Amurrioko Udalak eta Sartu Alavak “OYE! Orientación y Empleo” programa jarri dute martxan

Amurrioko Udalak eta Sartu-Álava Gizarteratze Elkarteak enplegurako eta prestakuntzarako bigarren programa jarri dute abian, bi erakundeen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan. Uztailetik aurrera, Ana Cáceres Graupera lan-orientazioko adituaren eskutik, udalerrian enplegua sustatzeko “Oye! Orientación y Empleo” programa dago martxan.

Programa kualifikazio baxua duten eta lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei dago zuzenduta. Banakako tutoretzen metodologiaren bidez, enplegua bilatzeko tresnak landuko dira, baita emozioak eta motibazioa ere, zubiak ezarriz eta loturak estutuz. Proiektuan parte hartu nahi dutenek HAZn inprimaki bat betez edo https://forms.gle/DcCXAMgH2rzeNTje7 estekaren bitartez eman dezakete izena.

Izena eman ondoren, zerbitzuaren arduradunak parte-hartzaileekin harremanetan jarriko dira, laneratzea erraztuko duten tresnak lantzen hasteko hitzordua emateko. Desplazamendu-arazoengatik interesdunek hitzordura joan ezin izatea saihesteko, zerbitzua mugitzea aurreikusita dago, eta hainbat auzotan eta administrazio-batzarretan erakundeek edo/eta elkarteek lagatako lokalak erabiliko dira.

Proiektu horren barruan, ‘Cobra Ekintzak’ egitea ere aurreikusita dago. Denbora-tarte laburretarako kontratatzeko konpromisoa duten talde txikiak dira, hau da, orientazio prozesuaren hasieratik lanpostu bat sustatzen dutenak. Horrelako bi ekintza egitea aurreikusten da, bata irailean eta bestea azaroan.

OYE! proiektua proiektu pilotua da, eta gure probintziako ekintzailetza sustatzen duten erakundeen Araba ekinean sareak antolatutako “Zure ideiak balio du” lehiaketako enpresen eraldaketa sozialaren kategoriako irabazlea izan da. Erakunde horien artean Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bitartez, Vital Fundazioa eta Amurrio Bidean daude, besteak beste.

 

Amurrio kolorez bete da, sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazteko oroimenezko horma-irudi batekin

Amurriok oroitzapenezko horma-irudi bat du aste honetatik aurrera Dionisio Aldama kalean, urteko 365 egunetan sexu- eta genero-aniztasuna ikusgai egon dadin.

Artelana herriko Raisa Álava Robina artistak egin du, eta Amurrioko Udalak E28 LGTBIQA+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren inguruan bultzatu duen sentsibilizazio-kanpainaren parte da. Horma-irudi koloretsuak tandem batean doazen hiru pertsona islatzen ditu, kolektiboa irudikatzen duen bandera goialdean dutela.

Ekimen horiek abian jartzearen helburua “LGTBIQA+ pertsonen eskubideak zaintzea eta, aldi berean, udalerriko sexu- eta genero-aniztasuna ikusaraztea da. Amurrioko Udalak berdintasunarekiko eta aniztasunarekiko konpromiso sendoa du, eta udalerri aske eta segurua izatera bideratzen ditugu gure ahaleginak”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Amurriok ekonomia zirkularra sustatzen duten negozio-linea berriak ezartzeko laguntzen deialdia onartu du

Amurrioko Udalak bigarren urtez jarri ditu abian udalerrian ekonomia zirkularra, konponketa eta auto-konponketa sustatuko duten negozio-linea berriak ezartzeko diru-laguntzak. Eskabideak aurkezteko epea deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko irailaren 30ean amaituko da. 

Laguntzaren zenbatekoa egindako inbertsioaren %75era artekoa izan daiteke, eta gehienez 4.000 euro enpresa bakoitzeko. Bestalde, diru-laguntzaren erakunde onuradunak gutxienez 1.000 euroko inbertsioa egin beharko du lan-ildo berrian.

10.000 euroko aurrekontua duen laguntza-lerro horren bitartez, “udalerriaren garapen sozioekonomikoa eta jasangarria bultzatu nahi da, eta, aldi berean, ekonomia zirkularra, konponketa eta auto-konponketa sustatu nahi dira negozio-linea berriak abian jartzeko diru-laguntzaren bitartez”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

 

Diru-laguntza eskatzeko baldintzak

Laguntza eskatzeko, pertsona autonomoek, sozietate zibilek edo ondasun-erkidegoek, pertsona juridikoek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitartean ekonomia zirkularreko, konponketako edo auto-konponketako negozio-linea berria ezarri edo abian jarri izana.
  • EJZn alta emanda egotea.
  • Gizarte Segurantzarekiko, Arabako Foru Ogasunarekiko eta Amurrioko Udalarekiko betebeharrak egunean izatea.
  • Laguntza eskariaren xede den jarduera Amurrion egitea, eta egoitza soziala eta fiskala bertan izatea. Jarduerarekin erlazionatutako establezimendu bat udalerrian duten pertsona fisikoak ere izan daitezke laguntzaren onuradun.
  • Jardueren udal-erregistroan alta emanda egotea.
  • Gehienez 25 langile dituzten enpresak (kontratatutako pertsonen eta autonomoen batura). Ezin izango dute aurretik deskribatutako baldintzaren bat betetzen ez duten enpresen ehuneko 25etik gorako partaidetza izan.
Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (Verificación de datos - oposición a consulta.pdf) Datuak egiaztatzea - Kontsultaren aurka egotea 72 kB05-07-22 12:02
Download this file (Solicitud.pdf)Eskabidea 89 kB05-07-22 12:02
Download this file (Información relativa a la empresa o entidad.pdf)Enpresari edo erakundeari buruzko informazioa 75 kB05-07-22 12:02
Download this file (Documentación obligatoria a presentar.pdf)Aurkeztu beharreko nahitaezko dokumentazioa 90 kB05-07-22 12:01
Download this file (Declaración jurada.pdf)zinpeko adierazpen 96 kB05-07-22 12:01
Download this file (Alta de datos - tercera persona.pdf)Hirugarren pertsonen datuen altaHirugarren pertsonen datuen alta91 kB05-07-22 12:00

Amurriok bat egiten du Berdindu! zerbitzuaren adierazpenarekin, Sexu-Askapenaren Nazioarteko Eguna dela eta

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere aldarrikatu nahi dugu euskal gizarteak afektibotasunari, sexuari eta generoari dagokionez aniztasunean bizitzeko daukan eskubidea. 53 urte dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirela. 1969ko ekainaren 28 hartan, manifestazio espontaneo eta bortitzak egin zituzten, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan poliziak egindako sarekadaren kontra. Maiz adierazten da istilu horiek lehen aldia izan zirela Estatu Batuetako historian, non LGTBI komunitateak matxinada egin zuen komunitatea Gobernuaren onespenarekin jazartzen zituen sistemaren aurka. Horregatik, LGBTI kolektiboaren eskubideen aldeko mugimendu garaikidearen hazitzat hartzen dira mundu osoan.


Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! Zerbitzuak- LGTBI kolektiboko kideei informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkienak- aitortza egin nahi die kolektiboak gaur egun dituen eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Halaber, ezin da ahanzturan erori aktibistek egin zuten eta egiten diharduten gizarte-eraldaketako lana.


Horrez gain, belaunaldi berriengan ere jarri nahi dugu arreta, oraindik ere lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde ari baitira lanean. Azkenik, aipamena egin nahi diegu gure lurraldearen mugetatik kanpo borrokan ari eta kolektiboari eragiten dioten Giza Eskubideen urraketen aurka altxatzen direnei. Berdindu! zerbitzuko kideon iritziz, erne egoten jarraitu behar dugu lurraldean gertatutako LGTBI kolektiboaren aurkako erasoen eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.


Gonbita luzatzen diogu euskal gizarteari denoi eragiten digun prozesu honetan esku hartzeko, kolektiboarentzat horren garrantzitsua den egun hau ospatzeko eta ez ahazteko Berdindu! zerbitzuak egunero diharduela lanean. Izan ere, gizarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak, eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea.


Azkenik, deia egin nahi dizuegu gaurko egunari ikusgarritasuna emateko eta gizartea sentsibilizatzeko antolatutako aldarrikapen ekitaldietan parte hartzeko, bai sare sozialen eta komunikabideen bidez, bai kaleetan. Txikia izanik ere, ekintza oro baita garrantzitsua aniztasunaren aldeko borrokan.

Amurriok hurrengo urteetarako hirigintza zehaztuko duen HAPO berria onartu du

Amurrioko Udalak behin betiko onartu du datozen urteetarako udalerriko hirigintza definituko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria. Planaren tramitazioa duela hamarkada bat jarri zen abian, eta bertan udal talde ezberdinek egin dute lan eta, aldi berean, herritarrek ere parte-hartze zuzena izan dute, udalerriko elkarteen bitartez.

“Osoko bilkuran onartu dugun dokumentuak udalerriaren garapen kohesionatua ahalbidetuko du. Gainera, plan adostua da; izan ere, gizarteak parte-hartze handia izan du hirigintza arloko plangintzan, herritarren partaidetzarako, ingurumenerako eta jarduera ekonomikoetarako foroetatik”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

HAPOk planteatzen duen etorkizuneko Amurrio udalerri berdeagoa, trinkoagoa, Nerbioira irekia eta biztanleria gaztetzeko gaitasuna duena da. Planteatzen duen erronketako bat etxebizitza-eskaerari erantzutea da, gaur egun indarrean dauden Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan aitortutako hazkunde-gaitasuna agortu gabe, 1.324 etxebizitza berri inguru ordenatuz, horietatik erdiak erregimen babestukoak.

Plana gauzatzeko prozesua

Amurrio HAPOren behin betiko onarpenera iritsi da, iazko uztailaren 30eko osoko bilkuran behin-behineko onarpena eman ondoren. Behin betiko onarpena lortzeko bideak hamarkada bat inguru iraun du. Prozesuari hasiera emateko, udal-plangintzako Arau Subsidiarioak berrikusteko eta plangintzaren irizpideak eta helburuak onartzeko aurretiazko azterlanak egin ziren.

Horren ondoren, Planaren Aurrerapenarekin jarraitu zen, eta herritarrek iradokizunak aurkezteko epea ireki zen. Prozesu hori amaitu eta gero, 2015ean hasierako onarpena eman zitzaion plan orokorrari, eta, ondoren, alegazioak aurkezteko epea ireki zen. Epe hori 2018ko osoko bilkuran ebatzi zen, dagozkion Azterketa Akustikoarekin, Ingurumen-ebaluazio Estrategikoaren dokumentuarekin eta Genero-eraginari buruzko Aurretiazko Txostenarekin batera.

HAPO gauzatzeko fase desberdinetan, herritarrek parte hartzeko prozesua onartu zen, eta Udal Plangintzako Aholku Batzordeak ere hartu du parte. Horrek, gizarteak hirigintza-plangintzan partaidetza zabala izatea ahalbidetu du, herritarren partaidetzarako, ingurumenerako eta jarduera ekonomikoetarako foroetatik.

Amurrioko Udalak uztailean ekingo dio berriro hondartzara bidaiatzeko kanpainari

COVID-19aren pandemiaren ondorioz bi urteko geldialdiaren ondoren, Amurrioko Udalak hondartzara irteerak egiteko kanpainari ekingo dio berriro. Kanpaina uztailean zehar egingo da, herritarren artean udako aisialdia errazteko. Horretarako, lau irteera programatu dira, datorren hilabeteko astearteetan:

Uztailak 5: Hondarribia

Uztailak 12: Zarautz

Uztailak 19: Donostia

Uztailak 26: Donibane Lohizune

Autobuserako paseak Kultur Etxean erosi ahal izango dira irteera bakoitzaren aurreko ostiralera arte. 14 urtetik gorako helduek 8,50 euro ordaindu beharko dute irteera bakoitzeko, eta 14 urtetik beherakoek 6,50 euro.

Programatutako bidaia bakoitzaren irteera 09:00etan izango da Araba kaletik, Amurrio Antzokitik gertu, eta itzultzeko ordua 20:00etan izango da irteera bakoitzaren helmugatik.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.