“Poetak Maiatzean” Nazioarteko Jaialdia maiatzaren 9an helduko da Amurriora

Poetak Maiatzean” Nazioarteko Poesia Jaialdia Amurriora helduko da hilaren 9an, herritarren artean poesia zabaltzeko asmoz. Iaz bezala, edizio honetan ere “Kristalezko orrialdeak” ekimena gauzatuko da 30 establezimendu baino gehiagotan, Amaurre ikastetxeko ikasleen eskutik.

Datorren astelehenean Curtis Bauer (EEBB), Carmen Vargas (Sevilla), Idoia Carramiñana (Bilbo) eta Leire Ugadi (Bilbo) poetak Amurrion elkartuko dira. Goizean, 12:00etan, bisita eta Aresketa ikastolako ikasleekin topaketa egingo dute. Arratsaldean, 19:00etan, poeten eta herritarren arteko topaketa izango da La Casonako erakusketa aretoan, euren bizipenak errezitatzeko eta kontatzeko. Amaitutakoan, elkartruke bat egingo da bertan daudenekin.

Jaialdiari dagokionez, Amaurre ikastetxeko ikasleek udalerriko saltokietako erakusleihoak apainduko dituzte bigarren urtez jarraian, baita udal eraikinak ere, Udaletxea eta Amurrio Antzokia, besteak beste.

 


Inprimatu   E-maila