta erreleboa hartzen dutenei omenaldia

Artzain Eguneko unerik hunkigarrienetako bat igandean iritsiko da, 11:30ean, aurten aitortuak izan diren artzainei egindako harrera eta omenaldiarekin.

Edizio honetan, gainera, omenaldiak begirada berezia izango du belaunaldi-erreleboaren inguruan, gure herrien nortasunari eta tradizioari estu lotutako lanbidearekin jarraitzeko apustua egiten duten gazteei balioa emanez.

Aurtengo edizioan omenduko dituzten pertsonak Mertxe Villanueva (Menoio), Pedro Martin Ajuria (Oleta), Jose Luis Olabe Martinez de Albéniz eta Rosa Mª Beitia Anda (Larrea), eta Gaizka Lopez Berasategi (Arabako Lautada) izango dira, Altsasuko errelebo gazte gisa.

Ospakizun horren bidez, Amurriok berriro aldarrikatu du garrantzitsua dela artzaintzaren sektorea mantentzea eta babestea, baita artzaintzari eta gure lurraldeko produktuen artisau-elaborazioari lotutako jakintzak, tradizioak eta bizimoduak zaintzea ere.

XXXII. Artzain Eguna familian gozatzeko, artzaintza sektorearen lana gertutik ezagutzeko eta urtez urte Amurrioren eta eskualde osoaren nortasunaren parte izaten jarraitzen duen tradizioa ospatzeko jardunaldi gisa aurkezten da.

Amurrioko Udalak positibotzat jo du Aiara Festen bigarren edizioa

Amurrioko Udalak positibotzat jo du Aiara Festen bigarren edizioa

  • Jaialdiak bi egunetan zehar milaka pertsona bildu ditu musikaren, kulturaren eta elkarbizitzaren inguruan, Aiaraldearen erreferente kultural gisa Amurriok duen papera indartuz.

Amurrioko Udalak oso balorazio positiboa egin du joan den asteburuan Aiara Festen bigarren edizioari buruz. Bi egunetan zehar, musika, kultura eta bizikidetzaren inguruko topagune bihurtu da Amurrio, herriko, Euskadiko eta Estatuko hainbat tokitako pertsonak erakarriz.

Naiara Barallobre Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “Aiara Festek berriro erakutsi du Amurriok kalitate handiko kultur ekitaldiak hartzeko gaitasuna duela, askotariko publikoa erakartzeko eta elkarbizitzarako eta parte-hartzerako giro aparta sortzeko gai direnak”.

Programazioak hainbat estilo eta jatorritako artistak eta bandak bildu ditu, eta askotariko proposamen kulturala eskaini du, izen finkatuak eta musika proposamen berriak uztartzeko aukera eman duena. Barietate honek adin eta sentsibilitate ezberdinetako ikusleak erakartzen lagundu du, jaialdia eskualdeko erreferentziazko kultur hitzordu bezala sendotuz.

Udalak bereziki nabarmendu du amurriotarren parte-hartzea, gutxi gorabehera bertaratutakoen erdia izan baita. Erantzun horrek agerian uzten du jaialdiak herrian sortu duen errotzea eta bertako herritarrak kalitatezko kultur proposamen batean inplikatzeko gaitasuna.

Era berean, Udalak bi jardunaldietan bizi izandako giroari balioa eman nahi dio, hainbat belaunalditako pertsonen elkarbizitza, errespetua eta parte-hartzea ardatz hartuta. Familien presentziak eta ekitaldiaren izaera hurbilak jaialdi eredu irisgarri, inklusibo eta lurraldeari lotuaren aldeko apustua indartu dute. Jaialdiak, gainera, lagundu du Amurrioren eta Aiaraldearen irudia gure ingurune hurbiletik haratago proiektatzen, eta erakutsi du lurraldeak potentzial handia duela kultur ekitaldi garrantzitsuak hartzeko.

Udalak Aiara Fest-en antolatzaileek egindako lana eskertu nahi du, baita ekitaldia garatu ahal izan duten erakunde, profesional, boluntario eta inplikatutako pertsona guztien laguntza ere. Era berean, ikusleen portaera eredugarria eta herritarren inplikazioa aitortzen dira asteburu osoan zehar.

Barallobre-ren hitzetan, “kultura funtsezko tresna da kohesio soziala indartzeko, gure herriak dinamizatzeko eta aukerak sortzeko. Aiara Fest bezalako jaialdiek Amurrio Euskadiko mapa kulturalean kokatzen laguntzen dute, eta herri ireki, dinamiko eta kulturarekiko konprometitu gisa dugun identitatea indartzen dute”.

Amurrioko Udalak udalerriko kultura-bizitza aberasten, tokiko jarduera dinamizatzen eta Amurriok kulturaren eta sorkuntza artistikoaren topagune gisa duen zeregina indartzen laguntzen duten ekimenak babesten jarraituko du.

Amurrioko “La Casona” Udal Erakusketa Aretoak Zigor Urrutia artistaren erakusketa inauguratuko du irailaren 10ean

Amurrioko “La Casona” Udal Erakusketa Aretoak Zigor Urrutia artistaren erakusketa inauguratuko du irailaren 10ean

  • Amurrioko artistak norbanakoaren, hizkuntzaren eta gizarte-egituren arteko harremanak aztertzen dituen erakusketa aurkezten du.

“La Casona” Udal Erakusketa Aretoak Zigor Urrutia artistaren Estrategiak (II. Saiakera) erakusketaren inaugurazioa hartuko du irailaren 10ean, 19:00etan. Erakusketa irailaren 27ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa Zas Kultur Espazioak sustatutako ziklo baten hasiera da, arte garaikidea herritarrei hurbiltzeko eta artisten eta publikoaren arteko topagunea finkatzeko.

Zigor Urrutia Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta ibilbide luzea du arte garaikidearen esparruan. Artiumen, MUVIMen, Rekalde Aretoan eta Montehermoso Kultur Etxean egindako erakusketetan parte hartu du, eta hainbat sari eta beka jaso ditu.

Erakusketa proposamenak ikusleak gonbidatzen ditu komunikazioaren, diskurtsoen eraikuntzaren eta gaur egungo gizarte dinamiken inguruan hausnartzera. Hainbat piezaren bidez, teknologia berriek, hizkuntzak eta botere-egiturek errealitatearen pertzepzioa nola baldintzatzen duten aztertzen du artistak, begirada kritikoa eta izaera parte-hartzaile nabarmena uztartuz.

“La Casona” kalitatezko proposamen artistikoen hedapenerako erreferentzia gune bihurtuz, arte garaikidea herritarrengana hurbildu eta sortzaileen eta ikusleen arteko elkarrizketa erraztuko duen kultur programazioa bultzatzearen alde egiten dute Zas Kultur Espazioak eta Amurrioko Udalak.

Inaugurazioa irailaren 10ean izango da, asteazkena, 19:00etan, “La Casona” Udal Erakusketa Aretoan, eta artistaren beraren bisita gidatua ere izango da. Erakusketa irailaren 27ra arte izango da ikusgai.

“Formak Mintzo” erakusketak Arabako 18 eskultore bilduko ditu Amurrion

“Formak Mintzo” erakusketak Arabako 18 eskultore bilduko ditu Amurrion

  • Amurrioko Udalak eta Euskahaldunak Eskultoreen Elkarteak bultzatutako erakusketa maiatzaren 12tik ekainaren 7ra bisitatu ahal izango da La Casonan

Amurrioko Udalak, Euskahaldunak Eskultoreen Elkartearekin elkarlanean, Formak Mintzo erakusketa aurkeztu du, Amurrioko eta Arabako lurraldearekin lotura duten 18 eskultore biltzen dituen erakusketa kolektiboa. Erakusketa maiatzaren 14an inauguratuko da, 18:00etan, “La Casona” Udal Erakusketa Aretoan, eta irekita egongo da maiatzaren 12tik ekainaren 7ra.

Erakusketak Arabako eskultura garaikidearen aniztasunaren ibilbidea eskaintzen du, belaunaldi, ibilbide eta hizkuntza sortzaile ezberdinetako artisten parte hartzearekin. Amurrion jaiotako edo hari lotutako sortzaileak dira nagusi, lurraldeko panorama artistikoko beste figura nabarmen batzuekin batera.

Bertako artisten artean daude Mario Paniego, Raisa Álava, Guillermo Trujillano, Eider Eguren, Quintina Torres, Carlos Urruela, Santi Gonzalez, Susana Corbella eta Carmen Gancedo. Belen Urutxurtu, Uxer Beristain, Joserra Etxeandia, Felix Alangua, Ines Gonzalez de Zárate, Iñaki de Aguirre, Paco San Miguel, Javier Duque Mendieta eta Irantzu Lekueren lanek osatzen dute erakusketa.

Proiektuak izaera kolaboratzailea du eta artisten eta herritarren arteko topagunea sortu nahi du. Lanak erakusteaz gain, Formak Mintzo ekimenak sentsibilitate eta sormen une desberdinen arteko elkarrizketa sustatu nahi du, eskultura garaikidearen barruan ideien trukea sustatuz.

Programazioaren barruan, bisita gidatuak antolatuko dira ikastetxeentzat eta publiko orokorrarentzat, eskultura modu didaktiko eta parte-hartzailean hurbiltzeko. Interesa dutenek Kultur Etxean eman dezakete izena.

Asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara.

Ekimen honek kulturaren aldeko apustua dakar, kohesio sozialerako eta tokiko dinamizaziorako tresna gisa, eta, aldi berean, Amurrioko eta Arabako ehun artistikoaren aberastasuna eta aniztasuna balioesten ditu. Era berean, etorkizuneko proposamenetarako oinarriak ezartzen ditu, eskulturak lurraldean duen bizitasuna ikusarazten jarraitzeko.

 

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.