Azaroaren 25erako Adierazpen Instituzionala. Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko eguna

 

Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egun honetan, azaroak 25, sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duela azpimarratu eta arreta jarri nahi dugu, indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu.

Hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. Adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.

Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute. Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero-mito eta -estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu-abusu eta sexu-erasoen kasuetan.

Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere.

Horren guztiaren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituzte, emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita.

Udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalerritan berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko arduradunak dira. Hori dela eta Amurrioko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

 

  • Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia eratzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko protokoloa, baliabideak, zerbitzuak eta programak ezarriz.
  • Sexu-indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza-programak diseinatzea, ezartzea eta ebaluatzea.
  • Gizonezkoentzat formakuntza saioak eta sentsibilizazio-programak diseinatu eta garatu.
  • Sentsibilizazio-programak hobetzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, IGEen bitartez, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
  • Hezkuntza ez-formaleko espazioetatik hezkuntza-prozesuak garatzen laguntzea, adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.

 

Konpromiso horietan oinarrituta, honako ekintza hauek proposatzen dira:

 

  • Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak indartzea, sexualitateari, bikote-harremanei, maitasun erromantikoari, autodefentsa feministako tailerrei eta abarrei buruzkoak
  • Mutiko eta mutilei zuzendutako esku-hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
  • Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista mota berri horiei ere aurre eginez.
  • Udalerriko adingabeekin hezkuntza-prozesuak indartzea, BELDUR BARIK programaren eta tokiko beste ekimen batzuen bidez.

 

Era berean, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, haien udalerrietan deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.


Inprimatu   E-maila