- Saria banatzeko gala 19:00etan hasiko da, Amurrio Antzokian. Bertara joateko gonbidapena beharko da, eta egunean bertan eskuratu ahal izango da antzokiko leihatilan, edukiera bete arte.
Amurrio Trail Taldeak 2021eko Urrezko Guk saria jasoko du bihar. Gala 19:00etan hasiko da, Amurrio Antzokian. Urtarrilean adostasunez erabaki zen saria trail taldeari ematea; izan ere, kirol-arloan egiten duten guztiaz gain, lan solidario handia ere egiten dute. Bereziki aipatzekoa da konfinamenduan zehar egin zuten lan paregabea, laguntzarako sare solidarioa sustatu baitzuten.
Kirol-arloan, Amurrio Trail Taldeak 8 urte baino gehiago daramatza Amurrio Trail Lasterketa antolatzen. Urtero, batez besteko 400 pertsonak ematen dute izena proba horretan, eta ezagun bihurtu da euskal txapelketen artean. Batzuetan, probak Euskal Herriko trail txapelketetarako puntuak ere eman izan ditu.
Iaz, Euskal Mendizaletasunaren Gala antolatzeaz arduratu ziren, zeinetan Euskal Herri mailako kirolari garrantzitsuenak saritzen baitira. Ekitaldi hori, beste asko bezala, ezin izan zen egin, Covid-19ak eragindako konfinamenduaren ondorioz.
Espiritu solidarioa
- urte zail honetan, eta zehazki konfinamendu-aldian, taldea oso modu aktiboan aritu zen lanean, eta sare solidario bat osatu zuten, Amurrioko herritar askorentzat oso lagungarria izan zena. Ekimen horren bidez, elikagaiak eta beharrezko beste izangai batzuk eraman zizkieten egoera okerrenean zeuden pertsonei. Horrez gain, arratsaldeko 20:00etan, gazteak eta helduak animatzen zituzten kalejira batekin.
Aurtengo Gabonak ere ezohikoak izan dira, eta hor ere Olentzeroren laguntzaile leial bihurtu dira. Hain zuzen, mendi-irteera bat antolatu dute, ikazkinaren kartoizko irudiarekin argazki bat ateratzeko eta Amurrioko haurren gutunak bertan uzteko.
Alabaina, Amurrio Trail Taldearen espiritu solidarioa ez da oraingo kontua. Duela lau urtetik antolatzen dute Babio mendirako igoera, eta duela bi urtetik Babio Non Stop proba. Bi ekimen solidario horiek Gabonetan egiten dira, eta garrantzi handikoak dira herritarrentzat. Babio Non Stop probarekin biltzen den dirua elkarte bati ematen zaio eta, gainera, Montes Solidarios elkartearen laguntzarekin –zeinarekin askotan aritzen baitira lankidetzan–, haurrak eta adinekoak Babio mendira igotzen dituzte abenduaren 24an, Olentzerorekin egon daitezen.