Mugiamurriok jarduera fisikoa eta osasuna sustatzeko programetarako izen-ematea ireki du

  • “Bizi Zaitez Bizi” eta “55+ Bizitza Aktiboa Osasunerako” programetan izena emateko epea astelehenean hasi eta otsailaren 26an amaituko da; izena emateko 619411732 telefonora deitu edo ostegunetan 16:00etatik 18:00etara eta ostiraletan 10:30etik 12:30era Kultur Etxean dagoen Mugiamurrioren bulegora joan beharko da.
  • Programek beren taldeak egokitu dituzte indarrean dagoen araudia betetzeko, eta orientazio-zerbitzuak normaltasunez jarraitzen du.

Mugiamurrioko “Bizi Zaitez Bizi” eta “55+ Bizitza Aktiboa Osasunerako” programetan izena emateko epea astelehenean irekiko da. Martxoko lehen astean hasi eta ekainaren erdialdean bukatuko diren bi programek jarduera fisikoa eta osasuna sustatzea dute helburu. Orientazio-zerbitzua Kultur Etxean ematen jarraituko da ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara, interesdunek aholkularitza jaso dezaten.

Mugiamurrio ekimenaren helburua udalerri aktiboa lortzea da. Horregatik “azaroan, Covid-19ak sortutako egoera eta erakundeek hartutako neurriak zirela eta, bertako zerbitzu batzuk egokitu behar izan ziren. Ohiko jardueren artean txango osasuntsuak bertan behera utzi behar izan ziren, eta osasun egoerak aukera ematen duen bezain laster ekingo zaie berriro”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Jarduera fisikorako eta osasunerako programak

“Bizi Zaitez Bizi” saioa astelehenetan egingo da Nagusi Etxean eta 3 talde izango dira, 9:30ean, 10:30ean eta 11:30ean. Programa honen helburua Amurrioko adinekoen ongizatea, bizi-kalitatea eta garapen pertsonala sustatzea da. Saioetan zahartze aktiboari eta egokiari buruzko oinarrizko ezagutzak transmitituko dira, bizimodu aktiboa eta osasungarria sustatuko da eta jarduera funtzionala orekatzeko eta funtzionamendu emozionala, motibazionala eta soziala optimizatzeko estrategiak irakatsi eta entrenatuko dira.

Bestalde, “55+ Bizitza Aktiboa Osasunerako” programa asteazkenetan gauzatuko da, Reforren, eta 3 talde izango ditu, 9:30ean, 10:30ean eta 11:30ean. Jarduera honen bitartez, udalerriko 55 urtetik gorako biztanleen zahartze aktiboa eta osasungarria sustatu nahi da, ohitura osasungarriak irakastearen eta trebatzearen bidez, jarduera fisikoa, besteak beste. Jarduera funtzionala konpentsatzeko estrategiak eta motibaziozko funtzionamendua optimizatzeko estrategiak landuko dira, bizimodu aktiboa eta osasungarria lortzeko.

Izen-emateak

Bi programetarako izen-ematea otsailaren 15etik, astelehenetik, 26ra bitartean egin ahal izango da Mugiamurrioren bulegoan, Kultur Etxeko lehen solairuan, ostegunetan 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan 10:30etik 12:30era. 619411732 telefono-zenbakira deituta ere eman ahal izango da izena.

Dauden plazak baino eskari handiagoa badago, irizpide hauek erabiliko dira parte-hartzaileak hautatzeko: lehenik, Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzutik (SOAF) bideratutako pertsonak; ondoren, orain arte programen aurreko edizioetan parte hartu ez duten pertsonak, eta, azkenik, programen aurreko edizioetan parte hartu dutenak.

Orientazio-zerbitzua

Orientazio zerbitzuak Mugiamurrioren funtsezko pieza izaten jarraitzen du, eta normaltasunez egiten da Kultur Etxean, ostegunetan 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara, interesdunek aholkularitza jaso ahal izan dezaten. Orientazio zerbitzura joateko aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da 619411732 telefono-zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatziz.

Amurrio Trail Taldeak 2021eko Urrezko Guk Saria jasoko du

  • Saria emateko ekitaldia martxoaren 13an, larunbatean, izango da, Amurrio Antzokian; erakundeek une horretan ezarritako neurriak betez egingo da.


Amurrio Trail Taldeak 2021eko Urrezko Guk saria jasoko du martxoaren 13an, larunbatean, Amurrio Antzokian egingo den ekitaldian, betiere erakundeek hartutako neurriek horretarako aukera ematen badute. Adostasunez aukeratu den trail taldeak, kirol munduan egiten duen lanaz, bere elkartasun-lanarengatik ere jasoko du aintzatespen hori. Bereziki nabarmentzekoa da etxeko konfinamenduan bultzatu zuten laguntza-sare solidarioaren bitartez egin zuten ezinbesteko lana.


Kirol arloan, Amurrio Trail Taldeak 8 urte baino gehiago daramatza batez beste 400 izen-emate jasotzen dituen Amurrio Trail Lasterketa antolatzen. Euskadiko lehiaketen barruan lekua egitea lortu du. Batzuetan Euskal Herriko trail txapelketetarako baliozkoa izan da.


Iaz, Euskal Herri mailan nabarmentzen diren kirolariak saritzen dituen euskal mendizaletasunaren gala antolatzeko arduradunak izan ziren. Ekitaldi hori, beste asko bezala, ezin izan zen egin, Covid-19ak eragindako konfinamenduaren ondorioz.


Espiritu solidarioa


2020. urte zail horretan, konfinamenduan zehar, oso talde aktiboa izan ziren, Amurrioko herritar askorentzat oso lagungarria izan zen sare solidarioa bultzatuz. Ekimen horren bitartez, elikagaiak eta beharrezko guztia eraman zizkieten egoera okerrenean zeudenei. Horrekin batera, arratsaldeetan, 20:00etan, kalejira batekin gazteak eta adinekoak animatzen zituzten.


Ezohiko Gabon jai hauetan ere Olentzeroren laguntzaile leialak izan dira, eta mendira igotzea bultzatu dute, ikazkinaren kartoizko irudiarekin argazkia ateratzeko eta Amurrioko umeek nahi zutena jasotzen zuen karta bertan uzteko.


Amurrio Trail Taldearen espiritu solidarioak ibilbide luzeagoa izan du denboran zehar. Lau urte daramatzate Babioko igoera, eta bi urte Babio Non Stop izenekoa antolatzen, Gabonetan herritarrek gorriz markatuta dituzten bi hitzordu solidario. Babio Non Stop ekimenarekin bildutakoa elkarte batera bideratzen da, eta, gainera, sarritan eurekin elkarlanean aritzen den Mendi solidarioak elkartearekin batera, abenduaren 24an umeak eta adinekoak Babio mendira igotzen dituzte. Olentzero han egoten da, euren zain.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.