Amurriok, gorabeherak kudeatzeko sistema berri bizkorragoa eta eraginkorragoa ezarri du

Amurrioko Udalak pauso garrantzitsua eman du obren eta zerbitzuen arloa eta egunero jasotzen diren gorabeherak modu eraginkorragoan kudeatzeko eta herritarrekiko komunikazioa hobetzeko. Horretarako, Urban Services sistema ezarri da. Eredu berri horrek, arloko lana planifikatzeko eta sistematizatzeko eta gorabeheren prozesu osoa barrutik berrantolatzeko aukera ematen du. Horrekin batera, InfoAmurrio izeneko App-a sortu da, herritarrek administrazioarekin telefono mugikorretik elkarreragiteko komunikazio-kanal osoa ezartzeko.

Herritarrek udalerriaren egoeraren inguruan duten gero eta parte-hartze handiagorako joerak gorakada ekarri du azken urteotan Amurrioko Udalak konpondu beharreko gorabeheren kopuruan. Orain arte, barruko eta kanpoko gorabeheren berri hainbat bidetatik ematen zen: telefonoa, posta elektronikoa, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, WhatsApp bezalako kanal berriak, herrilaguntzaileen eskutik eta herritarren partaidetza-arloak bultzatutako partaidetza-prozesuen bidez, auzo-batzarren bidez, besteak beste. Hori dela eta, barruan egindako lanaren ondoren, gorabeherak kudeatzeko prozesua arintzea erabaki da.

“Udalerrian egunero agertzen diren gorabeherak ondo kudeatzeko eta herritarrekin komunikazio zuzena eta hurbila izateko, beharrezkoa da egungo beharrei erantzungo dien aplikazio berri hau txertatzea. Inplementazio honekin udalerrian gertatzen diren gorabeheren kudeaketa eraginkorra eta automatizatua izatea eta denbora errealean egitea bilatzen dugu”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

InfoAmurrio App-a

Apple Storetik edo Google Playtik doan deskargatu daitekeen InfoAmurrio aplikazio mugikorraren bidez, Amurrioko bizilagunek udalarekin zuzeneko komunikazioa izateko aukera dute. Aplikazioa deskargatu ondoren, ongietorriko pantaila batera sartuko gara. Bertan, jakinarazpenen postontzia, harpidetzak, Udalaren telefono-zenbakia eta konfigurazio-atala agertuko dira, erabiltzaileak hizkuntza aukeratzeko edo informazio-kanaletako harpidetzak kudeatzeko aukera izan dezan.

Pantailaren behealdean ‘Zure Udala’ botoia dago, eta horren bidez aplikazioa osatzen duten gaietara sartuko gara. Bertan, honako hauek aurki ditzakegu: ‘Informatu’ udal aktualitatera sartzeko; kultur jarduerak jasotzen diren ‘Kultura’; ‘Turismoa’, turismo webgunera bideratzen duena; ‘Amurrio Bidean’, bere webgunera sartzeko; ‘Gorabeherak’, horien berri emateko; ‘Herritarren ataria’, udal tramiteak egiteko; eta, azkenik, udal sare sozialetarako sarbidea.

Herritarrek udalarekin duten interakziorik handiena, gorabeherak jakinarazteko atariaren bidez egingo da. Herritarrak zer gorabehera mota den adierazi ahal izango du: argiteria, garbiketa, altzariak, besteak beste. Jakinarazpena bidaltzean, gertakariaren kokalekua, argazkia eta iruzkina erantsi ahal izango dira, eta baita harremanetarako datuak ere. Gorabehera erregistratu ondoren, erabiltzaileek haren jarraipena egin ahal izango dute.

 

Kudeaketa eraginkorra eta sistematizatua

Urban Services plataforma ezartzeak udal-brigaden eta udalak hainbat zerbitzu egiteko azpikontratatutako enpresen lana koordinatzeko aukera ematen dio hirigintza eta obra sailari. Sistema hori ezartzeak taldeen lanak planifikatu, antolatu eta sistematizatzeko aukera ematen du; horien artean, herritarrek antzemandako gorabeherak, eraginkortasun handiagoa lortuz.

Besteak beste, tresna horren bidez, Amurrioko Udalak gorabeherak detektatu eta erregistratu eta sailkatu ahal izango ditu, egiaztapen- eta diagnostiko-prozesu bat egin ahal izango du, eta, konpondu ondoren, gorabehera itxi egingo da.

Sistema hori ezartzeak kostuak optimizatzea eta mantentze-ekipoak hobeto kudeatzea ahalbidetuko du; izan ere, ekipo bakoitzak aplikazio bat izango du, eta, aplikazio horren bidez, horietako bakoitzari esleitutako lanak bistaratuko dira. Amurrioko alkateak nabarmendu duenez, “lanaren kudeaketa Urban Services sistemaren bidez zentralizatzeak, gabeziei azkarrago erantzuteko eta lanen koordinazioa, erregistroa eta bilakaera hobetzeko aukera emango du”.


Inprimatu   E-maila