Larunbatean hasiko da Mikoturismo Egunak jaialdiaren beste hitzordu bat Amurrion

Perretxikoak biltzeko denboraldi nagusiaren etorrerarekin batera, Amurrioko Udalak Mikoturismo Egunak antolatu ditu aurten ere. Hemezortzigarren edizioa beteko dute. Hiru asteburutan, perretxikoak izango dira protagonista XVI. Pintxo Lehiaketan parte hartuko duten 10 ostalaritza-establezimenduetan. Gainera, ez dira faltako perretxikoak sailkatzeko eta erakusteko jardunaldiak udal pilotalekuan.

Pintxo lehiaketa

Perretxikoekin egindako pintxoen XVI. Pintxo Lehiaketan 10 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte: Alanbike, Albizabal, Atxubi, Batzoki, El crucero, El Desván, El Rinconcito, Gintoki, Taberna Fronton eta Txoko Gorri. Lehiaketak bi sari banatuko ditu: epaimahaiak aukeratutako pintxorik onena (200 euro eta plaka bat) eta bozketa herrikoian aukeratutako pintxorik onena (150 euro eta plaka bat).

Herritarren aukeraketan parte hartu ahal izateko gutxienez 6 pintxo probatu beharko dira. Bozkatzeko txartelak azaroaren 2ra arte utzi ahal izango dira Kultur Etxean eta udaletxean dauden hautestontzietan, eta urriaren 31ra arte, udal pilotalekuan. Gainera, bozketan parte hartuko duten pertsonen artean 250 euroko bi sari zozkatuko dira.

Gastronomiaren arloan, pintxoak dastatzeaz gain, denboraldiko perretxikoekin egindako bi menu eskainiko dituzte Abiaga eta Bideko jatetxeek.

Perretxikoen sailkapena eta erakusketa

Perretxikoak sailkatzeko ohiko jardunaldia urriaren 30ean izango da, 18:00etatik aurrera, udal pilotalekuan. Alberto Villanueva mikologoa, Arriola Elkarte mikologikoaren kolaboratzailea, bi orduz egongo da perretxikoen sailkapena egiten, eta interesa duen edozeinek har dezake parte, ikusle gisa, zalantzak kontsultatzeko edo bildutako espezieak sailkatzeko eramanez. Perretxikoen erakusketa urriaren 31n izango da udal pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara.

Perretxikoen denboraldi nagusia iristearekin batera, Amurrioko Arriola Elkarte Mikologikoa Kultur Etxeko bere egoitzan izango da astelehenero, urritik abendura, 18:30etik 19:30era bitartean, zalantzak argitzeko eta amurrioarrei aleak identifikatzen laguntzeko.


Inprimatu   E-maila