Amurrioko Udako Udal Igerilekuak ekainaren 19an irekiko dira

Berriak Kirolak Gainera erabilgarri:  CAS 

 Amurrioko udal-igerilekuak ekainaren 19an, larunbatean, irekiko dira, irailaren 12ra, igandera, arte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako neurriak betez. Iazko udan egin zen bezala, erabiltzaileen segurtasuna indartu egingo da segurtasun-distantziak gordez eta instalazioko higiene-neurriak zorroztu egingo dira.

Amurrioko udal-igerilekuetan agintariek ezarritako jarraibideak betetzeko hartutako neurriak iazkoen antzekoak izango dira. Horien artean edukierari dagokiona dago, % 50ekoa izatea aurreikusten da, hau da, 1.000 laguneko edukiera gaindituz gero, normalean lortzen ez den zifra, instalaziora sartzeko beharrezkoa izango da, barrutik jendeak irtetea.

Instalazioak dituen 7.000 m²ko berdeguneak hainbat lurzatitan banatuta egongo dira, horietako bakoitza dagokion edukierarekin markatuta eta mugatuta, eta horri esker erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia gorde ahal izango da. Gainera, egun osoan zehar, pertsona bat, distantziak gordetzen direla kontrolatzeaz eta segurtasun-neurriak gogoratzeaz arduratuko da.

 Eremu komunak garbitzea eta desinfektatzea

Uda honetan ere higiene- eta desinfekzio-neurriak indartu egingo dira. Eremu komunetan garbitasuna areagotuko da, batez ere gehien ukitzen diren elementuetan, heldulekuetan, barandetan edo eserlekuetan, eta komunetan, besteak beste. Gainera, erabilerari dagozkion gomendioak jasotzen dituzten kartelak jarriko dira. Ezingo dira aldagelak, dutxak eta armairuak erabili.

Igerilekuetako uraren kontrola ere zorrotza izango da, uraren kalitatea kontrolatzeko ohiko analisiak areagotu egingo dira eta ura eguneko 24 orduetan iragaziko da eta birzirkulatzen egongo da.

 Aldez aurreko hitzordurik gabe sartzea

Igerilekuetara joateko ez da beharrezkoa izango aurretik hitzordua izatea. Ohiko sarbidearekin jarraituko da, baina edozein objektu fisikorekin kontakturik ez izateko, ateak kendu egin dira eta hurbiltasun-txartel baten bidez sartuko da. Horrela, kontaktua hutsera murriztuko da. Gainera, sarreran tenperatura kontrolatuko da eta desinfektatzailea duten banagailuak egongo dira.

 Abonatuen kanpaina eta banakako sarrerak

Abonuak, altak, bajak eta horien aldaketak udal igerilekuetan bertan egin ahal izango dira ekainaren 9, 10, 11, 14 eta 15ean, 10:00etatik 13:30era. Ekainaren 15ean kobratuko dira eta 12 egun egongo dira itzulketak egiteko. 2021eko urtarriletik Bañueta kiroldegiko bazkide direnek dohainik izango dute instalazioetarako sarrera. Aurtengo berrikuntzarik nagusia, iazko udarekin alderatuta, egunero txartelak erosteko aukera egongo dela da, eta horietarako hainbat prezio aurreikusten dira:

 

Lanegunak

Larunbatak, igandeak eta jaiegunak

18 urtetik gorakoak

3,5€

6€

14-17 urte bitartekoak

2,5€

4€

6-13 urte bitartekoak

2€

3€

65 urtetik gorakoak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak

1€

2,5€

 

 

 

Inprimatu