Nagusilan Amurrio, adinekoen gizarte-boluntariotza, 2022ko Urrezko Guk sariarekin aintzatetsia

Nagusilan Amurrio, adinekoen gizarte-boluntariotzak 2022ko Urrezko Guk saria jasoko du aurten, martxoaren 19rako, larunbaterako, Amurrio Antzokian aurreikusita dagoen galan. Ekitaldia gauzatzeko orduan, erakundeek une horretan hartutako neurriak bete beharko dira. Adostasunez aukeratutako Nagusilan Amurriok, Udaletik lantzen diren balioak biltzen dituelako jaso du aintzatespena, hala nola nahi ez den bakardadearen aurkako borroka eta zahartze aktiboaren aldeko lana.

Nagusilan Amurrio, udalerrian ongi txertatutatako ekimena da. Gaur egun 25 boluntariok, 17 emakumek eta 8 gizonek, osatzen dute. Talde honen helburua nahi ez den bakardade-egoeran dauden adinekoen beharrizan sozialei eta afektiboei erantzutea da, borondatezko laguntzaren bidez. Era berean, zahartze aktiboa eta solidarioa sustatzen dute, beti ere jarduera desinteresatuen bidez.

Ekimen hori aldez aurreko errealitate batetik sortu zen. Errealitate horretan, laguntza lanetan eta eskualdeko egoitzen eta etxeen animazioan nolabaiteko ibilbidea zuten Nagusilan berarekin eta Osasun Pastoralarekin erlazionatutako taldeek egin dute bat. Horrez gain, boluntario batzuen lan independentea eta Amurrioko Adinekoen Kontseiluaren bultzada sendoa ere jaso dira. Horrek guztiak dagoeneko erantzun koordinatua ematen dio udalerriko pertsona askok nahi ez duten bakardade-egoerari, eta, horren ondorioz, Amurrioko adinekoen bakardade-egoerarekin sentsibilizatuta dauden boluntarioen ondo egituratutako taldea sortzen da. Uste dugu Urrezko Guk sariak, gure gizartean lehentasunezkoak izan behar duten gizarte-balioak dituen Nagusilan Amurrio moduko gizarte-ekimenei balioa emateko balio behar duela. Euren denbora besteei laguntzen ematen duten pertsona boluntarioek eta solidarioek amurrioarrek emandako aintzatespen hori merezi dute”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Amurrioko Udalak 17 milioi eurotik gorakoa izango den 2022rako udal aurrekontua onartu du

Atzo arratsaldean Amurrioko Udalak egindako osoko bilkurak argi berdea eman dio Gobernu Taldeak 2022rako aurkeztutako 17.456.598 euroko aurrekontu-proiektuari, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin, Orain Amurrioren abstentzioarekin eta EH Bilduren kontrako botoarekin.

“Gaur onartutako aurrekontuak pertsonak jartzen ditu udal-politiken erdian. Aurrekontuaren % 53 Herritarrei zuzenduta egongo da, amurrioarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetarako, eta pertsonak jarriko dira udal-politiken erdian, zaintzak itsasargitzat eta berdintasuna Udalaren ardatz egituratzailetzat hartuta”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Egungo testuinguru sozioekonomikoak markatu du udal-kontuen gauzatzea. Kontu horiek pertsona ahulenen ondoan egotea, kalitatezko zerbitzu publikoei eustea eta udaletako enplegu-politikak bultzatzea dute helburu. Gizarte arloko lehentasunak funtsezko ardatza dira Udalarentzat, eta, horrela familiei zuzendutako 330.254 euroko partida jasotzen da, Amurrioko familia bakar bat ere atzean gera ez dadin. Gazteak beste sektore garrantzitsu bat dira Udalarentzat, eta, ondorioz, 30.000 euroko partida bideratu da alokairurako laguntzetarako.

Susperraldi sozioekonomikoa, neurri handian, enplegua suspertzetik dator. Horregatik, enplegurako partida 74.597 eurotan handituko da, 514.606 eurora iritsi arte, azken 10 urteetako enplegu-partidarik handiena, udal, gazte eta eskualdeko enplegu-planak sustatzen jarraitzeko helburuarekin.

Kultura bultzatzea balio segurua eta erreferenteetako bat izango da Udalarentzat. 2022an, Amurriok bere lehen Kultur Plan Estrategikotik eratorritako hainbat ekintza izango ditu. Gainera, euskararen erabilera bultzatzen jarraituko da, aurten, martxoaren 31n Amurriotik abiatuko den Korrikari udalerriak emandako babesaren bitartez, horretarako partida handituz. Bestalde, herrian egiten diren jarduera askoren ardatza den udalerriko elkarte-sareak aurrekontuaren % 4,6 jasoko du, hau da, 806.872 euro.

Inbertsioak

Inbertsioen kapitulua aurrekontuaren % 16,62koa da, hau da, 2.902.535 €. Besteak beste, jarduketa hauek egingo dira: epaitegiaren inguruan aparkalekua eraikitzea, Aiara eta Frontoi kaleak oinezkoentzat prestatzea, Mendiko eta Zabaleko ikastetxe publikoetan eta Haurreskoletan inbertitzea, kros zirkuitua egokitzea, edo tirolina bat jartzea, skate park-aren eraikuntzarekin batera udalerrian aisialdirako gune berriak eskaintzeko. “Aurrekontuak inbertsio atal garrantzitsua hartuko du udalerriko proiektu estrategikoetan aurrera egiten jarraitzeko, Amurrio eskuragarriago eta atseginagorantz aurrera egiteko”, azaldu du Amurrioko Udaleko alkateak.

Horrez gain, 168.867 euro bideratuko dira udalerriko Administrazio Batzarretara, eta 340.000 euro, berriz, herritarren zuzeneko partaidetzaren bidez erabakitako ekintzetara; 100.000 euro, auzoetako batzarretatik sortutako jarduketetara; eta, iaz aurrekontu parte-hartzaileen kanpaina berria hasi ondoren, 240.000 euro bideratuko dira proiektu horretatik ateratzen diren ekintzak gauzatzera.

2022rako aurrekontua egitea iazko kontuak onartzean hartutako konpromisoak betetzeari lotuta egon da. “2021eko martxoan erabaki zen moduan, aurrekontuaren Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek hartu dute parte zirriborroa egiteko lanean, eta hilabeteetako lanaren ondoren, kontuak urtarrilean onartuko dira”, adierazi du Molinuevok.

 

 

Amurrio Bidean elkarteak Aktibatu Expres eskaintzen du: lana bilatzeko laguntza indibiduala eta pertsonalizatua eskaintzen duen zerbitzua

Zerbitzu honen helburua da 20 eta 44 urte bitarteko langabetuei, prestakuntza-zikloko edo graduko prestakuntza dutenei, merkatuan sartzen laguntzea.

Laguntza gehienez 50 ordukoa izan daiteke pertsona bakoitzeko, zehaztutako ordutegian, eta astean saio bat egingo da gutxi gorabehera, parte-hartzaile bakoitzaren beharren eta helburuen arabera pertsonalizatua.

Laguntzan edo mentorizatzean, honako hauek landuko dira: lanbide-helburuaren definizioa, helburu hori lortzeko indarguneak, enplegua bilatzeko beharrezko gakoak: curriculuma, aurkezpena eta prozesuan bertan laguntzea, jarraitu beharreko estrategiatik, tokiko enpresa-saretik eta harremanetatik hasi eta lan-elkarrizketetaraino.

Otsailean irekita egongo da laguntza-zerbitzu honetan parte hartzeko eskaera egiteko epea. Informazio gehiago behar izan ezgero, jarri harremanetan Amurrio Bideanekin 945891721 telefonoan edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. postaren bidez.

Aktibatu Expers Hazilan programaren zerbitzu bat da. Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020 Programa Operatiboak finantzatzen du, eta Garapen eta Lanbideren bidez koordinatzen da.

Abian dira jarduera fisikoa eta osasuna sustatzeko Mugiamurrioren programak

Urte berria hastearekin batera, Amurriok berriro ekingo die Mugiamurriotik bultzatutako jarduerei, ariketa fisikorako eta osasunerako “Bizi Zaitez Bizi” eta “Osasunerako Bizitza Aktiboa 55+” programen bitartez. Dagoeneko hasi dira, baina oraindik leku libreak dituzte. Bestalde, orientazio-zerbitzua ostegunetan egiten jarraitzen da, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara, interesdunek aholkularitza jaso ahal izan dezaten.

“Bizi Zaitez Bizi” programa ostegunetan izango da Nagusi Etxean, eta 3 talde izango ditu, 9:30ean, 10:30ean eta 11:30ean. Programa horren helburua Amurrioko adinekoen ongizatea, bizi-kalitatea eta garapen pertsonala sustatzea da. Saioetan, modu aktiboan eta gogobetetzailean zahartzeko moduari buruzko oinarrizko ezagutzak transmitituko dira, bizimodu aktibo eta osasungarriak sustatuko dira, eta jarduera funtzionala konpentsatzeko eta funtzionamendu emozionala, motibaziozkoa eta soziala optimizatzeko estrategiak irakatsi eta entrenatuko dira.

Bestalde, “Osasunerako Bizitza Aktiboa 55+” programa astearteetan egingo da Reforren, eta horrek ere 3 talde izango ditu, 9:30ean, 10:30ean eta 11:30ean. Jarduera horren bidez, zahartze aktiboa eta osasungarria sustatu nahi da 55 urtetik gorako udalerriko biztanleen artean, ohitura osasungarriak irakatsiz eta entrenatuz, jarduera fisikoa, besteak beste. Jarduera funtzionala konpentsatzeko estrategiak landuko dira, baita bizi-estilo aktibo eta osasungarria lortzeko motibazio-funtzionamendua optimizatzeko estrategiak ere.

Programetan parte hartu nahi dutenek Mugiamurrioko bulegoan eman ahal izango dute izena, Kultur Etxeko lehen solairuan, ostegunetan 17:00etatik 18:00etara eta ostiraletan 10:30etik 11:30era, eta baita 619411732 telefono zenbakira deituta ere.

Orientazio-zerbitzua

Orientazio zerbitzua, Mugiamurrioko funtsezko pieza, Kultur Etxean egiten jarraitzen da ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara, interesa duten pertsonek aholkularitza jaso dezaten. Orientazio-zerbitzura joateko, aldez aurretik hitzordua hartu beharko da 619411732 telefono zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatziz.

Amurrioko kintoak errondan irtengo dira ostiral honetan, Santa Ageda bezperan, eta otsailaren 11n

Amurrioko kintoak, neskak eta mutilak, errondan irtengo dira ostiral honetan, Santa Ageda bezperan, eta baita otsailaren 11n ere. 2004an jaiotako gazteak, hau da, 2022an 18 urte betetzen dituztenak, aurten 100 inguru, abestera irtengo dira, baina iaz bezala, ez diete dirurik eskatuko herritarrei, horrela pertsonen arteko kontaktua saihesteko. Jarduera biek unean-unean indarrean dauden osasun-neurriak bete beharko dituzte.

Bestalde, Amurrioko Udalak, gazteekin koordinatuta, bere gain hartuko du otsailaren 11n egingo den jai-programaren gastua. Egun horretan, goizean, kintoek, neskek eta mutilek, talde txikietan, Santa Ageda abestia abestuko dute saltoki, ikastetxe eta zenbait enpresatan, eta 13:30ean Guk-en ondoko parkean izango dira. Emanaldia Juan Urrutia plazan errepikatuko dute 24:00etan. Egitaraua osatzeko, Orkresta Elektrotxarangaren emanaldia izango da 19:00etan eta Erruki Erromeriaren emanaldia 22:00etan.

Amurrioko Udalak oinezkoentzako ibilbideak egokitu ditu San Roken, Zabalibarren eta San Josen

Amurrioko Udalak oinezkoentzako hiru ibilbide egokituko ditu San Roken, Zabalibarren eta San Josen, oinezkoen irisgarritasun eta segurtasun baldintzak hobetzeko asmoz. Lanak hilabete batez luzatuko dira eta 26.810 euroko inbertsioa eskatuko dute.

Auzoetako batzarretan eskatutako jarduketa horiek, herritarrentzat 1.000 metro inguruko ibilbidea oinez ibiltzeko egokitzea dakarte. Zehazki, San Jose auzoan, duela gutxi amaitu diren galtzada asfaltatzeko obrak egin ondoren, 2 metroko zabalera izango duen oinezkoentzako 185 metroko ibilbidea seinaleztatuko da. Ibilgailuentzako erreia 5 metrokoa izango da, eta Arenalde kalean noranzko bikoitza kentzea ekarriko du, noranzko bakarrekoa bihurtuz, Laudio/Bilborako noranzkoan.

San Rokeri eta Zabalibarri dagokienez, aurretik dauden lerroak fresatuko dira eta, ondoren, oinezkoentzako ibilbidearen seinale horizontalak jarriko dira. San Rokeren kasuan, 530 metro luze eta 1,5 metro zabal izango da, eta Zabalibarren, 270 metro luze eta 2 metro zabal. Era berean, seinale bertikal berriak jarriko dira, eta, besteak beste, oinezkoen pasabideak edo gelditzeko lerroak margotuko dira.

Jarduketak gauzatzeko lanak hilabete honen amaieran hasiko dira eta hilabete inguru iraungo dute, eguraldiaren baldintzen arabera.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.