Liburu Azoka instalatuko da Amurrion maiatzaren 5etik 9ra bitartean, Elexondo pasealekuan

  • Guztira, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era bisitatu ahal izango diren 12 etxola egongo dira.
  • Asteburuan Jose Luis Urrutia, Inma Roiz, Miren Palacios eta herriko idazleak izango dira azokan, herritarrei liburuak sinatzeko.

Amurrioko Udalak eta Euskadiko Liburu Ganberak elkarlanean antolatutako Liburu Azoka egingo da aste honetan, maiatzaren 5etik 9ra, Amurrioko Elexondo pasealekuan, Juan Urrutia plazaren parean. 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era bisitatu ahal izango diren 12 etxola izango ditu.


Azokan, euskal argitaletxeen eta disko-etxeen euskarazko eta gaztelaniazko azken nobedadeak aurkitu ahal izango dira. Azokaren helburua irakurketa bultzatzea da, izan ere, jarduera intelektual horrek abentura, intriga, fantasia, historia, erromantze eta beste hamaika gairen inguruko mundu ezberdinetarako ateak irekitzen dizkie adin guztietako pertsonei, eta aldi berean irakurlea beste garai eta leku batzuetara eramaten du.


Idazleen sinadurak


Antolatzaileek baieztatu dutenez, asteburuan zehar idazleak liburuak sinatzera hurbiltzea aurreikusten da. “Oraindik ezin dugu eguna eta ordua zehaztu, baina Jose Luis Urrutia, Inma Roiz, Miren Palacios eta bertako idazleen presentzia aurreikusten da”, adierazi du Asier Muniategik. Gainera, azokako standetako batek “Umorea Euskal literaturan” erakusketa hartuko du.


Azokak osasun agintariek ezarritako segurtasun neurri guztiak beteko ditu. Bestalde, herritarrei arduraz jokatzeko, azokako standak bisitatzerakoan segurtasun-tartea gordetzeko eta gel desinfektatzailea erabiltzeko eskatu zaie.


Inprimatu   E-maila