Erakunde Adierazpena

Duela gutxi gure udalerrian gertatu den eraso matxista dela‑eta, Amurrioko Udalak gaitzespenik sendoena adierazi nahi du, baita biktimari eta ingurukoei laguntza eta haiekiko hurbiltasuna ere. Halaber, bere esku jartzen ditu behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak, eta bermatzen du bere interesei eragiten dion informazio guztia izango duela.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista Giza Eskubideen urraketa larria dela eta lehen mailako gizarte‑arazoa; indarkeria pairatzen duten eta hari aurre egiten dioten emakumeen eta LGTBI pertsonen duintasunari eta segurtasun fisikoari eta moralari erasotzen dio.

Indarkeria horiek ez dira ekintza bakanak, baizik eta portaera esplizituen, normalizatutako eta sinbolizatutako mezuen arteko sarea dira. Sare horrek gure gizartea egituratzen du eta horren azken helburua da gizonek emakumeak euren mende izaten jarraitzea eta indarreko sistema heteropatriarkalak markatutako mugak gainditzen dituzten gorputz, eredu edo jarrerarik ez egotea.

Ildo horretan, Amurrioko Udalak, erakunde publiko erantzule gisa, bermatu egin behar du emakumeen eta LGTBI pertsonen Giza Eskubideak eraginkortasunez betetzen direla; hortaz, neurriak sustatzen jarraituko du erakunde publikoek eta herritarrek oro har edozein eraso matxistari berehala eta irmotasunez erantzuteko, biktima lehentasunez artatzeko, prebentziozko jarduerak garatzeko emakumeek eta LGTBI pertsonek indarkeriari aurre egiteko tresnak izan ditzaten, eta erasotzaileen gizarte‑inpunitatea ez ahalbidetzeko.

Gainera, Udalak konpromisoa hartu du bere eskumenak erabiliz laguntzen eta lanean jarraitzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatze aldera.

Horregatik guztiagatik, Udalak jakinarazi nahi du erakundeen ordezkaritzak bat datorrela Amurrioko Mugimendu Feministak deitutako deialdiarekin erasoaren gaitzespena adierazteko. Horretarako, 5 minutuko elkarretaratzea egingo da gaur, abuztuak 17, 19:00etan Udaleko plazan.


Inprimatu   E-maila