Amurrioko Udalak hitzaldi bat antolatu du suizidioa ikusarazteko eta prebenitzeko, informazioaren eta detekzio goiztiarraren bidez

Amurrioko Udalak hitzaldi bat antolatu du suizidioa ikusarazteko eta prebenitzeko, informazioaren eta detekzio goiztiarraren bidez

  • Ekimena Gizarte Ekintza eta Osasun Sailak antolatu du, eta tresna praktikoak eskainiko ditu arrisku-egoerak identifikatzeko eta behar bezala jarduteko

Datorren maiatzaren 7an, osteguna, Amurrioko Udalak, Gizarte Ekintza eta Osasun Sailaren bitartez, hitzaldi bat antolatu du suizidioaren prebentzioari buruz. Izan ere, arazo hori isilduta egon da hainbat urtez, eta gizartea gehiago sentsibilizatzea behar du. Jarduera Amurrioko Katekesian izango da, 17:00etan, SECOTen (Lankidetza Teknikorako Seniorrak) eskutik, eta herritarrei informazio garrantzitsua helaraztea du helburu, jokabide arriskutsuak identifikatzeko eta jokabide horiek profesionalki bideratzeko.

Saioak prebentzioaren garrantzia azpimarratuko du, hau da, detekzio goiztiarra zailtzen duten mitoak eta oztopoak apurtzen lagunduko duen informazio erabilgarria eskuratzea. Hitzaldian zehar suizidioari buruzko datu eguneratuak aurkeztuko dira, kontzeptuak argituko dira eta problematika honen ikuspegi errealista eskainiko da, arrisku faktoreak zein elementu babesleak jorratuz.

Era berean, alarma-seinaleak identifikatzen eta krisi suizidaren dinamika ulertzen lan egingo da, eta arrisku-egoeren aurrean jarduteko jarraibide argiak emango dira. Helburu espezifikoen artean, suizidioa ikusaraztea, jokaera autolitikoen maila desberdinak bereiztea eta prebentzioa oztopatzen duten uste okerrak ezabatzea nabarmentzen dira.

Laura Fernández Gizarte Ekintza eta Osasun zinegotziak horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu du: “Suizidioaz ezagutzatik eta taburik gabe hitz egitea ezinbestekoa da hori prebenitu ahal izateko. Herritarrei alarma-seinaleak identifikatzeko tresnak emateak diferentzia markatu eta bizitzak salba ditzake”.

Hitzaldiaren metodologiak edukien azalpena eta orientazio praktikoak uztartuko ditu, parte hartzen duen taldearen tamainara egokituz. Jarduerak ordu eta erdi eta bi ordu arteko iraupena izango du, gutxi gorabehera, eta bertaratutakoei oinarrizko gaitasunak eskuratzeko aukera emango die, balizko krisi suizida baten aurrean jarduteko.

Proposamen honekin, Amurrioko Udalak osasun komunitarioarekin eta sentsibilizazio sozialarekin duen konpromisoa indartzen du, gizarte kontzienteago, prestatuago eta solidarioago bati lagunduko dioten informazio- eta ikaskuntza-guneak sustatuz.

Amurrioko Udalak Gizarteratzeko Tokiko Mahaia aktibatu du, udalerriko gizarte-koordinazioa indartzeko

Amurrioko Udalak Gizarteratzeko Tokiko Mahaia aktibatu du, udalerriko gizarte-koordinazioa indartzeko

  • Gainera, joan den ostiralean Bilbon egin zen Gizarteratze Mahaien II. Topaketan parte hartu du Udalak

Amurrioko Udalak Tokiko Gizarteratze Mahaia jarri du martxan berriro. Erakunde eta entitate sozialak biltzen dituen koordinazio-organoa da, eta gizarteratze- eta laneratze-arloko baterako lana sendotzea du helburu.

Suspertze horren barruan, Bilbon egin berri den Inklusio Mahaien II. Topaketan parte hartu du Udalak. Gaur egun, tokiko 13 gizarteratze-mahai daude Euskadin, eta horien artean dago Amurriokoa. Hala, tokiko gizarte-politikak etengabe hobetzeko konpromisoa berresten du.

Etapa berri honetan parte hartzen dute, Udalaren aldetik, Txerra Molinuevo alkateak, Gizarte Zerbitzuetako, Herritarren Partaidetzako eta Ekonomia Sustapeneko ordezkariek, eta, horrela, inklusio-politiken zeharkako ikuspegia indartzen da.

Era berean, udalerriko eta inguruko hainbat erakunde eta gizarte-eragilek parte hartzen dute mahaian: Gurutze Gorria, Caritas, Apdema, Asasam, Nagusilan, Ezina Ekinez Egina, Apafai, Sartu, Lanbide, Osasun Zentroa, CSM, Zaraobe BHI, EPA, Zehar, Harresiak apurtu, Batekin, Ategin eta Adinekoen Kontseilua, pertsona eta kolektibo ahulei zuzeneko laguntza ematen dutenak.

Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak adierazi duenez, “Tokiko Inklusio Mahaia berraktibatzea urrats garrantzitsua da herritarren ongizatearen alde lan egiten dugun eragile guztien arteko koordinazioa sendotzeko”. Halaber, nabarmendu du “elkarlanaren bidez soilik eskaini ditzakegu erantzun eraginkorragoak eta gure udalerriko errealitate sozialera egokituagoak”.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Laura Fernándezek azpimarratu duenez, “espazio horrek aukera ematen digu zaurgarritasun-egoerak lehenago detektatzeko eta batera jarduteko, pertsona erdigunean jarriz eta dauden baliabideak hobeto aprobetxatuz”.

Berraktibatze horrekin, Amurrioko Udalak gizarteratze- eta kohesio-politikekiko konpromisoa sendotu du, eta lankidetza-eredu baten aldeko apustua egin du, sare komunitarioa indartzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Amurrioko Udalak pertsona migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesuaren eta bere eskakizunen berri eman du

Amurrioko Udalak pertsona migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesuaren eta bere eskakizunen berri eman du

  • Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik prozeduraren baldintzak zabaltzen dira, doakoa da eta ez du eskatzen ahultasuna egiaztatzea kasu jakin batzuetan

Amurrioko Udaleko Gizarte Zerbitzuek herritarrei zuzendutako informazio-mezu bat zabaldu dute pertsona migratzaileen ezohiko erregularizazio-prozesu berriari buruz, duela gutxi BOEn dagokion dekretua argitaratu ondoren.

Helburua da prozeduraren baldintzei buruzko informazio argia eta fidagarria eskuratzea, eta informazio hori izapidetzearekin lotutako iruzurrak prebenitzea.

Alderdi nagusietako bat da kalteberatasun-egoeran egoteko baldintza ez dela egiaztatu behar interesdunak gutxienez honako kasu hauetako bat betetzen badu: Espainian lan egin izana edo behar bezala egiaztatutako lan-eskaintza edo lan-asmoa izatea; Espainian bizitzea, familia-unitatearekin batera, baldintza jakin batzuetan (adingabeko seme-alabekin, desgaitasunen bat duten pertsonekin edo mendeko aurrekoekin); edo nazioarteko babesa eskatu izana 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen.

Kasu horietako bat ere betetzen ez bada, pertsonek kalteberatasunari buruzko txosten bat erantsi beharko dute, gizarte-zerbitzuek edo Atzerritarren Laguntzaileen Erregistroan inskribatutako erakundeek egina, aurretiko hitzorduaren bidez, eta jasota geratu beharko da hitzorduaren arrazoia dela txosten hori lortzea ezohiko erregularizazio-prozesurako. Ziurtagiri horrek prozedura horretarako bakarrik balioko du, eta 2026ko ekainaren 30ean amaituko da.

Amurrioko Udalak gogorarazi du izapide horretarako hitzordua eskatzea guztiz doakoa dela. Bere kudeaketarengatik dirua eskatzen duen edozein pertsona edo erakunde iruzur egiten ari da.

Eskaerak aurrez aurre egin ahalko dira apirilaren 20tik aurrera, hitzordua eskatuta, edo modu telematikoan, Atzerritarren Laguntzaileen Erregistroan inskribatutako entitateetako profesional gaituen bitartez.

Prozesu hau dela eta, Pertsona Migratzaileen Harrera eta Integraziorako Zuzendaritzak, Biltzen zerbitzu juridikoaren bidez, informazio saioen ziklo bat antolatu du inguruko herrietan, zalantzak argitzeko eta prozeduraren tramitazioan laguntzeko:

  • Gasteiz: apirilak 24 (Aldabe Gizarte-etxea, 18:00-20:00)
  • Donostia: maiatzak 6 (San Telmo Museoa, 18:00 20:00)
  • Bilbo: apirilak 30 (Deustoko Udaltegia, 18:00–20:00)

Saio horien helburua da ezohiko erregularizazio-prozesuari buruzko orientazio praktikoa eta irisgarria eskaintzea, ulermena eta izapidetzea erraztuz. Udaletik gogorarazi dute garrantzitsua dela beti gaian espezializatutako erakunde ofizialen eta GKEen bidez informatzea.

Amurriok kulturarteko Bizilagunak bazkarietan parte hartuko du aurten ere

“Elkar ezagutzearen onena. Lo bueno de conocernos” lelopean, azaroaren 20an, igandean, Amurriok aurten ere bat egingo du Bizilagunaken ekimenarekin. Amurrion izango da, Juan Urrutia plazan, eta parte hartu nahi duten guztiak bildu eta mahai baten inguruan kultur jatorri desberdinetako bizilagunek lurretik botako dituzte zurrumurru arrazistak eta xenofoboak, kulturarteko bizikidetzaren alde egiteko. Parte hartu nahi dutenek Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean edo 688 800 337 telefono-zenbakian eman beharko dute izena.

Hau ekimenaren seigarren edizioa izango da Araban. Urte bakarrean geratu zen egin barik, 2020. urtean, pandemiaren ondorioz. Bizilagunak izeneko Zurrumurruen Aurkako eta Kulturarteko Bizikidetzarako lurraldeko taldeen ekintzen barruan dago, biztanleria migratuarekin eta erradikalizatuarekin zer ikusia duten zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipoei aurre egiteko, izan ere, askotan, zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipo horiek bizikidetza zailtzen dute.

Bizilagunak ekimenetik mahaia, janaria eta elkarrizketa partekatzeko keinuak duen gaitasun eraldatzailea nabarmendu nahi da. Hori guztia familiarekin eta bazkari baten intimitatean ospatu ohi den egun batean, igandean. Ekintza horren helburua askotariko pertsonekin elkartzeko espazioak eskaintzea da. Auzokideak ezagutzeko interesa eta jakin-mina erakusten duten arren pausoa emateko bultzada behar duten pertsonak. Hori da ekimen honen benetako funtsa, askoz gehiago dira hurbiltzen gaituzten gauzak urruntzen gaituztenak baino.

Iaz, 32 nazionalitate inguruko 600 bat pertsona elkartu ziren Arabako zortzi udalerritan. Aurten, Arabako kuadrilla guztiek inplikatu nahi izan dute Bizilagunak programan parte hartzera, eta helburua Gorbeialdea, Aiaraldea, Lautada, Mendialdea, Añana eta Arabako Errioxako bizilagunak elkartzea da.

Amurriok Aiarako Kuadrillarekin partekatzen du bere Errolda Sozialaren eredua, urtebetez lan teknikoa egin ondoren

Amurriok Aiarako Kuadrillarekin partekatzen du bere Errolda Sozialaren eredua, urtebetez lan teknikoa egin ondoren

  • Udalak beste udalerri batzuen esku jartzen du funtsezko tresna bat bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzeko

Amurrioko Udalak Errolda Soziala arautzeko proposamena aurkeztu die Aiarako Kuadrillako gainerako udalei, inguruko beste udalerri batzuetan ezartzea errazteko. Eredu hori Gizarte Zerbitzuen Sailak garatu du azken urtean, udal-erroldaren arloarekin koordinatuta, bizitegi-bazterketari lotutako kalteberatasun bereziko egoerei erantzuteko.

Errolda Soziala salbuespenezko baliabidea da, eta helbiderik ez duten pertsonak udalerrian erroldatzeko aukera ematen du, betiere Gizarte Zerbitzuek artatzen badituzte eta baldintza batzuk betetzen badituzte. Tresna hori funtsezkoa da oinarrizko eskubideak bermatzeko, hala nola osasuna, hezkuntza edo gizarte-prestazioak, batez ere etxegabeen kasuan edo segurtasunik gabeko etxebizitzen kasuan.

Proposamenak aplikatzeko irizpide argiak ezartzen ditu, eta sartzeko baldintzak nahiz tipifikatutako egoerak (bizitegi-bazterketa larria edo arriskuan dauden adingabeak egotea) definitzen ditu, baita administrazio-prozedura eta beharrezko jarraipen teknikoa ere. Erroldatzea udal helbide batean egiten da, Gizarte Zerbitzuei lotuta, eta egoitza-egoera normalizatzera bideratutako esku-hartze plan pertsonalizatu bati lotuta dago.

Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: "Errolda ez da izapide administratibo bat soilik, oinarrizko eskubideak eskuratzeko atea da. Amurriotik eredu hori partekatu nahi dugu, gure eskualdeko bizilagunak sistematik kanpo gera ez daitezen helbiderik ez izateagatik".

Bestalde, Gizarte Ekintzako zinegotzi Laura Fernandezek egindako lan teknikoa nabarmendu du: "Urtebete daramagu Gizarte Zerbitzuetatik proposamen hau lantzen, tresna erabilgarria, bermatzailea eta araudiarekin bat datorrena eraikiz. Inklusio-prozesuak laguntzeko pentsatutako baliabidea da, ez etengabeko irtenbide gisa, baizik eta normalizaziorako urrats gisa."

Ekimen horren bidez, Amurrioko Udalak gizarte-kohesioarekin eta eskubideen bermearekin duen konpromisoa indartzen du, eta, aldi berean, Aiarako Kuadrillako udalerrien arteko lankidetza sustatzen du, errealitate partekatuei erantzun komunak emateko.

Zabalik dago 2021ean jaiotako eta adoptatutako seme-alabengatik laguntzak eskatzeko epea

Amurrioko Udalak 2021ean jaiotako eta adoptatutako seme-alabengatik laguntzak eskatzeko epea ireki du. Epea azaroaren 7ra arte egongo da zabalik, eta eskaerak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkeztu ahal izango dira, aurrez aurre edo online, udalaren webguneko egoitza elektronikoaren bitartez.

Laguntza jaso ahal izateko, gurasoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Diruz lagunduko da 2021ean seme-alabak jaiotzea edo adoptatzea.
  • Onuraduna Amurrion erroldatuta egon behar da 5 urtez azken 10 urteetan, eta horietako bat, gutxienez, jaiotza edo/eta adopzio dataren aurretik etengabe.
  • Familia-unitateak ezin du 20.000 €-ko zerga-oinarria gainditu P.F.E.Zn.
  • Ezinbestekoa da eskatzailearen familia-unitate osoa Amurrion erroldatuta egotea jaiotza edo adopzioa gertatzen den unean, eta betekizun horri eutsi beharko zaio eskaera aurkeztu arte.

Laguntza eskatu ahal izateko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Familia Liburuaren fotokopia.
  • Adopzioaren kasuan, ebazpen judizialaren edo hori egiaztatzen duen antzeko dokumentuaren fotokopia.
  • Ezkontza-deuseztasunaren, banantze judizialaren edo dibortzioaren kasuan, laguntza sortzen duten seme-alaben zaintza eta jagoletza esleitzen dien ebazpen judizialaren fotokopia.
  • Hirugarrenen Alta-formularioa, Finantza Erakundeak behar bezala osatuta.
  • Amurrioko Udalak, eskura dituen datuen bitartekotza-sistemen bitartez, beste administrazio baten esku dauden datuen beharrezko egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu, zu berariaz aurka agertzen ez bazara (kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko duzu).
Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (DEF. Formulario 3-21 - Alta de terceros online1.pdf)Datuen alta/ hirugarren interesatuaDatuen alta/ hirugarren interesatua217 kB11-10-22 09:48
Download this file (DEF. Formulario 4.1.6 -  Ayuda municipal  nacimiento- adopción de hijas-hijos.pdf)Eskaera-inprimakiaEskaera-inprimakia210 kB11-10-22 09:47
Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.