“Uda Artistikoa” programak antzerki-, musika-, argazki- eta eskulan-tailerrak proposatzen ditu

Amurrioko Udalak uda honetan ekingo dio berriro ere 6 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako “Uda Artistikoa” tailerrari. Bertan, lau diziplina artistiko osagarri gauzatuko dira: argazkigintza, antzerkia, musika eta eskulanak. Aisialdi artistikoko programa uztailaren 4tik 28ra egingo da eta izena emateko epea zabalik dago jadanik Kultur Etxean plaza guztiak bete arte.

 “Uda Artistikoa” proiektuaren helburua artea haurtzaroko jolas- eta esperientzia-espazioaren parte izatea da, uda sormen-espazio desberdinak ezagutzeko pizgarri bihur dadin. Aurreko ikasturteetan hasitako prestakuntza artistikoko ekimenarekin lotzen den proposamena da, eta Eskola Artistikoaren eskaintza artistikoaren, prestakuntzakoaren eta aisialdikoaren testuinguruan dago.

Guztira,  6 eta 12 urte bitarteko umeen bi taldetan banatuko diren 30 plaza planteatzen dira. Jarduerak astelehenetik ostegunera egingo dira, goizeko 9:30etik 12:30era, San Anton plazako gune estalian, Kultur Etxeko instalazioen laguntzarekin. Planteatutako talde bakoitzak lau diziplinetako bi landuko ditu egunero.

Izen-ematea zabalik dago jadanik Kultur Etxean, eskainitako plazak bete arte. Amurrion erroldatutako pertsonentzako tasa 72,09 €-koa da, eta 133,50 €-koa udalerrian erroldatu gabeentzat.


Inprimatu   E-maila