Babio mendira igoera solidarioa abenduaren 23 eta 24an, Adela Euskal Herria elkartearen alde

Amurrio Trail Taldeak dena antolatuta du jada abenduaren 23 eta 24rako Babio Igoeraren beste hitzordu baterako. Aurten, Babio mendira igotzeko ekimenaren bidez, 10 € jasoko dira probarako izena emateagatik, eta Adela E.H Euskal Herriko Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (ELA) Elkarteen Federazioari emango zaio.

‘Babio non stop’ erronka abenduaren 23an hasiko da, 18:00etan, eta, hortik aurrera, orduro irteera bat egingo da Juan Urrutia plazatik Babio mendiaren tontorrera. 16 ordu jarraian, eta horien amaiera, abenduaren 24ko goizeko 10:00etan, egiten den ohiko igoera izango da, Montes Solidarios eta Ezina Ekinez Egina elkarteekin eta Olentzerorekin batera.

Itzuli osoak 10 kilometro inguru ditu eta oso erraza da. ‘Babio Non Stop’ ekimenean izena eman nahi dutenek Euskal Mendizale Federazioaren webgunean (www.emf.eus) egin dezakete eta dohaintza 10 €-koa izango da. Izen-abizenak, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa erantsi beharko dira.

Erronka solidarioaren azken edizioak 600 pertsona baino gehiago bildu zituen mendi tontorrean, 4.000 euro baino gehiago bilduz, eta sortzetiko kardiopatien Bihotzez elkartera bideratu ziren oso-osorik. “Amurrion hainbeste espero zen hitzordu hori egin ezinik urtebete igaro ondoren, uste dugu aurten gogo handia dagoela, eta 600 pertsona baino gehiago izatea espero dugu. Horrela, diru-kopuru handia bilduko da Euskal Herriko Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (ELA) Elkarteen Adela E.H Federazioarentzat”, azaldu du Imanol Llano Amurrio Trail Taldeko presidenteak.

Helburu solidarioak

‘Babio non stop’ ekimenak helburu solidario bikoitza du. Bildutako guztia elkarte bati emateaz gain, mendira igotzeko zailtasunak dituzten pertsonek Montes Solidarios elkarteko aulkien eta Udalak 2019an erositako aulki egokituaren bidez egin ahal izango dute.

Babioko azken igoera abenduaren 24an izango da, goizeko 10:00etan. Montes Solidarios eta Ezina Ekinez Egina elkarteek, Amurrio Trail taldearen barruan Amurrioko Udalak erositako aulki egokitua eramateko sortutako boluntario taldeak, ibilbide hori euren kabuz egin ezin duten 5 pertsonaren ametsa beteko dute. Horien artean ELA gaixotasunak jotako pertsonak egongo dira. Jarduera horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea, hori bai, itsulapikoak egongo dira Adela EHrekin elkartasuna adierazteko.

Eusko Jaurlaritzak 1.900m2-ko lurzati bat esleitu dio Amurrioko Udalari, hirigunean disuasio-aparkaleku bat eraikitzeko

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk 1.900 m2-ko lursail bat eman dio gaur Amurrioko alkate Txerra Molinuevori. Eusko Jaurlaritzak dauka lursail hori udalerri horretan 1998tik, Udalak disuasio-aparkaleku bat eraiki dezan oinezkoen mugikortasuna sustatzeko eta hiri-irisgarritasuna hobetzeko.

Zehazki, Jaurlaritzak 1.900 m2 esleitu ditu Elexondo kaleko 31 – 33 zenbakian dituen 5.000m2 inguruetatik, gaur egun Amurrioko Justizia Jauregia dagoen lekuan, Aspiunza Etxean. Lursail hori 52.878 eurotan tasatu zen. Lursail hori 52.878 eurotan tasatu zen.

Amurrioko Udalak ekainaren 17an helarazi zion Eusko Jaurlaritzari jabetzan eskuratzeko interesa zuela, eta aldi berean, jakinarazi zuen izapidetzen ari den HAPOk 5.000 m2-ko gehieneko eraikigarritasuna mantentzen duela sestra gainean bereizketaren ondoriozko lurzati nagusian (3.001,64 m2), Justizia Jauregiaren etorkizuneko handitzeak bermatzeko adinakoa.

Gaur goizean egindako ekitaldi batean, Pedro Azpiazu sailburuak lursaila bisitatu ahal izan du, eta alkateak lursailean bertan azaldu dizkio herrian aparkatzeko eta oinezkoen joan-etorria errazteko ekimen baten xehetasunak. Aparkaleku hori erabilera publikokoa eta doakoa izatea aurreikusten da, murrizketarik eta ordutegi-mugarik gabe.

Amurrioko alkateak azaldu duenez, “aparkaleku hau gune estrategiko batean dago, Amurrio Antzokiaren, anbulatorioaren, Epaitegiaren edo Udalaren ondoan, erreferentzia diren beste gune batzuen artean”. Erdiguneko kokagunea da, “herrira hurbiltzen den jendeak, horien artean Administrazio Batzarretan bizi direnek, erraz aparka dezan. Gainera, aparkaleku horrekin autoak hirigunetik atera eta oinezkoei lehentasuna eman nahi zaio ere, hainbat gune oinezkoentzat jarrita”.

Halaber, Txerra Molinuevok azaldu duenez, aparkaleku hori ibilgailu elektrikoentzako karga-puntuekin hornitzea aurreikusita dago PSErekin egindako aurrekontu-akordioaren ondorioz.

Sailburuak adierazi du titulartasun-aldaketa hori instalazio publikoak erakundeen interesetara bideratu behar direlako gertatu dela, kontuan hartuta horien jatorria, erabilgarritasuna eta herritarrentzako onurak. “Ziur nago jarduketa honekin Amurrioko udalerriak eta eskualde osoak alkateak helarazi digun proiektuaz gozatu ahal izango dutela”.

Amurriok Antzokirako fidelizazio kanpaina bultzatu du

Amurriok aurten ere herriko bizilagunak Antzokira fidelizatzeko kanpainari ekingo dio, arte eszenikoak herrian zabaltzeko helburuarekin. Horretarako, Zinebonoak 2022 izeneko zinema-bonuak jarriko dira salgai eta Amurrio Antzokiko bazkide txartela eskuratzeko aukera egongo da. Gainera, datorren urtean Gazte Txartela duten gazteek 2 euroko beherapena izango dute zuzeneko ikuskizunetan.

Zinema

Datorren urtean zinemarako sarrerek prezio bera izango dute, umeentzako eta ikus-entzulearen eguneko saioek 3,75 euro, eta helduen saioak 5 euro. Bestalde, zinema emanaldiak igandeetan 17:30ean izango dira umeentzat eta 19:30ean helduentzat, eta astelehenetan, ikus-entzulearen egunean, 20:00etan.

Zinema zaleek, titularrari Antzokian programatzen diren lau zine saioetarako sarbidea ematen dioten Zinebonoa erosi ahal izango dute. 2020an eskuratutako zinebonoak ez dira iraungiko, 2022rako aurreikusitako Zinebono digitala martxan jarri arte egongo dira indarrean. Zinemako sarreren eta Zinebonoaren online salmenta egin daitekeenean, trukatu gabeko zinebonoa paperean dutenek ez dituzte saioak galduko, zinebonoa sistema berrian emango zaizkie.

Bonuek iazko 12,55 euroko prezio bera izango dute eta Kultur Etxean eta Amurrio Antzokiko leihatilan erosi ahal izango da.

Egin zaitez bazkide

Antzokiaren beste apustuetako bat bazkideen bidezko fidelizatze-kanpaina da. Horrek hainbat abantaila ematen dizkie erabiltzaileei, ohikotasunez zuzeneko ikuskizunetara joan ahal izan daitezen. Datorren urtean Antzokiko bazkideek % 15etik % 35era bitarteko beherapenak izango dituzte zuzeneko ikuskizunetarako sarreren erosketan.

Zuzeneko ikuskizunetako sarreretako beherapenez gain, bazkideek lehentasuna izango dute horiek erosteko orduan, sarrerak bazkideei saltzeko egunak ezarriko baitira. Horrez gain, Zinebono bat jasoko dute eta Amurrio Antzokiaren informazioa posta elektroniko bidez bidaliko zaie. Bazkide txartelaren prezioa 2022rako, iaz bezala, 21 eurokoa izango da.

Hasi dira Zabaleko ikastetxeko kirol kantxako filtrazioak konpontzeko lanak

Amurrioko Udalak aste honetan hasi ditu Zabaleko ikastetxeko kirol kantxako eraikinean hezetasunak eta filtrazioak konpontzeko eta kentzeko lanak. Era berean, ikastetxeko galdara ordezteko proiektuaren idazketa esleitu da.

Kirol kantxako lanak hainbat astez luzatuko dira; izan ere, jarduketa jakin batzuk egiteko ezinbestekoa izango da baldintza meteorologikoak onak izatea. Obrak ezinbestekoak dira espazioen erabilera egokia bermatzeko, eta 6.420 euroko inbertsioa eskatuko dute.

Aldi berean, Zabaleko ikastetxeko galdara-gela guztiz eraberritzeko behar diren instalazioak eta ekipamendua erabat zehazteko proiektua idazten ari da. Proiektua urtarrilean amaituko da, eta instalatu beharreko ekipoen ezaugarriak erabat definituko ditu, baita gasa hartzeko instalazioa ere.

Hainbat udal-zerga kobratzeko epea

2022ko urtarrilaren 31ra arte, borondatezko epean kobratuko dira 2. eta 3. Hiruhilekoko hiri-hondakin solidoak bildu, garraiatu eta deuseztatzeko zerbitzua emateagatiko tasari dagozkion ordainagiriak.

2021eko abenduaren 22tik 2022ko martxoaren 21era bitartean, borondatezko epean kobratuko dira 2021eko 4. Hiruhilekoko hiri-hondakin solidoak bildu, garraiatu eta deuseztatzeko zerbitzua emateagatiko tasari dagozkion ordainagiriak.

Ordainagiriak helbideratuta ez dituzten zergadunek ordaindu ahal izango dituzte zerga-zorrak, udaletxeko herritarren kutxazainean eta euskal administrazioaren ordainketa-pasabidean, udalaren web-orriaren bidez (https://udala.amurrio.eus/eus/zerbitzuak/ogasuna-eta-zerga-bilketa/ordainketa-pasabidea), eta Eusko Jaurlaritzaren "MiPago Wallet" aplikazioaren bidez.

Kobratzeko aldia hasi baino 15 egun lehenago arte onartuko dira helbideratzeak.

Amurrioko Udalak berriro jarri du martxan "Bizi Gabonak Amurrion" kanpaina

Amurrioko Udalak “Bizi Gabonak Amurrion” kanpaina bultzatuko du aurten ere, batez ere txikienentzat ilusioz beteta dauden egun hauetan. Ekimena 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrei dago zuzenduta. 15 euroko opari-txekea izango dute herriko establezimenduetan gastatzeko.

“Gabonen atarian bigarren urtez jarraian martxan jarri dugun ekimen horrek bi helburu betetzeko aukera ematen digu. Elkarren artean oso desberdinak badira ere ere, kanpaina honetan batu egiten dira. Alde batetik, txikienen ilusioari eusten laguntzen dugu, eta, gainera, udalerriko establezimenduetan kontsumitzearen aldeko apustuarekin jarraitzeko aukera ematen digu”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

2012ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrek 15 euroko opari-txekea jaso ahal izango dute abenduaren 14tik hilabete bereko 30era arte Turismo Bulegoan, asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta larunbat eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Txekea jasotzeko, haurraren NANa, edo amaren edo aitaren NANa, familia-liburuarekin batera, aurkeztu beharko da.

Opari-txekea Amurrioko edozein establezimendutan gutxienez 15 euroko erosketa eginez trukatu beharko da (inoiz ez da dirurik itzuliko), eta txekea erabiltzeko epea urtarrilaren 17an amaituko da. Guztira, mila haur baino gehiagok gozatu ahal izango dute opari-txeke horretaz, eta horrek, gutxienez 16.000 euroko eragina izango du.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.