Amurrioko Udalak 277.331 euro inbertituko ditu Zabaleko eta Mendiko ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Amurrioko Udalak zenbait diru-laguntza eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza 2021 programari, Mendiko eta Zabaleko ikastetxeetan hainbat hobekuntza egiteko. Bi ikastetxeetan, guztira, 277.331 €-ko inbertsioak aurreikusi dira, udal-baliabideekin eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin. Horrela, 108.352 € bideratuko dira Mendiko Eskolara eta 168.979 € Zabaleko ikastetxera. Udalaguntza programa, hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko laguntzen deialdia da.

Mendiko Ikastetxe Publikoko jolastokian karpa bat jartzea (18.000 €), instalazio elektrikoa berritzeko fase berri batekin jarraitzea (50.352 €) eta jolastoki inklusiboen proiektuari jarraipena ematea (40.000 €) aurreikusten da.

Bestalde, Zabaleko Ikastetxe Publikoan jasogailu bat instalatzeko (37.986 €), galdara ordezteko (94.573 €) eta kirol-kantxaren eraikineko filtrazioak konpontzeko (6.420 €) proiektuak aurreikusten dira. Horrez gain, eskolako jolastokia egokitzeko lanekin jarraituko da, jolastoki inklusiboak sustatzeko (30.000 €).

“Urtero bezala, Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza programaren diru-laguntzarekin, hainbat hobekuntza egin ditu udalerriko ikastetxe publikoetan. Instalazioak etengabe hobetzea funtsezkoa da kalitatezko irakaskuntza publikoaren alde aurrera daramagun politikan”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

96 merkatari eta ostalari batu dira euskararen sustapenerako kanpaina berrira

Amurrioko Udaleko Hizkuntza Aholkularitza Zerbitzuaren bidez, Amurrioko 96 entitatek euskara sustatzeko konpromiso berriak hartu dituzte. Batetik, euren merkatalguneetan binilo batzuen bidez EUSKARAREN ARIGUNE edo EUSKARAREN LAGUN DIREN erakutsiko dute hemendik aurrera. Horrez gain, orain arteko konpromisoen hitzarmenak berritu ditu AHIZEk eta Udalak.

Guztira 3 konpromiso maila egongo dira: gorena, ertaina eta oinarrizkoa. Partaideei dagokienez, 96 merkatari eta ostalari ariko dira parte hartzen hemendik aurrera. Ariguneak 70 izango dira, eta Euskarren lagunak 26. Hitzarmenei dagokienean, gorena 20 establezimenduk sinatu dute, ertaina 50ek eta oinarrizkoa 26k.

 

Amurrioko Udalak merkatari eta ostalariei zuzendutako oinarrizko euskara ikastaroa antolatu du

Amurrioko Udalak euskara arlo guztietan sustatu nahi du, eta, horregatik, AEKrekin batera, merkataritzan eta ostalaritzan diharduten langileei zuzendutako oinarrizko euskara ikastaro bat jarri du martxan, eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetu ahal izateko. Prestakuntza horren bidez, parte-hartzaileek esaldi eta esamolde sorta bat ikasiko dute, bezeroarekin harremanak euskaraz izateko, hizkuntzaren kontrol osoa eduki beharrik gabe.

Udalak finantzatutako ikastaroak 18 orduko iraupena izango du, eta urriaren 26tik abenduaren 1era bitartean egingo da, astean bitan, ordu eta erdiko saioetan, izena eman duten pertsonek ordutegia beraien disponibilitatearen arabera aukeratu ahal dezaten. Izena urriaren 18ra arte eman ahal izango da 662303756 telefono-zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikora idatziz.

Euskarabide programaren bidez, Amurrioko Udalak euskararen erabilera bultzatu nahi du gazteen artean

Amurrioko gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea da irailetik aurrera Amurrioko Udalak bultzatutako Euskarabide programaren erronka nagusietako bat. Proiektuak aisialdiko eta prestakuntzako ekintzak batzen ditu, horien bitartez gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko.

Euskara Eskola Ibiltaria

Irailaren erdialdetik azarora bitartean, ‘Eskola ibiltaria’ egingo da Amurrion, euskara ikasteko eta praktikatzeko zailtasunak dituzten 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta. 9 saio egingo dira udalerriko hainbat tokitan, hizkuntzaren erabilera ikastetxeetatik kanpo ateratzeko. Saio horietako ardatzetako bat teknologia berriak izango dira, podcast edo tik tok tailerrak, besteak beste. Ekimen horretan parte hartzeko ikastetxeen bitartez eman beharko da izena.

Abentura anitzeko txangoak

Irailaren hasieran, Euskarabide programa 14 urtetik gorakoentzako abentura anitzeko txangoekin hasiko da, partaideak aisialdi eta kirol ingurune eta giroan euskaraz komunikatu daitezen. Lehenengo irteera irailaren 4an izango da, Sobrongo via ferratara, eta hurrengo larunbatean, irailaren 11n, paddle surf irteera programatu da, Lekeitiora. Irailaren 18an, kayaken txanda izango da Laidan, eta, hilabetea amaitzeko, coastering-a egingo da Lekeition, irailaren 25ean. Urrian bi irteera aurreikusi dira: urriaren 2an Saturrarango hondartzan eskalatzea eta urriaren 9an Saturioko sakana jaistea.

Izena emateko, izen-abizenak, NAN, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa eta adina adierazi beharko dira Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean. Jarduera bakoitzean izena emateko epea irteera egingo den egunaren aurreko astelehenean amaituko da.

 

Amurrioko Udalak ireki du euskara ikasteko bekak eskatzeko epea

Amurrioko Udalak euskara ikasten lagunduko du aurten ere, urriaren 1etik aurrera eskatu ahal izango diren hiru beken bitartez. Udalak 25.550 euro zuzenduko ditu euskara ikasteko edo aisialdiko begirale edo zuzendari titulua euskaraz eskuratzeko. Eskaerak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dira urriaren 31 baino lehen.

Deialdi honen helburua Amurrioko herritarren artean euskara sustatzea da. Hizkuntza ikasteagatiko bekaren kasuan, 2020-2021 ikasturtean, 23.000 euroko partida du, eta ordaindutako matrikularen % 75eraino lagunduko da diruz. Eskatzaileak 16 urtetik gorakoak izan beharko dira, eta Amurrion erroldatuta egon. Gainera, ikastarora gutxienez % 80ko asistentzia egiaztatu beharko dute, HABEk homologatutako zentro batek emandako ziurtagiri baten bidez.

Aisialdiko begirale edo zuzendari titulua euskaraz ikasteko bekaren kasuan, 2.050 euroko partida bideratuko da, eta matrikularen % 50 eta ordaindutako egonaldi-gastuak lagunduko dira diruz.

Eskatzaileek Amurrion erroldatuta egon behar dute, eta 2021eko urriaren 1a baino lehen ikastaroa amaituta eta titulua lortuta izan behar dute. Halaber, ikastaro osoa euskaraz egin beharko da, eta alderdi teorikoan gutxienez 150 ordu egin beharko dira. Laguntza eskatzeko, eskabidearekin batera, egindako ordainketaren egiaztagiria eta aisialdiko eskolak emandako bertaratze-ziurtagiria aurkeztu beharko dira.

Azkenik, udako euskal unibertsitateak antolatutako euskara ikastaroetara joateko bekek 500 euroko partida dute. Matrikularen ehuneko 50eko diru-laguntza emango da, eta gehieneko beka 100 eurokoa izango da. Eskatzaileek 16 urtetik gorakoak izan, Amurrion erroldatuta egon eta ikastarora ehuneko 80ko edo hortik gorako asistentzia egiaztatu beharko dute.

 

 

 

Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (EUSKARA_BEKA_ESKAERA betegarria.pdf)EUSKARA_BEKA_ESKAERA betegarria.pdfEskaera orria304 kB04-10-21 13:43

Amurrioko Udalak 'Udak euskaraz blai' aldizkaria egin du udan euskaraz gozatzeko

  • Amurrion zentratutako ipuinak, jolasak eta marrazkiak biltzen dituen aldizkaria ikastetxeetako ikasleen artean banatu da
  • Argitalpenaren bidez, euskararekin batera bestelako balioak landuko dira, Amurrioko ingurunea, historia eta kultura ezagutaraziz

 

Amurrioko Udalak ‘Udan euskaraz blai’ aldizkaria egin du 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Argitalpen horren bidez, udako oporretan ere, herriko ikastetxeetako ikasleek euskaraz irakurtzeko, margotzeko eta jolasteko aukera izatea bilatzen da. Horretarako, argitalpenak, Amurrion zentratutako ipuinak, jolasak, marrazkiak, bertsoak, txangoak eta denbora-pasak biltzen ditu.

Horrez gain, umeentzako aldizkariak euskararekin batera bestelako balioak lantzeko aukera emango du, eta Amurrioko ingurunea, historia eta kultura emango dira ezagutzera. Barruan, neskatoek eta mutikoek zenbait espazio eta pertsonaia ezagun aurkituko dituzte, GUKen eskultura, Juan Urrutia Plaza edo Iguarrako, besteak beste.

“Umeen eta helduen artean euskararen erabilera sustatzea da gure lehentasunezko helburuetako bat. Horretarako sortu dugu denbora-pasak eta gure herriaren historia eta kultura batzen dituen aldizkari hau, udan ere euskaraz gozatzeko eta ikasteko aukera emanez”, azaldu du Julen Sasiain euskara zinegotziak.

Guztira, 800 ale banatu dira gaur Amurrioko ikastetxeetako ikasleen artean. Aldizkaria udalaren webgunean ere egongo da. Gainera, umeek euren sorkuntza lanen argazkiak bidali ahal izango dituzte Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera eta horren truke “euskaraz bizi nahi dut” material sorta bat zozkatuko da.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.