Amurrioko Udalak energia-kudeaketan eta klima-aldaketan teknikari bat izango du datorren urtarrilean, administrazio publikoetan lehen esperientzia profesionala izateko programaren bidez. Izena emateko epea abenduaren 30era arte dago zabalik Lanbiden-Euskal Enplegu Zerbitzuan.
Teknikaria praktiketako prestakuntza-kontratu baten bidez sartuko da. Kontratua 2023ko urtarrilaren 31n hasiko da, 12 hilabeteko iraupena izango du, eta Amurrioko Udalaren jarduera-eremuetan energiaren, klimaren eta ingurumen-jasangarritasunaren arloko ekintzak eta neurriak garatzen lagunduko du.
Kontratatzen den pertsonak zenbait baldintza bete beharko ditu kontratuaren hasieran:
- Unibertsitate-gradua izatea ezagutza teknikoen arloan: ingurumen-zientziak, kimika, biologia, geologia, geografia, arkitektura, arkitektura teknikoa, industria-ingeniaritza, ingurumenekoa, energetikoa, energia berriztagarrietakoa, elektrikoa, elektronikoa, meatzeetakoa, kimikoa.
- Langabezian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda eta enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea.
- 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gaztea izatea.
- Ikasketak amaitu zirenetik 3 urte baino gehiago igaro ez izana.
Amurrioko Udalak 32.108,92 euroko diru-laguntza jaso du, 54.750,32 euroko inbertsioa eskatuko duen praktiketako kontratuaren modalitatean energia-kudeaketan eta klima-aldaketan Teknikari baten kontratazioa finantzatzeko. Diru-laguntza, Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2021eko abenduaren 13an onartutako Europar Batasuna-Next-GenerationEU-k finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen da.