Maiatzaren 4tik 8ra, Euskadiko Liburu Ganberak Amurrioko Udalarekin elkarlanean antolatutako Liburu Azoka egingo da Amurrion. Elexondo pasealekuan egongo da, Juan Urrutia plazaren parean, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era bisitatu ahal izango diren 14 etxola izango ditu.
Azokan euskal argitaletxeen eta diskoetxeen euskarazko eta gaztelaniazko azken nobedadeak aurkituko dira, % 10eko deskontuarekin. Beherapenen atal bat ere egongo da. Azokara hurbiltzen direnek “Amatasunari” , aurtengo edizioko gai nagusiari, buruzko liburu erakusketa bat aurkituko dute.
Idazleen sinadurak
Azokan zehar, baina asteburuan batez ere, egileak egongo dira hainbat stand-etan, eta eskatzen duten pertsonei euren liburuen aleak sinatuko dizkiete. “Garai honetan zaila da zehaztea, azken orduko aldaketak egon daitezkeelako, baina hasiera batean Miren Palacios, Javier Sagastiberri, Inma Roiz eta Jose Luis Urrutia egongo dira gurekin”, azaldu du Asier Muniategi Liburu Ganberako lehendakari eta Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak.