Haurren Elkarguneak Amurrion umeen parte-hartzea sustatzeko lehen pausoak eman ditu

Urriaren 29an hasi zen Amurrion herriko umeen parte-hartzea sustatzea helburu duen Haurren Elkargunea ekimena. Udalerriko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailan ari diren 20 neska-mutilek osatzen dute eta 9 aldiz bilduko dira ikasturtean zehar.

Urriaren amaieran egindako lehen saio horrek helburu bikoitza izan zuen. Batetik, Haurren Elkarguneko kideek elkar ezagutzea, eta, bestetik, Txerra Molinuevo alkatearekin elkarrizketaldia izatea eta iritziak trukatzea. Taldeko kideek egindako galdera asko alkatearen figurari eta herrian dituen egitekoei buruzkoak izan ziren, baina animaliekiko bizikidetzari, parkeei, aniztasunari, mugikortasunari, kutsadurari eta ingurumenari buruzko gaiak ere jorratu ziren.

 

Gainera, lehen jardunaldi horrek lehen egitekoa martxan jartzeko ere balio izan du, ikasturtean zehar landuko diren gaiak aztertzeko eta biltzeko.

 

“Haurren Elkargunea osatzen duten umeekin lehenengo hartu-emana oso positiboa izan da. Euren iritzia emateko eta bizi diren udalerria hobetzeko gogoa dute, eta horretarako bultzatu da ekimena, txikitatik parte har dezaten, eredu horretan ahalduntzeko eta erantzunkidetasunean oinarritutako parte-hartzea sustatzeko”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Amurrio Hiriko XII. Gabon kanta erronda

Erronda Amurrion burutuko da 2021eko Abenduaren 23an, astelehena, arratsaldeko 6etatik aurrera. Gabon Kanta Lehiaketarako izen ematea dohainik da eta Amurrioko Kultur Etxean edo 945891450 telefonoan egingo da, azaroaren 15tik abenduaren 13ra. Izen ematearen epea bukatu eta gero, koro bakoitzari adieraziko zaio parte hartzeko leku eta orduak.

 

Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (2021eko Gabon kanta lehiaketaren oinarriak.pdf)OinarriakOinarriak54 kB10-11-21 09:34

Amurriok 13 pertsona kontratatuko ditu Eskualdeko Enplegu Planaren bidez

Aiarako Kuadrillak aurten ere gauzatu ditu Eskualdeko Enplegu Planak. Amurrioko kasuan, profil hauek dituzten 13 pertsona kontratatuko dira sei hilabetez: basoko 4 peoi eta herri mantentze-lanetarako 4 peoi, 2 arduradun eta 3 administrari. Izena LANBIDEren bidez eman beharko da azaroaren 15etik 30era.

Plan horiek ekainaren 16an emandako ebazpenaren arabera LANBIDEk eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten langabeei zuzenduta daude. Kontratazioak abenduaren 31 baino lehen egingo dira.

La Casonak filatelia eta numismatika erakusketa jasoko du azaroaren 13tik 27ra bitartean

Urtero Amurrion egiten den Filatelia eta Numismatika Erakusketa La Casonako erakusketa aretora iritsiko da aurten azaroaren 13tik 27ra. Erakusketaren inaugurazio ekitaldia azaroaren 13an izango da, 12:00etan, eta 17:00etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da lanegunetan (astelehenetan izan ezik) eta 12:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan.

Zigiluekin, txanponekin eta billeteekin dugun urteroko hitzordu horrek hainbat atal izango ditu. Erakutsitako txanponek hainbat gai islatuko dituzte: Espainiako monetak, behin-behineko gobernuko, Amadeoren eta Alfontso XII.aren eta XIII.aren gobernuetako ogerlekoak, eta Europar Batasuneko herrialde guztiek jaulkitako euroak. Txinako txanpon inperialak ere ikusi ahal izango dira, Zhou dinastiatik (K.a. 225) hasita eta baita Erromatar Errepublikako Moneta, Inperioaren hasierara arte. Beste gai batzuk hauek izango dira: hegazkingintzako aparteko pertsonak, dinosauroak, animaliak, zibilizazioak, kultura, kirolak, ontzak eta euroak koloretan. Beste atal batean, Juan Carlos I.aren erregealdiko billeteak erakutsiko dira, baita 1937ko Euskadiko Gobernuaren billeteen zenbakirik gabeko serie bat ere.

Filatelia atalari dagokionez, Armuru Elkarte Filateliko Numismatikoak 1981etik aurrera egin dituen erakusketa guztietako zigilu-markak eta Aranoak margotutako Amurrioko gurutze-bidearen zigiluak izango dira ikusgai. Aurten, ohi bezala, bilduma gonbidatu bat izango da, oraingoan Durangoko bildumagile baten likore-botilatxoen bilduma, hain zuzen ere.

Erakusketa tradizional honetan hainbat jarduera egingo dira. Horrela, azaroaren 16an, 17:00etatik 19:00etara, Correoseko Aldi Baterako Estafeta egongo da martxan. Oraingo honetan, zigilua, Victoriano Barañano Avendañoren, Armuru Elkarte Filateliko Numismatikoaren lehen presidentearen, oroimenez izango da. Horrela, Barañanori eskainitako zigilua eta zigilu-marka duten kartak mundu osoan bidali eta jaso ahal izango dira.

Gainera, La Casonan bi hitzaldi ere antolatu dira. Lehena azaroaren 17an izango da, 18:30ean, filateliari buruzkoa, eta, hurrengo egunean, ordu berean, bigarrena, numismatika gaitzat hartuta. Erakusketa aretoan ‘Ezagutza numismatikoa’ lehiaketa ere egingo da beste urte batzuetan bezala, gazteen artean jakin-mina sortzeko.

 

Ez gelditu! Prestatu lana bilatzeko!

Azaroaren 23tik 26ra lana bilatzeko prestatu zaitezke. Prestakuntza aurrez aurrekoa izango da 9:00etatik 14:00etara, eta Amurrio Bideanen instalazioetan emango da.

Programak Okupatu izena du, eta talde-jarduera praktiko eta dinamikoen bidez garatzen da. Metodologia horrek loturak eta lankidetza sortzea sustatzen du, lana norbera bakarrik bilatzeko erronkari ez heltzeko.

Parte-hartzaileak trebetasun pertsonaletan eta profesionaletan trebatzea du helburu; autoezagutzan, automotibazioan, talde-lanean…indarrak identifika ditzaten eta modu eraginkorrean erabil ditzaten lana bilatzeko eta lan-elkarrizketa egiteko.

Prestakuntza hau Aiarako Kuadrillan erroldatuta dauden eta enplegu-bilaketa aktiboan dauden edo beren helburu profesionala birpentsatu nahi duten pertsonei zuzenduta dago.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Amurrio Bidean-ekin, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. posta elektronikoan edo 945891721 telefonora deituz.

Prestakuntza Arabako Foru Aldundiaren bidez finantzatzen da, Aiarako Kuadrillarekin lankidetzan.

‘Amurrio Gift Azoka’ azaroaren 5etik 7ra bitartean egongo da San Anton plazan, herriko denda, artista eta ekoizleen eskutik

Amurriok ‘Amurrio Gift Azoka’ ekimen berritzailea hartuko du azaroaren 5etik 7ra, San Anton plazan. Oparien azoka da, eta udalerriko eskaintza komertziala erakustea eta Gabonetako opariei begira inspirazio iturri izatea du helburu. Amurrioko Udalak antolatutako ekimenak AFAren diru-laguntza du.

Azokako hiru jardunaldietan herriko 30 saltokik, 6 artistak eta 10 ekoizlek hartuko dute parte, eta jardunaldi bakoitza gai batera zuzenduko da. Azokari hasiera emateko, ostiralean moda, osagarriak eta zerbitzu pertsonalak izango dira herriko saltokien eskutik, 10:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara. Larunbatean, berriz, artea, dekorazioa eta etxea izango dira gaia, eta herriko artistek eta saltokiek hartuko dute parte, 10:00etatik 14:30era. ‘Amurrio Gift Azoka’ igandean amaituko da, eta 10:00etatik 14:30era bitartean gastronomia izango da protagonista bertako ekoizleen eskutik. Azken jardunaldian, 12:00etan, Gasteizko Sukalki jatetxeko Luis Angel Plágaroren showcooking bat izango da. Showcooking-era joan nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena www.basquemountains.com/txirekia webgunean.

Hiru azoka egunetan hainbat emanaldi izango dira. Ostiralean 19:00etatik 20:00etara musika emanaldia izango da Sabin Guarestiren eskutik eta larunbat eguerdian herriko Ilargiak Taldearen txanda izango da, 13:00etan. Igandean, azokari amaiera emateko, Sergio Arrospide umorista izango dugu 13:15etik aurrera.

Zozketak

Azokan hainbat zozketa egingo dira, enpresa erakusleetan, bai azokan bertan, bai euren establezimenduetan, erosten duten pertsonen artean. Egindako erosketarengatik txartelak emango dira, azokan dagoen hautestontzi batean utzi beharko dira eta, egunero, saria gozatuko duen pertsonaren izena aterako da. Hilabeteko epean parte hartzen duen edozein establezimendutan erabili ahal izango den bale bat zozkatuko da egunero.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.