Amurriok aste honetan hasiko du euskararen erabilera sustatzeko “Eskatu euskaraz eta saria irabazi” kanpaina

Larunbat honetan hasiko da Amurrioko Udalak eta AHIZEk bultzatutako “Eskatu euskaraz eta saria irabazi” kanpaina, Amurrioko denda, zerbitzu-enpresa eta tabernetan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Kanpainak maiatzaren 29ra arte iraungo du.

Aurten 28 parte-hartzaile batu dira ekimenera, iaz baino 3 gehiago, eta ehun sari baino gehiago banatuko dira establezimenduetako bezeroei emango zaizkien 3.357 txartelen artean. Parte hartzea oso erraza da, txartelak kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan euskara erabiltzen duten bezeroen artean banatuko dira.

Txartel batzuek zuzeneko sariak izango dituzte, beherapenak edo opariak, baina saririk jaso ez dutenek 300 euroko bonu baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute, euskara planean parte hartzen duten saltokietan gastatzeko. Txarteletan saritutako ‘Irabazi euskararekin’ poltsak Kultur Etxean jaso beharko dira astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara. Kanpaina maiatzaren 29an amaituko da, eta zozketa hurrengo egunean egingo da.

Establezimendu parte-hartzaileak: Maritierra Ellikagaiak, Arregi Argazkiak, Arkune, Batzokia, Adigrafik, Aiala II logelak, Burutxaga Harategia (Mendiko kalea), Autsiki Albaitaritza Zentroa, Basualdo Kirolak, El Rinconcito, Selene Fruta-denda, Gancedo moda denda, Lur Belar-denda, La Rana Turquesa puerikultura, Lilura haurrentzako moda, Josu Optika, Luyando Optika, Goxoa Okindegia, Otarte Okindegia, Marta Gozotegia, Albizabal Taberna, Guk Taberna, Frontoi Taberna, Txoko Gorri Taberna, Txotis Taberna, Aranoa Zapata-denda eta Amurrioko Udala.


Inprimatu   E-maila