Amurrioko Bañueta Kiroldegiak martxoaren 15ean ekingo die berriro kirol jarduerei

  • Kirol-instalazioak eskaintza handitu du, bakoitzak 3 hilabeteko iraupena izango du 12 jarduerarekin.
  • Izen-ematea martxoaren 3tik 10era bitartean egongo da zabalik, eta kiroldegian bertan egin ahal izango da.

 

Bañueta kiroldegia martxoaren 15etik aurrera hasiko da taldeko kirol jardueren eskaintzarekin, COVID-19aren ondorioz indarrean dagoen araudia betez. Izen-ematea asteazken honetan hasiko da, martxoaren 3an, eta martxoaren 10era arte iraungo du.

Bañuetak, kirol eskaintza 12 jarduerarekin zabalduz hasi du martxoa: Aquagym, Haur Igeriketa, Zumba, HIIT, Tonifikazioa, Mantentze gimnasia, Bizkarrekoa eta Progresiboa, Hipopresiboak, Pilates, Yoga, Spinning eta Nordic Walk. Eskainitako jarduera bakoitzak 3 hilabete iraungo ditu.

Martxoa erdialdean hasiko dira jarduerak, eta gutxieneko parte hartzaile kopuru bat beharko dute, gauzatu ahal izateko. Aldez aurretik izena eman beharko da, martxoaren 3tik 10era bitartean, kiroldegian bertan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 13:30era, astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 16:00etatik 19:30era.

Igerilekua, muskulazio eta jarduketa kardiobaskularreko gelak

Bestalde, Bañueta kiroldegiak martxan jarraitzen du urtarriletik igerilekuarekin eta muskulazio eta jarduketa kardiobaskularreko gelekin. Espazio horietara guztietara joan ahal izateko aldez aurretik erreserba egin beharko da.

Igerilekuen erreserba 60 minutukoa izango da gehienez, eta muskulazio eta jarduketa kardiobaskularreko kasuan, 90 minutukoa gehienez hitzordu bakoitzeko. 45 minutu erreserbatu ahal izango dira eremu bakoitzean, edo 90 minutu gune bakar batean. Egun berean, igerilekura eta muskulazio gelara edo igerilekura eta jarduketa kardiobaskularreko gelara joateko erreserba ere egin ahal izango da.

Osasun-murrizketak direla eta, kirol-instalazioaren edukierak ere aldatu egin dira. Igerileku handia 6 kaletan banatuko da, eta kale bakoitza 2 pertsonak erabili ahal izango dute; igerileku txikiaren kasuan, bi gunetan banatuko da, eta gune bakoitza 2 familia unitatek edo 2 erabiltzailek erabili ahal izango dute. Bestalde, muskulazio gelak gehienez ere 12 pertsonako edukiera izango du txanda bakoitzeko, eta igerilekuko harmailetan egongo den jarduketa kardiobaskularreko gelak ere, gehienez 12 pertsonako edukiera izango du txanda bakoitzeko.

Aurretiko hitzordua

Kiroldegira joateko hitzordua aurrez aurre zein telefonoz har daiteke, 945 393 642 telefono-zenbakira deituta. Erreserbak aste bakoitzaren aurreko ostiraletik aurrera jasoko dira eta gehienez astean 2-3 egunetarako egin ahal izango dira, eskariaren arabera. Txanda bakoitzean, 65 urtetik gorako pertsonentzat, haurdunentzat eta mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako plazak egongo dira.


Inprimatu   E-maila