Amurrioko merkataritzak bat egin du LGTBIQA+ Harrotasunaren Egunaren sentsibilizazioarekin

LGTBIQA+ Harrotasunaren Eguna dela eta, Amurrioko Udalak eta Izan Amurriok herritarrak errealitate horren inguruan sentsibilizatzeko kanpaina bultzatu dute. Kanpainarekin batera, bihar, ekainean zehar gauzatzen ari den eta horma-irudi batekin amaituko den ‘Amurrio Harro’ programazioaren egun handia ospatuko da.

30 saltoki murgilduta daude gaurtik aurrera sentsibilizazio-kanpainan, LGTBIQA+ Harrotasunaren Egunari buruzko informazioa duten hainbat totem jarriz. Guztira 15 izango dira, eta kalean jarriko dira, parte hartzen duten saltokien aurrean. Alde batetik, LGTBIQA+ kolektiboaren mugarri edo pertsonaia bati buruzko informazioa aurkitu ahal izango da, eta, bestetik, siglen esanahia banakatuko da, horietako bakoitzak zer adierazten duen jakiteko.

Kanpaina honetan, herritarrak sentsibilizatzeaz gain, zozketa baten bitartez parte-hartzea lortu nahi da. Zozketa horretan, galdera batzuei erantzun beharko zaie. Galdera horien erantzunak totemetan egongo dira. Parte hartzeko txartelak saltoki parte-hartzaileetan egongo dira eskuragarri, eta, osatu ondoren, Kultur Etxean dagoen hautestontzian utzi beharko dira.

Ekainaren 30ean erantzun guztiak zuzen eman dituzten parte-hartzaileen artean sari-sorta hauek zozketatuko dira:

  • “Los 50 Queers que cambiaron el mundo” liburua, eta azaroaren 12an Amurrion antzeztuko den “Cris, pequeña valiente” antzezlanerako 2 sarrera.
  • “Moio: gordetzea ezinezkoa zen” liburua, eta azaroaren 12an Amurrion antzeztuko den “Cris, pequeña valiente” antzezlanerako 2 sarrera.
  • “Orgullo. La lucha por la igualdad del movimiento LGTBI+” liburua, eta azaroaren 12an Amurrion antzeztuko den “Cris, pequeña valiente” antzezlanerako 2 sarrera.

Establezimendu parte-hartzaileak: Aranoa zapatak, Kapritx, If hair nails & beauty, Eguiluz moda y color, Bai-bada, Telmer, Entre punto y puntada, Lur, Librería Sanz, Katibel, Centro óptico Josu, New Jolan, HIT, Selene frutadenda, Fotografía Arregi, Spiral, Karisma, Lambarri, Gancedo, Elektrohob, Olerki, Basualdo, Lilura, La rana turquesa, Madis, Susana estética, Modapiel, Luyando ópticos, Burutxaga haragidenda eta Poryekta.

‘Amurrio Harro’ Eguna

Ekainean zehar, Amurrio erabat murgilduta egongo da ekainaren 28aren, LGTBIQA+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren, inguruan egiten ari den aldarrikapen ugarien egitarauan. Erakusketa bat, tailerrak eta zine foruma izan dituen programazioa bihar amaituko da, ospakizunaren egun handiarekin. Bertan, besteak beste, erakusketak, ahalduntze-tailerrak, zinema eta antzerkia izango ditugu. 90 lagun bilduko dituen bazkari herrikoia ere egingo da Juan Urrutia parkean.

Gainera, joan den asteburuan udalerriko hainbat eserleku LGTBIQA+ kolektiboaren koloreekin margotu ziren. LGTBIQA+ Harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin amaitzeko, datorren astean Raisa Álava herriko artista oroimenezko horma-irudi bat margotzen hasiko da, urteko 365 egunetan sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazteko.

“Amurrio udalerri konprometitua, segurua eta anitza izatea nahi dugu. Eta horie serlekuen margotzearen, “Amurrio Harro” bezalako programazioaren edo artearen bitartez komunikatzea eta sentsibilizatzea bilatzen duen oroitzapenezko horma-irudiaren bitartez egingo dugu” azaldu du Txerra Molinuevo Laña, Amurrioko Alkateak.

La Casonak Aiaraldeko Mugimendu Feministari buruzko erakusketa hartuko du maiatzaren 28ra arte

Amurrioko La Casonak Aiarako Mugimendu Feministari buruzko erakusketa hartuko du maiatzaren 28ra arte, Bor-bor Aiaraldeko Feminismo Elkarteak antolatuta.

Eskualdeko hainbat udalerritan zehar egiten ari den erakusketak Aiarako Mugimendu Feministaren historiaren ibilbidea erakusten du, hamarkadaz hamarkada, eta hainbat panelen bidez historia, aldarrikapenak eta ekintzak azalduz joango da.

Aiarako Mugimendu Feministaren historia aztertzeaz gain, erakusketaren helburuen artean ibilbideak eta aldarrikapenak sozializatzea dago, aintzatespen publikoa eta soziala sustatzeko.

 

“Amurrio Harro”, LGTBIQA+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko programazioa

Ekainaren 28ko LGTBIQA+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, egiten ari den askotariko aldarrikapen egitarauan murgilduko da Amurrio ekainean. “Amurrio Harro” programazioa gaur hasi eta ekainaren 18ra arte luzatuko da, ospakizunaren egun handira arte. Erakusketak, ahalduntze-tailerrak, zinema eta antzerkia izango dira, besteak beste.

“Amurrioko Udalarentzat garrantzitsua da LGTBIQA+ kolektiboa ahalduntzea eta gizartea sentsibilizatzen lan egitea. Joan den hilean LGTBIQA+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan hainbat jarduera antolatuz egin genuen bezala, ekainean gutariko bakoitzari sentitzen garen bezalakoak izateaz harro egotea dagokigu”, azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasuneko zinegotziak.

“Amurrio Harro” programazioa

Ekainaren 1etik 15era: “Ez normalak ez otzanak” LGTBI erakusketa Lumagorri elkartearen eskutik. Erakusketari dagokionez, bi bisita gidatu egingo dira: lehena, ekainaren 3an, 18:00etan, euskaraz, eta bigarrena, ekainaren 9an, 18:00etan, gaztelaniaz. Parte hartzeko izena eman behar da Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean edo 945891161 telefono-zenbakian.

Ekainak 6: Amurrio Antzokiak “I hate New York” zine-foruma hartuko du 18:00etan. Sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte.

Ekainaren 10ean eta 17an: 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako bi “Gazte LGTB+eta harro!” tailer programatu dira. Hiruki Larroxaren eskutik etorriko dira, 17:00etatik 20:00etara. Interesatuek izena eman beharko dute Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean edo 945891161 telefono-zenbakian.

Ekainak 18: Programazioaren egun handia izango da eta egun osoan zehar jarduerak egingo dira Juan Urrutia parkean.

13:30 Pregoia eta musika-poteoa Juan Urrutia plazatik.

15:00 Bazkaria. Doakoa izango da, baina Kultur Etxean izena eman beharko da ekainaren 11 baino lehen.

17:00 “Mari, Meri eta Lari” antzezlana.

18:00 “Haus Of Whores”, Drag Queen Show-a.

19:15 Manifestazioa

19:45: Dj Rosamari

Zinegoak 2022 Amurriora iritsiko da, LGTBIQA+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren programazioaren barruan

Amurriok programazio berezia izango du aurten LGTBIQA+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. Bertan, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 19. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko film labur eta luzeen proiekzioak eta hitzaldi bat eta antzerki bat hartuko dira.

Zinegoakeko proiekzioak bi egunetan egingo dira, apirilaren 30ean eta maiatzaren 14an. Biak Amurrio Antzokian izango dira, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte. Lehenengo egunean sei film labur proiektatuko dira: ‘Les filles ne marchent pas seules la nuit’, ‘Elsa’, ‘17 minutos con Nora’, ‘No deberías’, ‘Berak Baleki’ eta ‘To the future, with love’.  Bigarren egunean ‘Nos corps sont vos champs de bataille’ (“Gure gorputzak zuen gudu-zelaiak dira”) film luzea proiektatuko da.

Maiatzaren 17an, 18:00etan Kultur Etxean “LGTBIQA+fobiari aurre egiten” hitzaldia izango da Aldarte Elkartearen eskutik. Programazioa amaitzeko, maiatzaren 27an, 19:00etan, “Anarkia Relacional” antzezlana eskainiko da San Anton plazan.

MAIATZAK 17 LGTBIFOBIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

1990eko maiatzaren 17tik, OME-k homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuela  ospatzen da. Horregatik, LGTBI kolektiboetako pertsonentzat balio esanguratsua du, eskubideen aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardueren ardatz katalizatzaile gisa, gaur egun oraindik ere aurre egin behar baitio araudiarekin bat ez datorren pertsona orok.

Pandemiaren eraginez azken bi urteak benetan latzak izan dira herritar guztientzat, are gehiago LGTBI kolektiboarentzat, gehien kolpatu dutenetako bat izan baita. Izan ere, desberdintasunaren arrakala areagotu egin da eta kalteberatasun-egoerak  eremu askotan indartu dira, sare sozialetan esate baterako. Aurten ere, Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Berdinduren bitartez, sexu- eta genero-aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko ahotsa altxatzen du, LGTBI kolektiboaren aurkako aurreiritzi ugari munduko eskualde askotan indarrean jarraitzen du eta.

Beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezin bihurtzen diren genero-identitate, -orientazio eta -adierazpen guztiak errespetatuak izan daitezen. Gizarte osoaren erantzukizuna da diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea.

Herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte inklusibo eta anitza lortzeko, aniztasuna aztertzen ari garen esparrutik ulertuta, baina baita zentsu zabal batean ere. Berdinduk ahaleginak batuko ditu gizarte-eragile guztiekin, gizarte bidezkoagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin.

Berdindu Zerbitzuan, gaur zein urteko beste 364 egunetan, LGTBI pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko dugu, LGTBIfobiaren aurka borrokatzen.

 

Martxoak 8 Adierazpen Instituzionala

Urtero bezala, martxoaren 8an, emakumeei historikoki usurpatu zaizkien eskubideak lortzeko egindako borroka anitzen esanahia gogora ekarri eta aldarrikatu nahi dugu. Borroka horiek, zalantzarik gabe, emakumeen bizitzako hainbat arlotan aurrerapen handiak lortzen lagundu dute, eta emakumeen elkarteen eta mugimendu feministaren ekarpenik gabe ez ziratekeen posible izango. Norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlana da, nork bere eragin-eremutik abiatuta, indarrak batuz eta estrategiak partekatuz helburu bera izanik jomuga: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea. Gaur egun ere, bide luzea dugu egiteko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko, eta, horregatik, ezinbestekoa da emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea.

Esparru horretan, Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako 4/2005 Legearen Aldaketa onartzeari balioa eman behar zaio, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka jauzi kualitatiboa egitea ahalbidetuko duen arau-esparrua eraikitzeko testuinguru egokian sustraituta baitago.

Badakigu gaur egun gure herri eta hirietan berdintasunarekin gero eta sentsibilizazio handiagoa duten herritarrak ditugula, emakumeenganako indarkeriaren aurkako neurriak gero eta gehiago eskatzen dituztenak. Horregatik, lege berri hau aukera bikaina da gizartearen aldarri horri eta erakundeek herritarren aurrean duten konpromisoari erantzungo dion tresna bat emateko.

Berdintasunerako legearen aldaketa dator, zeinak berdintasun-politikak indartzea ekarriko duen, eta, beraz, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baterantz aurrera garamatzana.

Hori guztia emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubidea izateaz gain, demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta sozialki eta ekonomikoki jasangarriagoa eraikitzeko behar estrategikoa dela sinetsita.

Eta gizarte gisa dugun erronka honetan, toki-erakundeok arau-esparru berriak dakarren erronka handiari ahalik eta erantzun onena emateko aukera dugu, betiere herritarrekin eta tokiko elkarte eta mugimendu feministarekin lankidetza estuan.

Toki entitateek berdintasunarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzearekin duten konpromisoa argia izan da. Azken 15 urteetan, eta 4/2005 Legeari erantzunez, Euskadiko udalak egiturak, aurrekontuak eta sarea sortuz joan dira Berdinsareatik, tokiko komunitateen eta euskal herritar guztien beharrei eta eskaerei erantzuteko.  Aldi berean, beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzea, hobetzen jarraitzea eta udalerriei, batez ere txikienei, erronka horiei aurre egiteko tresnak ematea.

Honako hauetan sakondu behar dugu: politika publiko guztietako berdintasunaren zeharkakotasunean; emakumeen ahalduntzean; zaintza-lanak ikusarazi, baloratu eta partekatuko dituen gizarte baten eraikuntzan; gizonak berdintasunean inplikatzean; pobreziaren feminizazioa gutxitzean; emakumeen sexu-askatasunaren alde; eta hezkuntzan, emakumeentzako bizitza askea eraikitzeko balioak aldatzeko tresnarik eraginkorrena den aldetik.

Horregatik, martxoaren 8an, Amurrioko udalak konpromisoa hartu du berdintasunaren arloko politiken eta zerbitzuen diseinuan eta plangintzan aurrera egiteko, dagozkion jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak bultzatzeko eta indartzeko, bai eta arauak, jarraibideak eta gidalerroak egiteko ere, lege honetan eta lege hau garatzeko araudian ezarritakoa beren esku-hartze eremuetara zehazteko eta egokitzeko, eta behar diren baliabideak emateko.

 

Zehazki, konpromisoa hartu nahi dugu honako erronka hauetan pixkanaka aurrera egiteko:

  • Berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak
  • Berdintasunaren aldeko lanean generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, bai eta Udaleko arloen arteko koordinazioan ere.
  • Administrazioko langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea, oinarrizko, derrigorrezko eta etengabeko prestakuntza-plana progresiboki planifikatuz.
  • Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea, gure eskumenen esparruan, detekzio goiztiarreko sistemen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz, eta biktimen erreparazio-eskubidearen aitorpena aintzat hartuz.
  • Ikuspegi intersekzionalaren integrazioan aurrera egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko osoaren ikuspegi inspiratzaile gisa.
  • Herritarren sentsibilizazioan sakontzea, gizartea kontzientziatzeko eta emakumeak ahalduntzeko kanpaina eta programa instituzionalak daudela bermatuz, bereziki gizonak eta haurrak.
  • Berdintasunaren aldeko eta emakumeak ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta haien ekarpenak sartuz.
  • Erakundeen akordioak eta koordinazio-sistemak eta -protokoloak hobetzea eta aldian-aldian eguneratzea.

 

Martxoaren 8a dela-eta, herritar orori dei egiten diogu udalerrietan antolatutako mobilizazioetan parte har dezan!




Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.