- Programazioak ehun jarduera baino gehiago izango ditu, tradizioa, kontzertuak, kirola, gastronomia eta publiko guztientzako proposamenak uztartuko dituztenak
Amurrioko Udalak prentsaurrekoan aurkeztu ditu abuztuaren 12tik 17ra ospatuko diren Andra Mariren eta San Roke 2026 jaien kartela eta programazio ofiziala. Aurkezpenean parte hartu dute Amurrioko alkate Txerra Molinuevok, Kultura eta Jaietako zinegotzi Naiara Barallobrek, Berdintasun teknikari Irune Iturbe, Jaietako eta Antzokiko teknikari Noemi Llorentek, txosna solidarioko ordezkariek eta Kuskua elkarteko ordezkariek. Agerraldian, publiko guztiarentzat pentsatutako jaiak osatuko dituzten ekitaldi nagusien berri eman da.
Programazioak ehun jarduera baino gehiago biltzen ditu, eta Amurrioko kaleak musikaz, kulturaz, kirolez, tradizioz eta aisiaz beteko dituzte. Egitarauak hitzordu enblematikoenak mantentzen ditu, hala nola pregoia, Kuskua elkartearen eskutik, txupinazoa eta Iguarrakoren jaitsiera; haurtzaroari, adinekoei eta koadrilei eskainitako jardunaldiak; Andra Mariren eta San Rokeren ospakizunak, karrozen desfilea, lehiaketa gastronomikoak eta familientzako jarduera-eskaintza zabala, udalerriko hainbat gunetan banatuta.
Musika protagonista izango da berriz ere jaietan zehar, Benito Kamelas, Süne, La Polaka edo Txapela Brava taldeen emanaldiekin, Oxabi edo Zutik erromeriekin, orkestrekin, elektrotxarangekin, DJekin eta gustu guztietarako musika ikuskizunekin.
Programak, gainera, udalak jai inklusibo eta seguruekin duen konpromisoa indartzen du. Barraketan dibertsitate funtzionala errespetatzen jarraituko da, soinu eta argi estimuluak murriztuko dira, pirotekniaren erabilera mugatuko da, eta indarkeria matxisten aurrean prebentzio, sentsibilizazio eta arreta-guneak jarriko dira berriro jai-egun nagusietan.
Aurkezpenean, Naiara Barallobre Kultura eta Jaietako zinegotziak nabarmendu duenez, "jaiak urteko une esperatuenetako bat dira, Amurrioko espiritua eta auzokideen, koadrilen, elkarteen eta kolektiboen inplikazioa ordezkatzen dutelako. Egitarau oso osatua prestatu dugu, pertsona guztiek jai parte-hartzaile, seguru eta inklusiboez gozatzeko aukera izan dezaten".
Era berean, Txerra Molinuevo alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie "Jai Batzordeari, udal langileei, elkarteei, koadrilei, kirol klubei eta hain programazio zabala eta anitza ahalbidetzeko laguntzen duten pertsona guztiei".
Horrez gain, Irune Iturbe Berdintasun teknikariak nabarmendu du koadrila, txosna, elkarte eta bestelako kolektiboekin egindako koordinazio lana, erantzunkidetasunetik indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzeko, eta gogorarazi du "indarkeria matxisten prebentzioa ez dagokiela soilik erakundeei, ezta mugimendu feministari ere; komunitate osoaren inplikazioa eskatzen duen zeregin kolektiboa da". Era berean, jaietan zehar kioskoan informazio eta prebentzio gunea jarriko dela eta eskuragarri dauden arreta baliabideei buruzko informazioa zabalduko dela adierazi du.
Udalak herritarrei eta egun horietan Amurrio bisitatzen dutenei programatutako jardueretan parte hartzeko eta jaiez errespetutik, bizikidetzatik eta erantzukizunetik gozatzeko deia egin die, guztion artean Andra Mariren eta San Rokeren jai-giroari eusten lagunduz.

