Udal Ekipamenduen Plan Zuzentzailaren parte-hartze prozesuko ekipamenduen erabileraren diagnostikoari buruzko galdetegia betetzeko epea uztailaren 6an amaituko da

  • Galdetegia hauen bidez bete daiteke: Amurrioko bizilagunen etxeetako postontzietan utzitako liburuxken bidez; udalaren webgunearen bidez, online; eta uztailaren 2an, merkatuan egongo den standean.
  • Orain arte, 138 galdetegi zenbatu dira, eta horien bidez, udal-instalazioen egungo egoera ezagutzea eta haien beharrak hautematea bilatzen da.

 

Udal Ekipamenduen Plan Zuzentzailea egiteko diagnostiko-fasean herritarrei irekitako parte-hartze prozesuak aurrera jarraitzen du. Orain arte 130 inkesta baino gehiago erregistratu dira herritarren eskura jarritako bideen bitartez. Uztailaren 6ra arte, Amurrioko bizilagunak udalerriko ekipamenduei buruzko iritzia emateko garaiz daude.

Galdetegia udalerriko etxe guztietara bidali da, eta Udaletxeko sarreran, Kultur Etxean, Udal Liburutegian eta Bañueta kiroldegian dauden postontzietan entregatu ahal izango da. Halaber, galdetegia online ere bete ahal izango da esteka honen bidez:
https://site.zoom.eus/survey.html?tokeni=amu

Gainera, uztailaren 2an, aurreko ostiralean bezala, stand bat jarriko da merkatutik gertu, galdetegia betetzen laguntzeko eta beharrezkoak diren zalantzak argitzeko. Bestalde, herrilaguntzaileek udal eraikinetara hurbiltzen jarraituko dute galdetegia betetzen laguntzeko.

Diagnostiko-faseko parte hartzea osatzeko, aurrez aurreko gaikako 3 saio egingo dira (kulturari, kirolari eta gizarte/asistentziari buruzkoak) irailean.

Amurrioko Udalak 'Udak euskaraz blai' aldizkaria egin du udan euskaraz gozatzeko

  • Amurrion zentratutako ipuinak, jolasak eta marrazkiak biltzen dituen aldizkaria ikastetxeetako ikasleen artean banatu da
  • Argitalpenaren bidez, euskararekin batera bestelako balioak landuko dira, Amurrioko ingurunea, historia eta kultura ezagutaraziz

 

Amurrioko Udalak ‘Udan euskaraz blai’ aldizkaria egin du 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Argitalpen horren bidez, udako oporretan ere, herriko ikastetxeetako ikasleek euskaraz irakurtzeko, margotzeko eta jolasteko aukera izatea bilatzen da. Horretarako, argitalpenak, Amurrion zentratutako ipuinak, jolasak, marrazkiak, bertsoak, txangoak eta denbora-pasak biltzen ditu.

Horrez gain, umeentzako aldizkariak euskararekin batera bestelako balioak lantzeko aukera emango du, eta Amurrioko ingurunea, historia eta kultura emango dira ezagutzera. Barruan, neskatoek eta mutikoek zenbait espazio eta pertsonaia ezagun aurkituko dituzte, GUKen eskultura, Juan Urrutia Plaza edo Iguarrako, besteak beste.

“Umeen eta helduen artean euskararen erabilera sustatzea da gure lehentasunezko helburuetako bat. Horretarako sortu dugu denbora-pasak eta gure herriaren historia eta kultura batzen dituen aldizkari hau, udan ere euskaraz gozatzeko eta ikasteko aukera emanez”, azaldu du Julen Sasiain euskara zinegotziak.

Guztira, 800 ale banatu dira gaur Amurrioko ikastetxeetako ikasleen artean. Aldizkaria udalaren webgunean ere egongo da. Gainera, umeek euren sorkuntza lanen argazkiak bidali ahal izango dituzte Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera eta horren truke “euskaraz bizi nahi dut” material sorta bat zozkatuko da.

2021eko ekainaren 28a, Sexu eta Genero Aniztasunaren Aldeko Eguna dela eta erakunde adierazpena

Ekainaren 28an, aurten ere, eskubideak eta bizikidetza aldarrikatzen ditugu euskal gizartearen aurrean, aniztasunetik abiatuta. 1969ko ekainaren 28an - Iaz 50. urteurrena ospatzen ari ginen  Stonewallen matxinada gertatu zenetik New Yorken, data hori egun bihurtu da lortutako lorpen guztiak aldarrikatzeko eta ikusarazteko, eta, ezinbestean, oraindik lortzeko dugun guztia nabarmentzeko izan behar du.

 Berdindu zerbitzu publikoak, Eusko Jaurlaritzaren LGTBI kolektiboari informazioa eta laguntza ematekoak, eskerrak eman nahi dizkie sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde bizitza eta ahaleginak eman dituzten pertsona guztiei, gaur egun ere antolatzen eta gizartea sentsibilizatu, kontzientziatu eta eraldatzeko lana egiten jarraitzen baitute.

Era berean, gure mugetatik kanpo eta hemen isilik jasaten duten pertsona guztiak aitortu eta ahaldundu nahi ditu. Eta hori egin nahi du, bereziki, 2021ean, hain ohikoa ez den egoera bizi behar baitugu.

Amurrioko Udalean argi daukagu erne ibili behar dela sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako sektore eta alderdi politiko jakin batzuen diskurtso eta planteamenduen gorakadaren aurrean, eta horrek ondorio zuzenak ditu: alde batetik, trans kolektiboaren eskubideak onartzearen aurkako oposizio zuzena; eta, bestetik, erasoen gorakada, duela egun gutxi gure herri batean ikusi ahal izan dugun bezala. Horregatik, oraindik ere beharrezkoa da LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko borroka ikusarazten jarraitzea.

Horregatik, beharrezkoa da LGTBI pertsonen bizitzak eta eskubideak babesten dituzten lege-esparruak egotea. Halaber, oso garrantzitsua da LGTBI kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea, hiriko zurrumurru eta legendak harago, egiaztatutako eta kuantifikatutako datuekin.

Ikusgarritasun lesbikoa, trans, bi, trans despatologizazioaren aurkako egunak, LGTBIfobiaren aurkakoak... bat egiten dute, gaur, izateko eta desiratzeko harrotasunaren aldarrikapenean, bakoitzak bere erara, den-denek.

Horregatik guztiagatik, Amurrioko Udalean, egun hau sexu eta genero askapenaren alde lortzen ari garen aurrerapen guztiak ospatzeko aprobetxatzera animatzen dugu euskal gizartea, ahaztu gabe gizarte osoaren lana dela erne ibiltzea, horren alde borrokatzen jarraitzea eta pertsona guztiak askatasunean bizi eta adierazi ahal izatea bermatzea.

Horregatik Amurrioko Udalak konpromisoa hartzen du honako hau egiteko:

1) Araban Aldundiak egindako LGTBI pertsonen egoeraren eta beharren diagnostikoa zabaldu eta jarraipena ematea,  premiaz, pandemiaren krisiaren eraginaren ondorioz egindakoa, beste erakunde, kolektibo eta gizarte-eragile batzuekin koordinatuta.

2) Egindako diagnostikoari erantzungo dion plan edo neurri-multzoa bultzatzen jarraitzea, premiazkoenak diren ekintzak lehenetsiz, besteak beste, arlo hauetan: soziala, enplegua, osasuna, etab, krisiari aurre egiteko plangintza orokorrean, gure herriko LGTBI pertsonen egoerari eta beharrei erantzuteko neurriak jasotzen jarraitzea.

3) LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloei jarraipena ematea.

4) LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzen jarraitzea, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan, igerileku publikoen araudiak.

5) LGTBI biztanleriaren aurkako gorroto-diskurtsoak identifikatzeko mekanismoak ezartzea Ikusgunerekin batera (behatokiak, aldizkako azterketa, etab.), eta hainbat eremutan (hezkuntza, kultura, komunikazioa, enpresa eta gizartea, oro har) diskurtso horiei eta jazarpen eta eraso LGTBIFobikoei aurre egiteko ekintzak bultzatzea (protokoloak, araudi espezifikoak, etab.).

6) Haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzen jarraitzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-prozesuak, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin.

7) Sexu eta genero disidentziaren gaineko prestakuntza-prozesuak berriro martxan jartzea, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte- eta hezkuntza- esparrurako.

8) Sentsibilizazio-kanpaina feministak egiten jarraitzea, egungo testuinguru sozialera egokituta, epe labur, ertain eta luzean, sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari, sexu- orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari eta eremu desberdinetan LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren adierazpen eta forma anitzei buruzko kontzientzia kritikoa hartzea errazteko.

9) Zaintzei buruzko lan-ildoak aktibatzen jarraitzea ikuspuntu feministatik eta LGTBI ikuspegitik, zaintza sare komunitarioekiko, kolektibo feministekiko, LGTBI kolektiboekiko eta beste gizarte-eragile batzuekiko lankidetza sustatuz: besteak beste, adinekoei, desgaitasuna dutenei edo gizarte-bazterketako egoeran daudenei arreta emateko zerbitzu publikoakberrikustea (egoitzetan, eguneko zentroetan, etxez etxeko zerbitzuan, etxebizitza komunitariotean eta abarretan arreta emateko protokoloak), eta ekimen komunitarioak abiaraztea.

10) Adinekoen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan edo eguneko zentroetan, besteak beste, hainbat neurri modu koordinatuan sustatzea, LGTBI pertsonek beren aukera sexuala eta genero-aukera askatasunez bizi ahal izan dezaten, diskriminaziorik gabe, eta, besteak beste, honako hauek barne hartuta: sentsibilizazio-kanpainak, espazio bitarren berrantolaketa, eta LGTBI adineko pertsonen ekarpena ikusarazteko eta balioesteko jarduerak.

11) Zeharka, LGTBI kolektiboekin, kolektibo feministekin eta adituekin identifikatutako ekintza guztien diseinu, jarraipen eta ebaluaziorako elkarrizketa lotesle eta iraunkorreko espazioak gaitzen jarraitzea.

Herritarrei dei egiten diegu LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak gure eskualdean deitutako ekintzetan parte har dezaten.

Amurrioko Udalak 161.536 euro bideratu ditu Mendiko eta Zabaleko ikastetxeak hobetxeko

  • Mendikon egin behar diren jarduketak igogailura sartzeko arrapalan baranda bat jartzea, instalazio elektrikoa berritzea eta ur-bilketa hobetzea izango dira; sabaiak ere hobetuko dira eta haur-hezkuntzako gelak margotu
  • Zabaleko ikastetxean plataforma jasotzaile bat jarriko da eta estalkian hobekuntzak egingo dira; gainera, bi ikastetxeetan, Elkartoki izeneko jolastoki inklusiboen proiektu programa lantzen jarraituko da

 

Amurrioko Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu aurtengo udan Amurrioko Mendiko eta Zabaleko ikastetxeetan. Guztira, 161.536 euroko inbertsioa egingo da, eta horietatik 36.921 euro Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza programak emandako diru-laguntzekin ordainduko dira.

Mendiko ikastetxean, igogailura sartzeko arrapalan baranda bat jarriko da, instalazio elektrikoa berritzen jarraituko da eta eskolaurreko jolastokiko ur-bilketa hobetuko da. Era berean, haur-hezkuntzako geletako sabaiak hobetzea eta margotzea aurreikusten da.

Bai Mendiko ikastetxean, bai Zabaleko ikastetxean, jarraipena emango zaio jolastoki inklusiboen proiektuari, Elkartoki programaren bidez. Programa horrek gogoeta egitera, imajinatzera eta espazio komun horiek berriro definitzera gonbidatzen du. Bestalde, Zabaleko ikastetxean plataforma jasotzaile bat jartzeko lanak egingo dira, haur eta irakasle guztien irisgarritasuna ahalbidetzeko, eta estalkian hobekuntzak egingo dira.

“Urtero, Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza programaren laguntzarekin, hainbat hobekuntza egiten ditu udalerriko ikastetxe publikoetan. Instalazioak etengabe hobetzea funtsezkoa da kalitatezko irakaskuntza publikoaren aldeko gure politikan”, adierazi du Txerra Molinuevo amurrioko alkateak.

Herritarren Arreta Zerbitzuko udako ordutegia

Bihartik aurrera eta uztailean eta abuztuan zehar, Amurrioko Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuko (HAZ) aurrez aurreko arretako ordutegia 9:00etatik 14:00etara izango da. Telefonozko arreta 08:30etatik 14:30etara izango da.

Amurrioko Udalak 2021eko ‘Amurrio Hiribildua’ XXXV. Lehiaketa Artistikoa deitu du

Amurrioko Udalak, saritan 6.500 euro banatuko dituen 2021eko  ‘Amurrio Hiribildua’ XXXV. Lehiaketa artistikoa deitu du. Lanak irailaren lehen hamabostaldian jasoko dira eta sariak irailaren 30ean banatuko dira La Casonan, hautatutako lanen erakusketaren inaugurazioarekin batera.

Parte-hartzaile bakoitzak bi lan berri eta original aurkeztu ahal izango ditu, lehiaketa batean sarituak izan gabeak eta teknika eta gai librekoak. Lanen neurriei dagokienez, bi dimentsioko obrak 150 x 150 zentimetrokoak izango dira gehienez, eta hiru dimentsiokoak, berriz, 100 zentimetrokoak gehienez.

Obrak jasotzea

Lehiaketak 6.500 euro banatuko ditu saritan eta oroimenezko eskultura bana irabazleentzat. Lehen sariak 4.000 euroko balioa izango du eta bigarrenak 1.500 eurokoa. Gainera, 1.000 euroko sari lokala banatuko da Amurrioko parte-hartzaileen artean.

Lanak La Casona aretoan jasoko dira irailaren 1etik 16ra, 10:00etatik 14:00etara, astelehenetan izan ezik. Sari banaketa irailaren 30ean izango da, 19:00etan, lehiaketan hautatutako lanak hilabetez hartuko dituen erakusketaren inaugurazio ekitaldian.

Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (Bases Villa de Amurrio 2021 euskera.pdf)OinarriakOinarriak106 kB27-07-21 12:44
Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.