Muskerrak elkarteak, Amurrioko Udalarekin lankidetzan, biodibertsitatea eta zientzia zabaltzeko hainbat jarduera antolatu ditu urriko azken astean.
Inoiz galdetu diozu zeure buruari azken aldian telebistan hainbeste ateratzen diren ikertzaileak nolakoak diren? Beste planetako jendea da, dibertigarriak dira, gu bezala pentsatzen dute? Euskadin primerako ikertzaileak ditugu, mundo mailako garrantzia duten galdereei erantzuna ematen. Hala nola, nola funtzionatzen du giza garunak? edota, zein da hausnarkarien eragin klima-aldaketaren arintzean? Zatoz Amurrioko Albizabalera urriaren 28an, ostirala, 19:30etan. Zientziaren hainbat alderdiri buruzko hitzaldi labur eta atseginez betetako gaua izango dugu han, garagardo eta pintxo batez gozatzen dugun bitartean.
Urriaren 25an eta 28an gainera Amurrioko eskolak bisitatuko ditugu animalia polinizatzaileen garrantziari buruz hitz egiteko. LH 4. Mailako ikasleekin intsektuentzako hotelak eraikiko ditugu, hain beharrezkoak ditugun polinizatzileak erakartzeko. Intsektuen biodibertsitatea eta ugaritasuna asko murriztu da azken urteetan, batez ere aldaketa klimatikoa, poluzioa eta habitat suntsiketa direla eta. Beraz, ekintza honekin animalia polit eta ezinbesteko hauentzako habitata berreskuratzen lagunduko dugu.
Amaitzeko, urriaren 30an, igandean, jarduera ireki bat egingo dugu interesa duen edozein pertsona edo familiarentzat. Aurreko ikasturtean Elkargunean lan egin zuten haurrek hala eskatuta, bertaratzen garen guztion artean biodibertsitatearen babesleku bat sortuko dugu San Rokeko putzu batean.
Bertan, txorientzako habiak ipiniko ditugu, anfibio eta narrastientzako aterpeak eraikiko ditugu eta intsektuentzako babes lekuak sortuko ditugu bertako landareak landatuz. Goiz osoa emango dugu geroz eta urriagoak diren animalientzako mehatxurik gabeko etxea sortzen.
Amurrioko San Jose tabernan geratuko gara goizeko 10etan eta bertatik oinez igoko gara San Rokeko putzura. Bidean, ikusten ditugun animalia eta landareei buruz hitz egingo dugu.