Amurrioko 19 establezimenduk bat egin dute “Establezimendu Lagunkoia” programarekin

Amurrioko Udalak eta adinekoen kontseilu sektorialak, merkatari txiki eta ertainen Izan Amurrio elkartearekin lankidetzan, “Establezimendu Lagunkoia” programa abian jartzeko lehenengo urratsa eman zuten joan den astean. Hezkuntza-kanpaina horrek, saltokiei, ostalaritzari eta zerbitzu pertsonalei adineko bezeroak erakartzen laguntzeko jardunbideak eskaintzen ditu.

Guztira, merkataritza, zerbitzu pertsonal eta ostalaritza alorretako udalerriko 19 establezimenduk hartu zuten parte joan den ostegunean Nagusin egindako prestakuntza-jardunaldian. Jardunaldi horri esker, udalerria adinekoentzat lagunkoiagoa izan dadin gauzatu beharreko jardunbideak ezagutu ahal izan zituzten parte-hartzaileek.

Prestakuntzak, besteak beste, pertsona guztiei, eta batez ere adinekoei, kalitatezko zerbitzua emateko jarraibideak eta gomendioak erakutsi zituen, hainbat arlotan izan ditzaketen beharrizanak konpentsatzeko, hala nola mugikortasun, ikusmen eta entzumen gutxiago izatea eta narriadura kognitiboak.

“Ekimen horren helburu nagusia establezimenduak bezeroentzat lagunkoiagoak izatea da, eta emandako jardunbideei esker, adinekoen beharretara egokitu ahal izango dira, euren bizitza euren ohiko ingurunean eta ahalik eta modu autonomoenean gauzatzen jarrai dezaten”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Ostegunean egindako bilkuran, datozen asteetan euren lokaletan ikusi ahal izango den “Lagunkoiak gara” zigilua dagoeneko duten establezimendu hauek hartu zuten parte: Calzados Urrutia, Instalaciones Castro, Artomaña Txakolina, Karisma, Robledos, La Norteñita, Izamara ileapaindegia, hermanos Otegui arrandegia, Garoa, Sera ileapaindegia, Batzoki, Atxubi, Cola de Gallo, Frontón Taberna, Nagusi, Guk, Hostal Ayala eta Arkune. Gainera, aurrez aurreko jardunaldira joaterik izan ez zuten beste establezimendu batzuek online prestakuntza egingo dute.

“Lagunkoiak gara”

“Establezimendu Lagunkoiak” ekimena Euskadi Lagunkoiatik sortu da; izan ere, gaur egun, Euskadin 10 pertsonatik 2 65 urtetik gorakoak dira, eta 2029an, 10etik 3 izango dira. Gainera, adineko pertsona horiek hurbileko saltoki txikietan ibiltzen dira, eta zerbitzu ona fideltasunaz eta leialtasunaz saritzen dute; beraz, arreta pertsonalizatua eskatzen duen eta konfiantzazko harremana bilatzen duen kolektiboa da.

 

 

Martxoaren 8aren inguruko Amurrioko programazioa hilabete osoan zehar luzatuko da

Amurrioko Udaleko Berdintasun Saila buru-belarri aritu da martxoaren 8aren inguruko programazioa antolatzen, eta adin guztietarako hainbat jarduera antolatu ditu: musika, bakarrizketak, antzerkiak, kirol-jarduerak eta haurrentzako jarduerak, besteak beste.

“Martxoaren 8a emakumeok berdintasunezko gizarte bat lortzeko egiten ditugun ahalegin handiak aldarrikatzeko eta ikusarazteko eguna da. Osasun-egoera hobetu ondoren, eta bakoitzaren erantzukizuna eskatuz, aurten gozatzeko eta gizarteratzeko aukera emango diguten jarduerak programatzeko aukera dugu, munduko emakumeen egoeran zentratuz eta horri buruz hausnartuz”, azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Programatutako jarduerak:

Martxoak 4: Berdintasunaren aldeko standa. 11:00etan, azokan. GOFEren Oinez proiektua, Sartu Alavak emana. Bertan motxila moreak banatuko dira.

Martxoak 5: Emakumeak musikan. 19:30ean Amurrio Antzokian Amurrioko Musika Eskolaren eskutik. Sarrerak doan edukiera bete arte, gonbidapenak Kultur Etxean eta Musika Eskolan.

Martxoak 8

12:00-13:30 Amurrioko Emakumeen topaketa. Virginia Imazen bakarrizketa eta Amurrioko emakumeen prozesu partehartzailearen aurkezpena.

18:30 Marabillas Baserritarraren bakarrizketa

19:20 Irakurketa instituzionala

19:30 Elkarretaratzea mugimendu feministaren eskutik.

Martxoak 10: Haur jolasak, ipuin kontaketa eta tailerra. Arratsaldeko 17:00etan liburutegian 6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat. Izen ematea martxoaren 2tik aurrera 945393720

Martxoak 12: PREPARADAS, LISTAS, YA! antzezlana Amurrio Antzokian 20:00etan.

Martxoak 13: III. BERDINTASUNAREN ALDEKO MARTXA. 10:00etan irteera Juan Urrutia plazatik.

Martxoak 22: Emakume musulmanak eta janzkera. 18:00etan Kultur Etxean. Hizlaria: Maya Amrae.

Martxoak 25: “Sofocos”. Antzezlana 19:00etan San Anton plazan.

 

 

2018ko eta 2019ko Lan Eskaintza Publikoari buruzko eskabideak aurkezteko epea zabalik

2018ko eta 2019ko Lan Eskaintza Publikoari buruzko deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2022ko martxoaren 7an, eta eskaerak aurkezteko epea ireki zen martxoaren 8tik apirilaren 4ra arte, biak barne, gizarte-langile lanpostua izan ezik, zeinaren epea martxoaren 9tik apirilaren 5era bitartekoa baita.


Eskaeretara sartu

Amurrioko Udalaren Adierazpen Instituzionala

Otsailaren 24an, Vladimir Putin Errusiako presidenteak operazio militarra agindu zuen Ukrainaren aurka. Egun hauetan Ukrainako hainbat herrik eta hirik tropa errusiarren setioa jasan dute, ukrainarren artean egoera dramatikoak sortuz.

Nazioarteko lehen erreakzioak berehala etorri dira, eta asko dira Errusiak Ukrainaren kontra egindako erasoaren aurka agertu diren herrialdeak.

Egoera horren aurrean, Amurrioko Udalak hau adierazi nahi du:

 

  1. Amurrioko Udalak Errusiaren eraso militarra salatzen du, eta berehala bertan behera uzteko eta indar militarrak Ukrainako lurraldetik erretiratzeko eskatzen du.

 

  1. Amurrioko Udalak gerraren aurreko gaitzespena adierazten du

 

  1. Amurrioko Udalak elkartasuna adierazten dio Ukrainako herriari.

 

 

 

Martxoak 8 Adierazpen Instituzionala

Urtero bezala, martxoaren 8an, emakumeei historikoki usurpatu zaizkien eskubideak lortzeko egindako borroka anitzen esanahia gogora ekarri eta aldarrikatu nahi dugu. Borroka horiek, zalantzarik gabe, emakumeen bizitzako hainbat arlotan aurrerapen handiak lortzen lagundu dute, eta emakumeen elkarteen eta mugimendu feministaren ekarpenik gabe ez ziratekeen posible izango. Norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlana da, nork bere eragin-eremutik abiatuta, indarrak batuz eta estrategiak partekatuz helburu bera izanik jomuga: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea. Gaur egun ere, bide luzea dugu egiteko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko, eta, horregatik, ezinbestekoa da emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea.

Esparru horretan, Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako 4/2005 Legearen Aldaketa onartzeari balioa eman behar zaio, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka jauzi kualitatiboa egitea ahalbidetuko duen arau-esparrua eraikitzeko testuinguru egokian sustraituta baitago.

Badakigu gaur egun gure herri eta hirietan berdintasunarekin gero eta sentsibilizazio handiagoa duten herritarrak ditugula, emakumeenganako indarkeriaren aurkako neurriak gero eta gehiago eskatzen dituztenak. Horregatik, lege berri hau aukera bikaina da gizartearen aldarri horri eta erakundeek herritarren aurrean duten konpromisoari erantzungo dion tresna bat emateko.

Berdintasunerako legearen aldaketa dator, zeinak berdintasun-politikak indartzea ekarriko duen, eta, beraz, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baterantz aurrera garamatzana.

Hori guztia emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubidea izateaz gain, demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta sozialki eta ekonomikoki jasangarriagoa eraikitzeko behar estrategikoa dela sinetsita.

Eta gizarte gisa dugun erronka honetan, toki-erakundeok arau-esparru berriak dakarren erronka handiari ahalik eta erantzun onena emateko aukera dugu, betiere herritarrekin eta tokiko elkarte eta mugimendu feministarekin lankidetza estuan.

Toki entitateek berdintasunarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzearekin duten konpromisoa argia izan da. Azken 15 urteetan, eta 4/2005 Legeari erantzunez, Euskadiko udalak egiturak, aurrekontuak eta sarea sortuz joan dira Berdinsareatik, tokiko komunitateen eta euskal herritar guztien beharrei eta eskaerei erantzuteko.  Aldi berean, beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzea, hobetzen jarraitzea eta udalerriei, batez ere txikienei, erronka horiei aurre egiteko tresnak ematea.

Honako hauetan sakondu behar dugu: politika publiko guztietako berdintasunaren zeharkakotasunean; emakumeen ahalduntzean; zaintza-lanak ikusarazi, baloratu eta partekatuko dituen gizarte baten eraikuntzan; gizonak berdintasunean inplikatzean; pobreziaren feminizazioa gutxitzean; emakumeen sexu-askatasunaren alde; eta hezkuntzan, emakumeentzako bizitza askea eraikitzeko balioak aldatzeko tresnarik eraginkorrena den aldetik.

Horregatik, martxoaren 8an, Amurrioko udalak konpromisoa hartu du berdintasunaren arloko politiken eta zerbitzuen diseinuan eta plangintzan aurrera egiteko, dagozkion jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak bultzatzeko eta indartzeko, bai eta arauak, jarraibideak eta gidalerroak egiteko ere, lege honetan eta lege hau garatzeko araudian ezarritakoa beren esku-hartze eremuetara zehazteko eta egokitzeko, eta behar diren baliabideak emateko.

 

Zehazki, konpromisoa hartu nahi dugu honako erronka hauetan pixkanaka aurrera egiteko:

  • Berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak
  • Berdintasunaren aldeko lanean generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, bai eta Udaleko arloen arteko koordinazioan ere.
  • Administrazioko langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea, oinarrizko, derrigorrezko eta etengabeko prestakuntza-plana progresiboki planifikatuz.
  • Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea, gure eskumenen esparruan, detekzio goiztiarreko sistemen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz, eta biktimen erreparazio-eskubidearen aitorpena aintzat hartuz.
  • Ikuspegi intersekzionalaren integrazioan aurrera egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko osoaren ikuspegi inspiratzaile gisa.
  • Herritarren sentsibilizazioan sakontzea, gizartea kontzientziatzeko eta emakumeak ahalduntzeko kanpaina eta programa instituzionalak daudela bermatuz, bereziki gizonak eta haurrak.
  • Berdintasunaren aldeko eta emakumeak ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta haien ekarpenak sartuz.
  • Erakundeen akordioak eta koordinazio-sistemak eta -protokoloak hobetzea eta aldian-aldian eguneratzea.

 

Martxoaren 8a dela-eta, herritar orori dei egiten diogu udalerrietan antolatutako mobilizazioetan parte har dezan!




Amurriok herri-bozketaren fasearekin amaituko du aurrekontu parte-hartzaileen AmurriokoEKIN kanpaina

Amurrioko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen AmurriokoEKIN kanpainaren azken zatia hasiko du, proposamen finalisten bozketa-fasearekin. Herritarrek martxoaren 3tik 18ra bitartean aukeratuko dituzte proiektuak, fitxak Kultur Etxean, Bañueta Kiroldegian eta Udaletxean egongo diren postontzietan utziz, www.amurriokoekin.eus webgunean online bozkatuz, San Anton inguruan instalatuko diren karpetan eta martxoaren 3an proposamenak aurkezteko egingo den jardunaldian.

Urrian AmurriokoEKIN aurrekontu partehartzaileen kanpaina berriari hasiera eman ondoren, 32 proposamen aurkeztu dira herri-bozketara, 2021eko abenduaren 1ean egindako bilera irekira joan ziren pertsonek lehenespen-fasean hautatu ondoren.

Proposamenak nola bozkatu

Proiektu irabazleak hautatzeko, 16 urte edo gehiago dituzten eta Amurrion erroldatuta dauden Amurrioko bizilagunek herri-bozketa egingo dute.

Pertsona bakoitzak behin bakarrik eman ahal izango du botoa, eta, horretarako, botoa emateko eskubidea duten pertsonen datu pertsonalak eskatuko dira. Gainera, botoa baliozkoa izan dadin, talde bakoitzeko hiru proposamen markatu beharko dira, hau da, hiru proposamen 48.000 € baino gutxiagoko aurrekontua duten proiektuen artean eta beste hiru 48.000 € baino gehiagoko aurrekontua duten proiektuen artean.

Bozkatzeko bideak

Herri-bozketa martxoaren 3tik 18ra egingo da, eta horretarako hainbat bide prestatu dira. Udalerriko etxebizitza guztiek jasoko dituzte proposamenak dituzten fitxak, eta Kultur Etxean, Amurrioko kiroldegian eta Udaletxean gaitutako postontzietan utzi ahal izango dituzte. Leku horietan ere egongo dira boto-txartelak.

On-line ere egin ahal izango da bozketa, www.amurriokoEKIN.eus helbidean. Gainera, ostegun honetan, martxoaren 3an, aurkezpen orokorra egingo da udaletxean, 18:30ean. Bertan, bozketa-fitxa bete ahal izango da, baita martxoaren 4an, 11n eta 18an San Anton inguruan jarriko diren erakustokietan ere.

AmurriokoEkin aurrekontu parte-hartzaileen kanpainak udal aurrekontuko 430.000 euro erabiliko ditu hautatutako inbertsioetarako. Inbertsio horietan, 2022an 215.000 € inbertituko direla aurreikusten da, 48.000 € baino gutxiagoko aurrekontua duten proposamenak gauzatuz, eta beste 215.000 € 2023an, 48.000 € baino gehiagoko proposamenetarako, proiektuei forma emateko denbora gehiago beharko dutelako.

 

Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (Folleto Fase votación presupuestos participtivos EUS.pdf)Folleto Fase votación presupuestos participtivos EUS.pdfProposamenen liburuxka62 kB28-02-22 09:52
Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.