- Hitzarmenak, 6 hilabetez lanaldi partzialeko 13 pertsona kontratatzea planteatzen du, mantentze-lanetako 10 laguntzaile eta 3 herri laguntzaile
- lanbide.net webgunean edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Amurrioko bulegoan argitaratuko den eskaintzan izena emateko epea maiatzaren 3tik 13ra luzatuko da.
Amurrioko Udalak eta Sartu-Araba Gizarteratze Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, eta, horren bidez, enplegu- eta prestakuntza-programa bi jarriko dira abian: “Erabilera publikoko naturguneak eta hiri-guneak mantentzeko laguntzailea” eta “Herri laguntzaileak”. Horretarako, Udalak 194.000 euro bideratuko ditu Sartu-Araba elkartera proiektua aurrera eramateko. Izena emateko epea maiatzaren 3tik 13ra luzatuko da.
Bi erakundeen arteko akordioak parte-hartzaileak lan-munduan sartzea erraztea bilatzen du, eta udalerriko 13 langabetu, mantentze-lanetako 10 laguntzaile eta 3 herri laguntzaile, kontratatzea ahalbidetuko du. Lanaldi partzialeko kontratuak sei hilabetekoak izango dira.
Enplegu-programetan parte hartu nahi duten pertsonek Amurrion erroldatuta egon beharko dute, gutxienez lau urteko antzinatasunarekin, eta LANBIDEn langabe gisa inskribatuta. Mantentze-lanetako laguntzaileen programaren kasuan, azken 18 hilabeteetan langabezian urtebete egon diren pertsonak kontratatzea lehenetsiko da. Gainera, programa horretarako, eraikuntza, industria, garbiketa edo ingurumen sektoreetan gutxienez urtebeteko lan-esperientzia izatea baloratuko da, eta azken 3 urteetan antzeko programa batean parte hartu ez izana.
Herri laguntzaileei dagokienez, beharrezkoa izango da herritarrekin komunikatzeko euskara-maila nahikoa izatea eta ofimatikako ezagutzak izatea, eta baita jendearekin harremana eskatzen duten lanetan sei hilabeteko esperientzia izatea ere. Gidabaimena eta ibilgailua izatea ere baloratuko da.
Izen-emateak lanbide.net webgunean edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Amurrioko bulegoan argitaratutako eskaintzan egingo dira. Izena emateko epea amaitutakoan, eskainitako plazak baino eskatzaile gehiago egonez gero, hautaketa-prozesu bat egingo da.