Ireki da ekonomia zirkularra sustatzen duten negozio-linea berriak ezartzeko laguntzak eskatzeko epea

Amurrioko Udalak ireki du udalerrian ekonomia zirkularra, konponketa eta auto-konponketa sustatzeko negozio-linea berriak ezartzeko diru-laguntzak eskatzeko epea. Laguntza horiek bigarren urtez jarriko dira abian. Eskaerak Udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dira eta epea irailaren 30ean amaituko da.

Laguntzaren zenbatekoa egindako inbertsioaren % 75era artekoa izan daiteke, eta gehienez 4.000 euro enpresa bakoitzeko. Bestalde, diru-laguntza jaso duenak gutxienez 1.000 euroko inbertsioa egin beharko du lan-ildo berrian.

10.000 euroko aurrekontua duen laguntza-linea horren bitartez, “udalerriaren garapen sozioekonomikoan eta jasangarrian lagundu nahi da, eta, aldi berean, ekonomia zirkularra, konponketa eta auto-konponketa sustatu”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Diru-laguntza eskatzeko baldintzak

Laguntza eskatu ahal izateko, autonomoek, sozietate zibilek edo ondasun-erkidegoek, pertsona juridikoek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitartean ekonomia zirkularreko, konponketako edo auto-konponketako negozio-linea berri bat ezarri edo abian jarri izana.
  • EJZn alta emanda egotea.
  • Gizarte Segurantzarekiko, Arabako Foru Ogasunarekiko eta Amurrioko Udalarekiko betebeharrak egunean izatea.
  • Laguntzaren xedea Amurrion egiten den jarduera izatea, eta egoitza soziala eta fiskala bertan egotea. Jarduerari lotutako establezimendu bat udalerrian duten pertsona fisikoak ere izan daitezke laguntzaren onuradun.
  • Jardueren udal-erregistroan alta emanda egotea.
  • Gehienez 25 langile dituzten enpresak (kontratatutako pertsonen eta autonomoen batura), eta aurretik deskribatutako baldintzaren bat betetzen ez duten enpresen ehuneko 25eko baino gehiagoko partaidetza/lotura ez dutenak.

Inprimatu   E-maila