Amurrioko 19 establezimenduk bat egin dute “Establezimendu Lagunkoia” programarekin

Amurrioko Udalak eta adinekoen kontseilu sektorialak, merkatari txiki eta ertainen Izan Amurrio elkartearekin lankidetzan, “Establezimendu Lagunkoia” programa abian jartzeko lehenengo urratsa eman zuten joan den astean. Hezkuntza-kanpaina horrek, saltokiei, ostalaritzari eta zerbitzu pertsonalei adineko bezeroak erakartzen laguntzeko jardunbideak eskaintzen ditu.

Guztira, merkataritza, zerbitzu pertsonal eta ostalaritza alorretako udalerriko 19 establezimenduk hartu zuten parte joan den ostegunean Nagusin egindako prestakuntza-jardunaldian. Jardunaldi horri esker, udalerria adinekoentzat lagunkoiagoa izan dadin gauzatu beharreko jardunbideak ezagutu ahal izan zituzten parte-hartzaileek.

Prestakuntzak, besteak beste, pertsona guztiei, eta batez ere adinekoei, kalitatezko zerbitzua emateko jarraibideak eta gomendioak erakutsi zituen, hainbat arlotan izan ditzaketen beharrizanak konpentsatzeko, hala nola mugikortasun, ikusmen eta entzumen gutxiago izatea eta narriadura kognitiboak.

“Ekimen horren helburu nagusia establezimenduak bezeroentzat lagunkoiagoak izatea da, eta emandako jardunbideei esker, adinekoen beharretara egokitu ahal izango dira, euren bizitza euren ohiko ingurunean eta ahalik eta modu autonomoenean gauzatzen jarrai dezaten”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Ostegunean egindako bilkuran, datozen asteetan euren lokaletan ikusi ahal izango den “Lagunkoiak gara” zigilua dagoeneko duten establezimendu hauek hartu zuten parte: Calzados Urrutia, Instalaciones Castro, Artomaña Txakolina, Karisma, Robledos, La Norteñita, Izamara ileapaindegia, hermanos Otegui arrandegia, Garoa, Sera ileapaindegia, Batzoki, Atxubi, Cola de Gallo, Frontón Taberna, Nagusi, Guk, Hostal Ayala eta Arkune. Gainera, aurrez aurreko jardunaldira joaterik izan ez zuten beste establezimendu batzuek online prestakuntza egingo dute.

“Lagunkoiak gara”

“Establezimendu Lagunkoiak” ekimena Euskadi Lagunkoiatik sortu da; izan ere, gaur egun, Euskadin 10 pertsonatik 2 65 urtetik gorakoak dira, eta 2029an, 10etik 3 izango dira. Gainera, adineko pertsona horiek hurbileko saltoki txikietan ibiltzen dira, eta zerbitzu ona fideltasunaz eta leialtasunaz saritzen dute; beraz, arreta pertsonalizatua eskatzen duen eta konfiantzazko harremana bilatzen duen kolektiboa da.

 

 


Inprimatu   E-maila