Amurrioko Udalak 277.331 euro inbertituko ditu Zabaleko eta Mendiko ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Amurrioko Udalak zenbait diru-laguntza eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza 2021 programari, Mendiko eta Zabaleko ikastetxeetan hainbat hobekuntza egiteko. Bi ikastetxeetan, guztira, 277.331 €-ko inbertsioak aurreikusi dira, udal-baliabideekin eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin. Horrela, 108.352 € bideratuko dira Mendiko Eskolara eta 168.979 € Zabaleko ikastetxera. Udalaguntza programa, hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko laguntzen deialdia da.

Mendiko Ikastetxe Publikoko jolastokian karpa bat jartzea (18.000 €), instalazio elektrikoa berritzeko fase berri batekin jarraitzea (50.352 €) eta jolastoki inklusiboen proiektuari jarraipena ematea (40.000 €) aurreikusten da.

Bestalde, Zabaleko Ikastetxe Publikoan jasogailu bat instalatzeko (37.986 €), galdara ordezteko (94.573 €) eta kirol-kantxaren eraikineko filtrazioak konpontzeko (6.420 €) proiektuak aurreikusten dira. Horrez gain, eskolako jolastokia egokitzeko lanekin jarraituko da, jolastoki inklusiboak sustatzeko (30.000 €).

“Urtero bezala, Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza programaren diru-laguntzarekin, hainbat hobekuntza egin ditu udalerriko ikastetxe publikoetan. Instalazioak etengabe hobetzea funtsezkoa da kalitatezko irakaskuntza publikoaren alde aurrera daramagun politikan”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Amurrioko Udalak merkatari eta ostalariei zuzendutako oinarrizko euskara ikastaroa antolatu du

Amurrioko Udalak euskara arlo guztietan sustatu nahi du, eta, horregatik, AEKrekin batera, merkataritzan eta ostalaritzan diharduten langileei zuzendutako oinarrizko euskara ikastaro bat jarri du martxan, eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetu ahal izateko. Prestakuntza horren bidez, parte-hartzaileek esaldi eta esamolde sorta bat ikasiko dute, bezeroarekin harremanak euskaraz izateko, hizkuntzaren kontrol osoa eduki beharrik gabe.

Udalak finantzatutako ikastaroak 18 orduko iraupena izango du, eta urriaren 26tik abenduaren 1era bitartean egingo da, astean bitan, ordu eta erdiko saioetan, izena eman duten pertsonek ordutegia beraien disponibilitatearen arabera aukeratu ahal dezaten. Izena urriaren 18ra arte eman ahal izango da 662303756 telefono-zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikora idatziz.

Larunbatean hasiko da Mikoturismo Egunak jaialdiaren beste hitzordu bat Amurrion

Perretxikoak biltzeko denboraldi nagusiaren etorrerarekin batera, Amurrioko Udalak Mikoturismo Egunak antolatu ditu aurten ere. Hemezortzigarren edizioa beteko dute. Hiru asteburutan, perretxikoak izango dira protagonista XVI. Pintxo Lehiaketan parte hartuko duten 10 ostalaritza-establezimenduetan. Gainera, ez dira faltako perretxikoak sailkatzeko eta erakusteko jardunaldiak udal pilotalekuan.

Pintxo lehiaketa

Perretxikoekin egindako pintxoen XVI. Pintxo Lehiaketan 10 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte: Alanbike, Albizabal, Atxubi, Batzoki, El crucero, El Desván, El Rinconcito, Gintoki, Taberna Fronton eta Txoko Gorri. Lehiaketak bi sari banatuko ditu: epaimahaiak aukeratutako pintxorik onena (200 euro eta plaka bat) eta bozketa herrikoian aukeratutako pintxorik onena (150 euro eta plaka bat).

Herritarren aukeraketan parte hartu ahal izateko gutxienez 6 pintxo probatu beharko dira. Bozkatzeko txartelak azaroaren 2ra arte utzi ahal izango dira Kultur Etxean eta udaletxean dauden hautestontzietan, eta urriaren 31ra arte, udal pilotalekuan. Gainera, bozketan parte hartuko duten pertsonen artean 250 euroko bi sari zozkatuko dira.

Gastronomiaren arloan, pintxoak dastatzeaz gain, denboraldiko perretxikoekin egindako bi menu eskainiko dituzte Abiaga eta Bideko jatetxeek.

Perretxikoen sailkapena eta erakusketa

Perretxikoak sailkatzeko ohiko jardunaldia urriaren 30ean izango da, 18:00etatik aurrera, udal pilotalekuan. Alberto Villanueva mikologoa, Arriola Elkarte mikologikoaren kolaboratzailea, bi orduz egongo da perretxikoen sailkapena egiten, eta interesa duen edozeinek har dezake parte, ikusle gisa, zalantzak kontsultatzeko edo bildutako espezieak sailkatzeko eramanez. Perretxikoen erakusketa urriaren 31n izango da udal pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara.

Perretxikoen denboraldi nagusia iristearekin batera, Amurrioko Arriola Elkarte Mikologikoa Kultur Etxeko bere egoitzan izango da astelehenero, urritik abendura, 18:30etik 19:30era bitartean, zalantzak argitzeko eta amurrioarrei aleak identifikatzen laguntzeko.

Astelehetik aurrera itxita egongo da Nerbioiko Parke Linealaren Luiando eta Markijanako pasabidearen arteko tartea

Datorren astelehenetik, urriaren 18tik, aurrera, eta bi astez, gutxi gorabehera, Nerbioiko Parke Linealaren tartea itxita egongo da Markijanako pasabidetik Luiaondora. Itxiera, Nerbioi Garaiko Hondakin Uren etorkizuneko Araztegirako hondakin uren kolektorea eraikitzeko lanek eragin dute.

Oinezkoek behar bezala seinaleztatutako beste bide bat izango dute, Amurrio Luiaondoko tren geltokiarekin lotzeko, San Roke auzotik, Tubos Reunidosen atzetik.

 

Vitoria-Gasteizeko heriotza gaitzesteko eta kondenatzeko Erakunde-Adierazpena

Genero-indarkeriaren biktimei arreta eskaintzean parte hartzen duten eragile guztiek 2014ko maiatzaren 16an sinatu zuten erakundeen arteko jarduketa eta koordinazioko erakunde-protokoloa, genero-indarkeriaren biktimen arreta hobetzeko. Hain zuzen, dokumentu horretan ezarritakoa betez, udal honek erabaki du udaleko alderdi politiko guztien eskutik honako hau onartzea:

VITORIA-GASTEIZEKO HERIOTZA GAITZESTEKO ETA KONDENATZEKO ERAKUNDE-ADIERAZPENA

Ondo dakigun bezala, emakumeen kontrako indarkeria, gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren sinbolo basatiena da, eta emakumeen duintasunaren eta integritate fisiko eta moralaren kontrako atentatu jasanezina da eta, ondorioz, Giza Eskubideen bortxatze larria eta onartezina dakar berarekin.  

 

Vitoria-Gasteizeko emakume baten erailketa dela eta, hilketa horren aurreko gure erabateko gaitzespena adieraziz.

Hori dela eta, Amurrioko Udalak adierazten du

1.- Amurrioko Udalak guztiz kondenatzen du Vitoria-Gasteizeko heriotza, eta horri dagokienez, erabat arbuiatzen eta sumintzen duela adierazten du.

2.- Solidariotasun eta hurbiltasun osoa erakusten dio biktimaren familiari eta lagunei.

3.- Gogorarazten dugu gizarteko gaitz horren aurka elkarrekin borrokatzeko erantzukizuna eta premia ditugula gizartearen, erakundeen eta herritarren instantzia guztiok, eta ahotsa altxatu eta salatu egin behar dugula erabat eta salbuespenik gabe indarkeria edota bortxa matxistaren edozein zantzu.

4.- Gainera, biktimen eta senideen esku jarri behar ditugu genero-indarkeriako kasuei aurrea hartzeko eta arreta eskaintzeko beharrezkoak diren baliabideak.

5.- Amurrioko herritarrei gogorarazten die milaka emakumeri zuzenean eragiten dieten gertakari mota horiek ez daudela gizartetik eta eguneroko bizitzatik heriotza hauek emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen handiena da, baina egunerokoan emakumeen aurkako eraso horien adierazpen eta jarrera asko gertatzen dira, eta horiek guztiak kondenagarriak eta gaitzesgarriak dira.

6.- Ildo horri jarraikiz, herritarrak animatzen ditugu jarrera aktiboa hartzera emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenen aurrean: berau salatzera, ez onartzera, isilik ez egotera eta biktimei babesa erakustera.

7.- Halaber, deia egiten zaie amurrioarrei 2021eko urriaren 13an 19:00etan Amurrioko plazan bost minutuko kontzentraziora hilketa honen aurreko gaitzespena adierazteko

Amurrion, 2021eko urriak 13

Amurrioko Udalak topaketa bat antolatu du herriko kultur eta sormen sektorea entzuteko

Amurrioko Udala Kulturaren Plan Estrategikoa diseinatzen ari da, eta plan horrek ezarriko ditu datozen 10 urteetan eremu horretan gauzatu beharreko jarduketen oinarriak. Dokumentuaren helburu nagusietako bat, herriko kultur bizitzaren sortzaile, ikusle, parte-hartzaile eta erabakitzaile izango diren herritarrak sortzen lagunduko duten lan ildoak definitzea izango da. Horrez gain, Planak, Amurrio eskualdeko kultura-erreferente gisa sendotzeko eta kulturaren balioa nabarmentzeko ideiak proposatuko ditu, beste sektore batzuekin, gizartearekin, hezkuntzarekin edo garapen ekonomikoarekin, besteak beste, bat egiteko ahalmena duen eremu gisa.

Lan-esparru horretan, ezinbestekoa da plan estrategikoak kulturaren eta sorkuntzaren sektorean lanbide-jarduera garatzeko testuinguru egokia sortzen laguntzea. Ildo horretan, orain arte, Udalak lan-bilerak egin ditu herriko prestakuntza artistikoko eskolekin eta bertako kultur ekipamendu nagusiekin. 

Orain, prozesuari buruzko xehetasun gehiago jakiteko eta ekarpenak egiteko interesa duten gainerako eragileekin biltzeko txanda iritsi da. Horretarako, Udalak kontrasterako bilkura irekia deitu du. Hitzordua urriaren 20an, asteazkenean, izango da, Amurrio Antzokian, 19:00etan. Bertan, Planaren oinarriak eta garapenerako ildo nagusiak azalduko dira, eta, aurkezpenaren ondoren, dinamika bat ezarriko da, parte hartzen duten eragileek zalantzak argitu eta ekarpen orokorrak egin ahal izan ditzaten. Ondoren, topaketa hainbat lan-mahaitan antolatuko da, eta mahai horien helburua honako arlo hauetan jorratu beharreko erronka nagusiak agerian jartzea izango da: esperimentazio artistikoari laguntzea, sorkuntza, erakusketa, audientzien garapena, ekintzailetza eta enpresa, prestakuntza, balioa ematea eta komunikazioa, edo beste jarduera-sektore batzuekin bat egitea.

Parte hartu nahi izanez gero, 945 89 11 61 - 132 Luz. telefono zenbakian edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikoan eman beharko da izena, urriaren 15era arte.

 

 

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.