Aiarako Koadrilak Berdintasunaren Aldeko Eskualdeko III. Ibilaldi Neurtua berreskuratuko du martxoaren 13an

Aurten Aiarako koadrila ez da berriro Berdintasunaren aldeko Eskualdeko III. Ibilaldi Neurtu klasikorik gabe geratuko. Kaskagorri eta Altzarrate klubek Amurrio, Aiara eta Laudioko Udalekin elkarlanean antolatutako kirol hitzordua martxoaren 13an, igandean, izango da.

Ohitura denez, kirolariak 10:00etan irtengo dira aldi berean Amurrioko eta Laudioko Herriko Plazatik, helburu honekin: eskualdean berdintasuna indartzea eta sustatzea. Ibilaldiak laugarren edizioa beteko du 2022an, eta Arabako bi herriak lotuko ditu, familian egiteko inolako zailtasunik gabeko 12.400 metroko ibilbide lauaren bitartez. Gainera, ibilbidearen erdian, Luiandon hain zuzen ere, edariak, fruta eta gailetak izango dituen hornidura puntua egongo da parte-hartzaileentzat.

Egungo osasun-egoera dela eta, hornidura gelditu gabe egingo da, pilaketak saihesteko. Ibilbidea amaitutakoan, doako autobusak jarriko dira abiapuntura itzultzeko.

Izen-ematea

Parte hartu nahi dutenek otsailaren 22tik martxoaren 10era bitartean eman ahal izango dute izena, edo kamisetak agortu arte, bi klubetan eta Aiarako Udaleko HAZen. Laudion, herritarrek udaletxeko sarrerara jo beharko dute astearte eta ostegunetan, 11:00etatik 13:00etara. Amurriok, bestalde, Kultur Etxea jarriko du herritarren eskura, martxoaren 4an eta 11n (ostiralak), 11:00etatik 13:00etara eta martxoaren 7tik 10era, 17:00etatik 19:00etara.

Izena emateak 5 euroko kostua izango du, 2020an, pandemiaren ondorioz martxa bertan behera geratu zen urtean, kopuru hori ordaindu zuten pertsonentzat izan ezik. Ordainagiriarekin batera, kamiseta tekniko bat eta oroitzapenezko zapi bat emango zaizkie parte-hartzaileei, dortsalarekin eta martxaren irteera eta iritsiera kontrolatzeko fitxarekin batera.

Berdintasunaren aldeko ekimen honetako parte-hartzeak gora egin du ospatutako edizio bakoitzean. 2019an, Berdintasunaren aldeko Eskualde Martxa Neurtuak 1.318 pertsona bildu zituen, lehen urteko parte-hartzaile kopurua bikoiztuz.

Sariak Arespalditzako Emakumeen Gelan banatuko dira ekitaldiaren ondorengo egunetan, denbora guztiak egiaztatu eta tarteko denborak atera ondoren.

 


Inprimatu   E-maila