Amurriok kultura kalera ateraz eman dio hasiera udari, ‘Udako kultura tantak - Cultura a pie de calle’ programarekin

Amurrioko Udalak beste urte batez eutsi dio udan kultura kalera ateratzeko apustuari. ‘Udako Kultur Tantak - Cultura a pie de calle’ programaren bidez, hiru jarduera programatu dira ekainean eta uztailean. Guztiak Juan Urrutia parkean izango dira, 20:00etan, eta euria egiten badu, San Anton plazara eramango dira.

“Aurten herriko eta auzoetako jaiei berriro ekingo badiegu ere, aurreko bi urteetan hain harrera ona izan duen formulari eutsiko diogu, aire zabaleko kulturaz gozatzeko uda baten aldeko apustua eginez”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Ekainean bi ikuskizun programatu dira. Lehenengoa, ekainaren 10ean, dantza-ikuskizuna izango da, “Hiru Hitzetan”, eta hiru koreografia eszenaratuko ditu: Amaia Elizaranen “Out”, Olaia Valle eta Rocío Tejedaren “Bitartean” eta Noderen “Emakumeekin”. Ekainaren 17rako, proposamena helduentzako kale-antzerkia izango da, Trapuzaharra konpainiaren “Por hacer un favor”, Arabako plazetan, Arabako kaleko arteen zirkuituaren barruan. Azkenik, uztailaren 1ean, “Big Band Berri” gasteiztarren kontzertua izango da.

Liburu azoka Amurrioko Elexondo pasealekuan egongo da maiatzaren 4tik 8ra

Maiatzaren 4tik 8ra, Euskadiko Liburu Ganberak Amurrioko Udalarekin elkarlanean antolatutako Liburu Azoka egingo da Amurrion. Elexondo pasealekuan egongo da, Juan Urrutia plazaren parean, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era bisitatu ahal izango diren 14 etxola izango ditu.

Azokan euskal argitaletxeen eta diskoetxeen euskarazko eta gaztelaniazko azken nobedadeak aurkituko dira, % 10eko deskontuarekin. Beherapenen atal bat ere egongo da. Azokara hurbiltzen direnek “Amatasunari” , aurtengo edizioko gai nagusiari, buruzko liburu erakusketa bat aurkituko dute.

Idazleen sinadurak

Azokan zehar, baina asteburuan batez ere, egileak egongo dira hainbat stand-etan, eta eskatzen duten pertsonei euren liburuen aleak sinatuko dizkiete. “Garai honetan zaila da zehaztea, azken orduko aldaketak egon daitezkeelako, baina hasiera batean Miren Palacios, Javier Sagastiberri, Inma Roiz eta Jose Luis Urrutia egongo dira gurekin”, azaldu du Asier Muniategi Liburu Ganberako lehendakari eta Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak.

“Poetak Maiatzean” Nazioarteko Jaialdia maiatzaren 9an helduko da Amurriora

Poetak Maiatzean” Nazioarteko Poesia Jaialdia Amurriora helduko da hilaren 9an, herritarren artean poesia zabaltzeko asmoz. Iaz bezala, edizio honetan ere “Kristalezko orrialdeak” ekimena gauzatuko da 30 establezimendu baino gehiagotan, Amaurre ikastetxeko ikasleen eskutik.

Datorren astelehenean Curtis Bauer (EEBB), Carmen Vargas (Sevilla), Idoia Carramiñana (Bilbo) eta Leire Ugadi (Bilbo) poetak Amurrion elkartuko dira. Goizean, 12:00etan, bisita eta Aresketa ikastolako ikasleekin topaketa egingo dute. Arratsaldean, 19:00etan, poeten eta herritarren arteko topaketa izango da La Casonako erakusketa aretoan, euren bizipenak errezitatzeko eta kontatzeko. Amaitutakoan, elkartruke bat egingo da bertan daudenekin.

Jaialdiari dagokionez, Amaurre ikastetxeko ikasleek udalerriko saltokietako erakusleihoak apainduko dituzte bigarren urtez jarraian, baita udal eraikinak ere, Udaletxea eta Amurrio Antzokia, besteak beste.

 

Amurrioko Udalak Kulturako lehen Plan Estrategikoa aurkeztuko du

Amurrioko Udalak amaituta dauka udalerriko Kulturako lehen Plan Estrategikoa, eta datorren martxoaren 30ean, 19:00etan, aurkeztuko du Amurrio Antzokian, herritarrentzat irekita egongo den ekitaldian. Plan horren helburua datozen 10 urteetan, hau da, 2022tik 2032ra bitartean, kultura-politikak eta horien ondoriozko ekintzak egituratzea da.

Lehenengo plan horren helburu nagusia Amurrioko kultura-politikei esparru estrategikoa ematea da. Horretarako, alde batetik, esparru komun bat ezarriko da, sektore publikoaren zein pribatuaren erreferentzia izateko, eta, bestetik, lehentasuna emango zaie egitura horren parte diren eta izango diren proiektuen eta eragileen garapen indibiduala bultzatzeko ekintzei.

“Planaren ikuspegia kultura, artea eta sorkuntza Amurrioko bihotzean kokatzea da, bertako biztanleen bizitza aberastuz, banaka zein taldeka, eta herriaren garapenaren parte aktiboa izanik. Udalerriak mota askotako kultur eta sorkuntza proiektuak hartuko ditu, eta euskara ardatz izango duten ekimenak sortzea eta sendotzea zainduko du. Gainera, arterako eta kulturarako sarbidea bermatzeko xedez, herriak erdigunean jarriko ditu ikus-entzuleak, audientziak garatzeko lana proiektuen kudeaketan ezinbesteko pieza gisa txertatuz. Horrela, umeak eta gazteak zaindu beharreko lehentasunezko segmentuak izango dira, bai eta hainbat arrazoirengatik kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak edo/eta kolektiboak ere. Plan horren barruan gauzatzen diren ekintza guztiak berdintasun-politikekin koherenteak izango dira”, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duenez.

2022-2032 Kultura Plan Estrategikoak hainbat erronka ezartzen ditu, horien artean herritar sortzaileen, ikusle-entzuleen eta parte-hartzaileen existentzia erraztea, tokiko sortzaileei laguntzea, proiektu publikoak sendotzea, kulturaren eta sorkuntzaren sektorearen garapen profesionalerako mesedegarria den testuingurua sortzen laguntzea, eragile publiko eta pribatuei kultura-proiektu komun bat sortzeko baliabideak ematea, eta kulturari balioa ematea beste esparru batzuetan eragina izateko: gizartean, osasunean, ingurumenean, ekonomian, etab.

Gainera, planak 10 ardatz ditu, eta ardatz bakoitzak hainbat ildo:

  • Kohesioa eta koordinazioa. Amurrioko kulturako eta sorkuntzako eragileen artean loturak sortzea eta sendotzea.
  • Ikus-entzuleak eta komunitateak sortzea eta sendotzea.
  • Eskolak eta udal kultur ekipamenduak. Arte-eskolen / udal-ekipamenduen berariazko beharrei erantzutea.
  • Zerbitzu publikorako bokazioa duten herritarren ekimenak. Zerbitzu publikoa eskaintzen duten eta Udalak ematen duen zerbitzua osatzen duten herriko herritarren ekimenen beharrei erantzutea.
  • Sorkuntza garaikidea. Hainbat diziplina artistikorekin lotutako proiektu artistiko garaikideak garatzen laguntzea.
  • Enpresa-proiektuak. Kultura- eta sorkuntza-sektoreko erakunde pribatuetan lanbide gauzatzea bultzatzeko testuingurua sortzea.
  • Herriko jaiak.
  • Kulturaren zeharkakotasuna. Kultura potentziala duen eremu gisa balioestea beste arlo batzuetan eragiteko: gizartean, osasunean, ingurumenean, ekonomian, etab.
  • Kultura euskaraz. Amurrioko bizitza kulturalean euskararen presentzia sendotzea.
  • Kultura berdintasunean. Amurrioko bizitza kulturalean genero-ikuspegia finkatzea.

Kultura Planaren jatorria

Amurrioko Kultura Plana aurretiko diagnostiko batean oinarrituta dago. Diagnostiko horretan, kultur arloko hainbat eragilek azken hamar urteetan gauzatu dituzten proiektuei buruzko datuak eta ondorioak aurkezten dira, besteak beste, eskola artistikoa, musika-eskola, herri musika eskola, dantza-eskola, Amurrio antzokia, Liburutegia…, eta elkarte-sarea eta hainbat azpiegitura.

Lan-metodologia, udaleko irakaskuntza- eta kultura-dispositiboetan ez ezik, herriko kultura- eta sorkuntza-sektoreko hainbat eragilerekin eta Arabako Foru Aldundiko kultura-sailarekin hitz egitean ere oinarritu da, baita Amurrioko kultura- eta sorkuntza-eragileekin egindako saio irekian ere.

Amurriok Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du maiatzaren 7an

Amurriok maiatzaren 7an ospatuko du apirilaren 29ko Dantzaren Nazioarteko Eguna, Herriko Dantza Eskolaren eta Aiara Dantza Taldearen partaidetzarekin. Emanaldia Juan Urrutia plazan izango da eguerdiko 12:00etan.

Dantza erakustaldiaren protagonistak, alde batetik, Herriko Dantza Eskolako ikasleak izango dira, eta eskolako ariketak eta 4 koreografia taularatuko dituzte. Eskolak ibilbide luzea du udalerrian, eta ikasleek dantzaren teknikak ezagutzeko eta eskuratzeko lehen pausoak ematen dituzte bertan, euren sormen-gaitasunak ahalik eta gehien sustatuz.

Emanaldi horren ondoren, Aiara Dantza Taldeak emango dio amaiera ospakizunari, errepertorio zabal eta askotarikoarekin, ikusleei euren zenbait dantza erakutsiz.

 

Amurriok ‘Bizitza basoetan’ erakusketa hartuko du urtarrilaren 23ra arte La Casonan

Ostiraletik aurrera, Amurrioko La Casonan Muskerrak ingurumen elkarteak antolatutako ‘Bizitza Basoetan’ lehiaketan saritutako argazkien erakusketa izango da ikusgai. Erakusketaren gaia animaliak, landareak, onddoak eta horiek gure basoetan dituzten portaerak dira, eta urtarrilaren 23ra arte ikusi ahal izango da.

‘Bizitza Basoetan’ ekimena Muskerrak ingurumen elkarteak jarri du martxan, Eboluzioari buruzko Europako Elkartearekin eta Amurrioko Udalarekin elkarlanean, baso naturalek eta haien kontserbazioak tokiko biodibertsitaterako duten garrantzia ezagutarazteko.

Erakusketak bost egileren argazkiak erakutsiko ditu: Xabier Ramos, Gustavo Abascal, Oier Virizuela, Enrique Arberas eta Maider Iglesias-Carrasco. Erakusketa asteartetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta larunbat eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da.

 

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.