Amurrioko Udalak Ostiraletako Baserritarren Mertatua bultzatuko du

  • Horretarako, kanpaina bat egingo da, eta merkatuan erosketak egiten dituzten pertsonak bertako produktuekin osatutako saski baten asteroko zozketan sartuko dira.
  • Ekintza hau martxoan zehar egingo da, martxoaren 5ean, 12an eta 26an (ostiralak) eta 18an (osteguna).

 

Amurrioko Udalak, Amurrio Bideanekin batera, tokiko eta hurbileko produktuari laguntzen jarraituko du martxoan Juan Urrutia plazan jarriko den ekoizleen merkatuan egingo den kanpainarekin. Baserritarren produktuak bultzatzeaz gain, Udalak mahai-zapiak eman dizkie beren postuetarako, eta baita paperezko poltsa-sorta bat ere.

Tokiko produktuari babesa eta sustapena ematera zuzendutako kanpainan, produktu-saski bat zozkatuko da astero merkatuan erosketak egiten dituzten pertsonen artean. Erosketa bakoitzeko, erabiltzaileek txartel bat jasoko dute beren datuekin bete eta hautetsontzi batean sartzeko, eta, ondoren, merkatua amaitzean zozketa egingo da, 14:00ak aldera. Kanpaina martxoan gauzatuko da, 5, 12 eta 26an, ostiraletan eta 18an, ostegunean.

Ekintza horrekin batera, merkatura joan ohi diren ekoizle guztiak biltzen dituen informazio-kartel bat ere egin da, haietako bakoitza ezagutzera emateko.

Amurrioko Udalak Inauteriak bertan behera uztea erabaki du

  • Covid-19ak sortutako pandemia dela-eta ezarritako mugen eta herritarren osasuna babesteak duen lehentasunaren ondorioz, aurten inauteriak bertan behera uztea erabaki da.

Amurrioko Udalak aurten inauterietako jaiak ez ospatzeko erabakia hartu du, Covid-19ak eragindako osasun-egoera dela-eta ezarritako mugen ondorioz eta udalerriko herritarren osasuna babesteko helburuarekin.


Hori dela eta, aurten ez da Mariaka eta Marigabon buru zituen ohiko mozorro-desfilea egingo. Musika animazioarekin, Amurrioko kaleetan ibiltzen zen Santa Maria elizatik Juan Urrutia plazaraino, eta txokolatada handi batekin amaitzen zen. Inauterietako asteartean ere ez dira haurrei zuzenduta programatzen ziren jarduera tradizionalak ospatuko.


“Bizitzen ari garen osasun egoerak eta erakundeek ezarritako murrizketek ez digute aurten inauteriez gozatzeko aukerarik ematen. Jakin badakigu jai horiek harrera paregabea dutela herrian, baina arduratsuak izaten jarraitu behar dugu, bai bakarka, bai taldean, egoera hau gainditzeko”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Amurriok atzeratu egin du kintoen ohitura

  • Aurten kintoen erronda egiteko deituta zeuden gazteak, 75 guztira, ez dira otsailaren 4an irtengo.
  • Ekainaren 11 ezarri da gazteak abestera irteteko egun gisa, betiere une horretan hartuta dauden neurriek horretarako aukera ematen badute.

Amurrioko kintoek ez irtetea erabaki dute, Covid-19ak sortutako egoera dela eta. 2003an jaiotako gazteek, hau da, 2021ean 18 urte betetzen dituztenek (aurten 75 inguru), otsailaren 4an, Santa Ageda egunaren bezperan, erronda ez egiteko erabakia hartu dute.


Udaleko arduradunekin hainbat koordinazio-bilera egin ostean, aurtengo kintoek jaieguna ekainaren 11ra aldatzea erabaki dute, betiere une horretan erakundeek hartutako neurriek horretarako aukera ematen badute. “Behin baino gehiagotan bildu gara kintoekin, hartutako neurriak betez tradizioa ospatzeko aukera baloratzeko, baina, azkenean, gazteek erabaki dute aukerarik onena eta arduratsuena Covid-19ak sortutako egoera hobea den beste egun batera atzeratzea dela. Udalak oso positibotzat jotzen du herriko gazteek erakutsitako erantzukizuna”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.