Oraindik izena eman dezakezu Amurrioko Udal Dantza Eskolak antolatutako campusean

Uda ostean helduko den ikasturtearen hasiera berritasunez beteta etorriko da Amurrioko Udal Dantza Eskolan. Lehena, ‘Sartu dantzaren munduan’ campusaren antolaketa izan da, irailaren 13tik 24ra, eta bertan dantzaren inguruko hainbat jarduera egingo dira.

Campusaren antolakuntzak Udal Dantza Eskolaren ateak irekiko dizkie herritarrei, bere jarduera ezagutzera emateko eta dantzarekiko interesa modu atsegin eta dibertigarrian pizteko. “Dantzak erakartzen dituen arren inoiz klaserik jaso ez duten 5 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteei egindako deia da”, azaldu du Jon Ugarriza eskolako zuzendariak.

Campusean emango diren jardueren artean, ballet, koreografia, coaching, balleteko eta ikuskizunetako jantzi edo familian dantzatzeko teknikak daude. Parte-hartzaileen adinaren araberako lau talde ezarri dira: 5-7 urte bitarteko A taldea, 8-10 urte bitarteko B taldea, 11-13 urte bitarteko C taldea eta 14-18 urte bitarteko D taldea.

Ekimen berri hori bi astetan egingo da, irailaren 13tik 17ra eta irailaren 20tik 24ra, arratsaldez, 17:00etatik 20:15era, taldeen arabera. “Dantzaren munduan murgiltzeko une egokia da hau, izan ere, bi astez, parte-hartzaileek etorkizuneko prestakuntzan lagungarri izango zaizkien alderdi garrantzitsuak ezagutzeko aukera izango dute”, adierazi du Ugarrizak.

Izena irailaren 1etik aurrera eman ahal izango da Amurrioko Kultur Etxean. Matrikularen prezioa 22,12 eurokoa da udalerrian erroldatutako ikasleentzat eta 36,87 eurokoa erroldatu gabeentzat.

 


Inprimatu   E-maila