Aiarako Koadrilak Berdintasunaren Aldeko Eskualdeko III. Ibilaldi Neurtua berreskuratuko du martxoaren 13an

Aurten Aiarako koadrila ez da berriro Berdintasunaren aldeko Eskualdeko III. Ibilaldi Neurtu klasikorik gabe geratuko. Kaskagorri eta Altzarrate klubek Amurrio, Aiara eta Laudioko Udalekin elkarlanean antolatutako kirol hitzordua martxoaren 13an, igandean, izango da.

Ohitura denez, kirolariak 10:00etan irtengo dira aldi berean Amurrioko eta Laudioko Herriko Plazatik, helburu honekin: eskualdean berdintasuna indartzea eta sustatzea. Ibilaldiak laugarren edizioa beteko du 2022an, eta Arabako bi herriak lotuko ditu, familian egiteko inolako zailtasunik gabeko 12.400 metroko ibilbide lauaren bitartez. Gainera, ibilbidearen erdian, Luiandon hain zuzen ere, edariak, fruta eta gailetak izango dituen hornidura puntua egongo da parte-hartzaileentzat.

Egungo osasun-egoera dela eta, hornidura gelditu gabe egingo da, pilaketak saihesteko. Ibilbidea amaitutakoan, doako autobusak jarriko dira abiapuntura itzultzeko.

Izen-ematea

Parte hartu nahi dutenek otsailaren 22tik martxoaren 10era bitartean eman ahal izango dute izena, edo kamisetak agortu arte, bi klubetan eta Aiarako Udaleko HAZen. Laudion, herritarrek udaletxeko sarrerara jo beharko dute astearte eta ostegunetan, 11:00etatik 13:00etara. Amurriok, bestalde, Kultur Etxea jarriko du herritarren eskura, martxoaren 4an eta 11n (ostiralak), 11:00etatik 13:00etara eta martxoaren 7tik 10era, 17:00etatik 19:00etara.

Izena emateak 5 euroko kostua izango du, 2020an, pandemiaren ondorioz martxa bertan behera geratu zen urtean, kopuru hori ordaindu zuten pertsonentzat izan ezik. Ordainagiriarekin batera, kamiseta tekniko bat eta oroitzapenezko zapi bat emango zaizkie parte-hartzaileei, dortsalarekin eta martxaren irteera eta iritsiera kontrolatzeko fitxarekin batera.

Berdintasunaren aldeko ekimen honetako parte-hartzeak gora egin du ospatutako edizio bakoitzean. 2019an, Berdintasunaren aldeko Eskualde Martxa Neurtuak 1.318 pertsona bildu zituen, lehen urteko parte-hartzaile kopurua bikoiztuz.

Sariak Arespalditzako Emakumeen Gelan banatuko dira ekitaldiaren ondorengo egunetan, denbora guztiak egiaztatu eta tarteko denborak atera ondoren.

 

Amurrio Bidean eraldaketa digitalean laguntzeko Suspertu Digitala programaren lehen prestakuntza-tailerrak jarri ditu abian

Aholkularitza- eta laguntza-zerbitzua da, eta udalerriko 6 enpresek parte hartzen dute. Programaren helburua, parte hartzen duten enpresek beren beharretara egokitutako ibilbide-orria edo digitalizazio-plana lortzea da.


Tailerren asmoa enpresei prestakuntza ematea da, digitalizazioak eskaintzen dituen aukera berriak ebaluatu ditzaten, negozioak digitalki kualifikatuz eta eraldatuz.

Diagnostikoaren hasierako fasearen ondoren, otsailean, parte hartzen duten enpresei zuzendutako lehen bi prestakuntza-tailerrak egingo dira. Tailer horietan eraldaketa digitalaren inguruko hainbat gai landuko dira, enpresei diagnostikoetan hautemandako premiei lehentasuna ematen lagunduko dieten adituekin. Otsailetik maiatzera egingo diren lehenengo tailerretako gaiak honako hauek dira:

  1. Datuak ETEetan duen garrantzia.
    2. Eraldaketa digitalerako negozio-ereduen berrikuntza.
    3. Business to Business marketin digitala.
    4. ERPak eta kudeaketa-sistemak (BAI Tiketa Abordatuz).
    5. Zibersegurtasunean sentsibilizatzea.
    6. Produktibitatea eta hodeiko tresna digitalekiko lankidetza.
    7. Salmentak eta digitalizazioa.


Joan den otsailaren 9an Suspertu Digitala programaren lehen tailerra egin da Amurrio Bidean dituen instalazioetan, eta udalerriko bost enpresa bertaratu dira. Prestakuntza-tailerrak datuen garrantzia azpimarratu du; datuen analisia eta kudeaketa enpresen onurarako eta horiek bereizteko edo berritzeko duten ahalmena.

Programa Amurrio Bidean eta Amurrioko Udalak finantzatzen dute. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Amurrio Bidearekin 945891721 telefonoan edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikoan.

Amurrio lanean ari da “Establezimendu Lagunkoiak” programa abian jartzeko

Amurrioko Udalak eta adinekoen kontseilu sektorialak, merkatari txiki eta ertainen Izan Amurrio elkartearekin lankidetzan, “Establezimendu Lagunkoiak” programa jarri dute martxan, saltokiei, ostalaritzari eta zerbitzu pertsonalei adineko bezeroak erakartzeko jardunbideak eskainiko dizkien hezkuntza-kanpaina.

“Ekimenaren helburu nagusia establezimenduak bezeroentzat lagunkoiagoak izatea da. Horretarako, adinekoen beharretara egokitzeko aukera emango dieten jardunbideak eskainiko zaizkie, euren bizitza euren ohiko ingurunean eta ahalik eta modu autonomoenean gauzatzen jarrai dezaten”, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duenez.

Programa hori bultzatzeko, saltokiei, ostalaritzari eta zerbitzu pertsonaletarako lokalei zuzendutako prestakuntza-jardunaldia antolatu da martxoaren 3an, 14:00etatik 16:00etara, Nagusin, udalerria adinekoentzat lagunkoiagoa izan dadin egin beharreko jardunbideen berri emateko. Jardunaldi horretan parte hartuko dutenek adineko guztiei kalitatezko zerbitzua emateko jarraibideak eta gomendioak jasoko dituzte, hainbat eremutan izan ditzaketen beharrak konpentsatuz, hala nola mugikortasun-galera, ikusmena eta entzumena murriztea eta narriadura kognitiboa.

 Prestakuntza-jardunaldian izena emateko idatzi Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera edo deitu Amurrio Bidean 945891721 telefono zenbakira.

“Lagunkoiak gara”

“Establezimendu Lagunkoiak” ekimena Euskadi Lagunkoia-tik sortu da; izan ere, gaur egun, Euskadin 10 pertsonatik 2 65 urtetik gorakoak dira, eta 2029an, 10etik 3 izango dira. Gainera, adineko horiek hurbileko saltoki txikietan ibiltzen dira, eta zerbitzu ona fideltasunarekin eta leialtasunarekin saritzen dute; beraz, arreta pertsonalizatua eskatzen duen eta konfiantzazko harremana bilatzen duen kolektiboa da.

Amurrioko Udalak inklusioa erraztuko du udalerriko oinezkoen pasabideetan piktogramak marraztuz

Amurrioko Udala piktogramak marrazten hasi da udalerriko oinezkoen pasabideetan, autismoaren espektroko nahasmenduak (TEA) dituzten pertsonei oinezkoen pasabideak zeharkatu aurretik jarraitu beharreko arauak ulertzen laguntzeko.

Ekintza hori udalerriko oinezkoen hamabost pasabide ingurutan gauzatuko da, horietako asko leku garrantzitsuetan, hala nola ikastetxeen, kultur etxearen, osasun etxearen, musika eskolaren, kiroldegiaren, Reforren edo tren geltokien inguruetan. Oinezkoen pasabideetan marraztuko diren piktogramak kolore urdineko sekuentzia dira, autismoa duten pertsonen sinboloa. Bertan, gelditu, begiratu, behatu eta autoak geldirik daudenean gurutzatu behar dutela adierazten da, modu erraz eta egokian.

Jarduketa horren helburua bide-segurtasuna hobetzea da, oinezkoentzako pasabideak bide-seinale horren esanahia ezagutzen ez duten kolektibo horretara egokituz; izan ere, oinezkoentzako pasabideen funtzionamendua ikasten ari diren neska-mutilei ez ezik, herritar guztiei gogorarazten die pasabideak gurutzatu aurretik jarraitu beharreko sekuentzia zuzena. Horrela, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duenez “oztopo kognitiboak ezabatzeko lan egiten dugu, askoz errazagoa baita irudiak dituzten mezuak prozesatzea. Gainera, horrelako ekintzek pertsona guztien irisgarritasunerako eskubidea bermatzen dute, eta, bereziki, autismoaren espektroko nahasmendua duten haurrena”.

Amurriok musikaz eta ohiko Kakarro Birigarro mozorro-desfilearekin berrekingo dio inauterien ospakizunari

Amurrioko inauteriak ate joka daude eta programazio espezifikoa izango dute otsailaren 26an eta martxoaren 1ean. Ohiko Kakarro Birigarro mozorro-lehiaketa berreskuratuko da, denda eta ostalaritzako dekorazio-lehiaketarekin batera. Egitaraua osatzeko, musika animazioa herriko kaleetan zehar, disko-festa eta txokolatada izango dira.

Larunbatean egutegian gorriz markatutako hitzorduetako bat berreskuratuko du Amurriok; aurten, helduen kategorian, gai nagusi itsasoa eta umeak izango dituen Kakarro Birigarro mozorro-lehiaketa. Desfilea 19:00etan hasiko da Santa Maria elizan, Mariaka eta Mariganbon buru direla, eta Elexondo, Crucero, Aiara eta Iturralde kaleetatik igaroko da, Juan Urrutia plazan egingo den txokolatadarekin amaitzeko.

Parte hartzeko otsailaren 21etik 25era bitartean eman ahal izango da izena, 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean, eta 4 kategoria izango ditu, honako sari hauekin:

A kategoria: 1 eta 3 pertsona artean

Lehen saria: 75 euro eta Kakarroren irudi bat.

B kategoria: 4 eta 10 pertsona arteko taldeak

Lehen saria: 250 euro eta Kakarroren irudi bat.

Bigarren saria: 150 euro eta Kakarroren irudi bat.

Hirugarren saria: 90 euro eta Kakarroren irudi bat.

C kategoria: 10 pertsona baino gehiagoko taldeak

Lehen saria: 450 euro eta Kakarroren irudi bat.

Bigarren saria: 200 euro eta Kakarroren irudi bat.

Hirugarren saria: 100 euro eta Kakarroren irudi bat.

D kategoria: Helduek eta umeek osatutako taldeak (gutxienez 3 pertsona)

Lehen saria: 200 euro eta Kakarroren irudi bat.

Bigarren saria: 125 euro eta Kakarroren irudi bat.

 

Gainera, desfileko koreografiarik onenak saria jasoko du, 120 euro APYMCA kupoietan eta Kakarroren irudia, eta parte hartzen duten guztien artean 0 kilometroko produktuz osatutako bi saski zozketatuko dira.

Egun horretan, programazioa jarduera hauekin osatuko da:

17:00-18:30, musika animazioa kaleetan zehar TXARANGA KALEAN Fanfarrearekin.

17:00-18:30, musika animazioa BOMBO FESTA taldearekin Juan Urrutia plazan.

20:00-22:30, disko-festa BOMBO FESTAren eskutik, Juan Urrutia plazan.

20:30ean, mozorro-lehiaketaren eta saltokietako eta ostalaritzako dekorazio-lehiaketaren sari banaketa. 

Martxoaren 1ean, inauterietako asteartean, programazioa San Anton Plazan egingo da 16:45etatik aurrera, Aurrerakak eta Gazteen Gurutze Gorriak antolatuko duten txokolatadarekin. Ondoren, 17:00etan, umeentzako “XAIBOR BERRIA” musika ikuskizuna izango da, koreografia eta lehiaketekin, besteak beste. Jaiari amaiera emateko, Kakarro Judas erreko da 18:30ean Juan Urrutia plazan.

 

Dekorazio-lehiaketa saltokietan eta ostalaritzan

Amurrioko saltokiak eta ostalaritza 2022ko inauterietako parte izango dira, bertako lokalak apainduta. Parte-hartzaileentzat bi sari egongo dira: Inauterietan girotutako saltokien erakusleiho onenarentzako Saria, 200 euro eta Kakarroren irudi bat, eta Inauterietan girotutako taberna onenarentzako Saria, 200 euro eta Kakarroren irudi bat. Izena emateko epea otsailaren 21ean irekiko da, 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean, eta otsailaren 25eko 13:30ean amaituko da.

 

Amurrioko Udalak eta Vicente Ferrer fundazioak lankidetza-hitzarmena berritu dute

Amurrioko Udalak eta Vicente Ferrer Fundazioak berritu egin dute duela zenbait urtetik gauzatzen ari diren lankidetza-hitzarmena. Finantzatutako proiektuak Indiako Anantapur barrutiko Ragulapadu landa-komunitateko 47 familiari etxebizitza duina eskuratzeko aukera ematea du helburu, eta 10.000 euroko laguntza izango du.

Proiektu horren bidez, giza ingurune inklusibo, duin eta segurua sortu nahi da Ragulapadu herrixkan, Indiako kasta behartsuenetako familientzat. Horretarako, 47 etxebizitza eraikiko dira, eta 47 emakumek etxebizitza eskuratzeko eta saneamendurako eskubidea izango dute, horietako 3 desgaitasunen bat dutenak. Emakume horiek eta euren  senideak izango dira etxe horien etorkizuneko jabeak.

Aldi berean, tokiko parte-hartzea sustatuko da proiektuaren fase guztietan, oinarrizko egitura komunitarioak indartzeko eta genero-ikuspegitik saneamendurako eskubideei eta norberaren beharrak aire zabalean egiteak dituen ondorioei buruzko kontzientziazio-mailak hobetzeko.

Jarduketa horren bidez, familiek eta, batez ere, emakumeek eta desgaitasuna duten pertsonek jasaten duten pobrezia-zirkulua hautsi nahi da, haien ahalduntze sozioekonomikoa sustatuz, higieneari eta saneamenduari buruzko gaietan sentsibilizazioa areagotuz, bai eta haien parte-hartze aktiboa, jarraipena eta, batzuetan, eraikuntzako jarduera guztietan partaideek izan behar duten lidergoa bultzatuz ere, familiak euren komunitatearen garapenaren bultzatzaile eta protagonista izan daitezen.

 

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.