Amurrioko Udalak eta Vicente Ferrer Fundazioak berritu egin dute duela zenbait urtetik gauzatzen ari diren lankidetza-hitzarmena. Finantzatutako proiektuak Indiako Anantapur barrutiko Ragulapadu landa-komunitateko 47 familiari etxebizitza duina eskuratzeko aukera ematea du helburu, eta 10.000 euroko laguntza izango du.
Proiektu horren bidez, giza ingurune inklusibo, duin eta segurua sortu nahi da Ragulapadu herrixkan, Indiako kasta behartsuenetako familientzat. Horretarako, 47 etxebizitza eraikiko dira, eta 47 emakumek etxebizitza eskuratzeko eta saneamendurako eskubidea izango dute, horietako 3 desgaitasunen bat dutenak. Emakume horiek eta euren senideak izango dira etxe horien etorkizuneko jabeak.
Aldi berean, tokiko parte-hartzea sustatuko da proiektuaren fase guztietan, oinarrizko egitura komunitarioak indartzeko eta genero-ikuspegitik saneamendurako eskubideei eta norberaren beharrak aire zabalean egiteak dituen ondorioei buruzko kontzientziazio-mailak hobetzeko.
Jarduketa horren bidez, familiek eta, batez ere, emakumeek eta desgaitasuna duten pertsonek jasaten duten pobrezia-zirkulua hautsi nahi da, haien ahalduntze sozioekonomikoa sustatuz, higieneari eta saneamenduari buruzko gaietan sentsibilizazioa areagotuz, bai eta haien parte-hartze aktiboa, jarraipena eta, batzuetan, eraikuntzako jarduera guztietan partaideek izan behar duten lidergoa bultzatuz ere, familiak euren komunitatearen garapenaren bultzatzaile eta protagonista izan daitezen.