Kutsu solidarioa duten musika emanaldiak Amurrioko jaietan

Berriak Jaiak Gainera erabilgarri:  CAS 

Amurriok gaueko musika-programazio zabala itxi du abuztuaren 12tik 17ra ospatuko diren herriko jaietarako. Kontzertuen artean Mendiko Eskolan izango diren Celtas Cortos-ena eta Chill Mafia-rena daude. Bertan, Amurrio Trail Taldeak txosna solidarioa muntatuko du. Aipagarriak dira baita ere Neomak edo Puro Relajo taldeek Juan Urrutia Plazan eskainiko dituzten kontzertuak.

Bi urteko lehortearen ondoren, herriko jaiak inoiz baino indar eta ilusio handiagoarekin programatu dira berriro. Gainera, aurten, udalerriarentzat hain garrantzitsuak diren egun hauetan, espiritu solidarioari balioa ematea erabaki da. “Amurrioko Udalak uste du herriko jaiak, Amurrioko bizilagun guztien jaiak, konpromisoa hartzeko eta guztiok bilatzen dugun eraldaketa soziala gauzatzeko unea direla”, azaldu du Txerra Molinuevo herriko alkateak

Horregatik, Udala Amurrio Trail Taldearekin harremanetan jarri ondoren, txosna solidarioa instalatuko da Mendiko Eskolan abuztuaren 13an eta 14an egingo diren kontzertuetan. Txosna solidariotik lortutako diru-bilketa X Hauskorraren Sindromearen Euskadiko Elkartearentzat izango da. Elkarte hori familia talde batek sortu du, kaltetutako pertsonei bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

Remix Orkestra arduratuko da jaien lehen gaua girotzeaz, Juan Urrutia plazan eskainiko duen emanaldiarekin. Hurrengo egunean, San Anton plazan, Trio Jamaikaren Camp Berbena izango da. Egun horretan bertan, jaietako kontzertu handietako bat ere izango da Mendiko Eskolan, Celtas Cortos taldearen kontzertua, hain zuzen ere, eta duela bi hamarkadatik Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den eta aniztasunaren aldarrikapenaren, tolerantziaren eta bertako bizilagunen errealitatea kontatzearen inguruko proiektuak taularatuko dituen Betto Snay Angolako raperoa izango dute telonero.

Jaietako beste ikuskizun garrantzitsu bat La Furia izango da. Emakume rapero horren erreferenteak Bronx eta Harlemeko hip hopetik abiatzen dira, bai eta Queen Latifah, Salt-N-Pepa-ren 80ko hamarkadako rap feministatik ere, Keny Arkana bezalako underground-a ahaztu barik. Ondoren, musika hiritarrak eta eszenatokian duen punk jarrerak ezaguna bilakatu duten Chill Mafiaren emanaldia etorriko da.

Neomak taldea osatzen duten Kepa Junkeraren “sorginak” izango dira protagonista abuztuaren 15ean Juan Urrutia plazan. Aurretik, San Anton plazan, Galea Orkestraren Camp Berbenaren txanda izango da.

San Roke egunean musika emanaldi bikoitza izango da Juan Urrutia plazan. Lehenik eta behin, Puro Relajo arituko da, euskarazko kantekin eta bizitza osoko klasikoekin emanaldi bakoitza festa bilakatzen duen abesti mexikarren Nafarroako taldea. Ondoren, Trikizio taldearen dantzaldia etorriko da. Abuztuaren 17an Patxi Perezek markatuko du jaien amaiera Juan Urrutia plazan.

Musika elektronikoa

Musika elektronikoa izango da jaiari amaiera emango diona. Hainbat dj arituko dira Juan Urrutia plazan, lehena DJ Markelin izango da, abuztuaren 12an, eta hurrengo egunean DJ Gomi arituko dela aurreikusten da; ondoren, koadrilen egunean Disko Sound 4 eta, azkenik, San Roke egunean DJ Rubaren txanda izango da.

Pregoi partekatua

Aurten, herriko jaietako pregoia Nagusilanek, Amurrio Trailek eta Txirrindulari Klubak partekatuko dute. Azken biek ez zuten pregoilari izateko aukerarik izan zegokien garaian, COVID-19aren pandemiaren ondorioz jaiak bertan behera geratu zirelako, eta horregatik, Nagusilan Amurrioren, 2022ko Urrezko Guk saridunaren, gonbidapena jaso dute une berezi hau elkarrekin bizitzeko.

Inprimatu