- Mendikon egin behar diren jarduketak igogailura sartzeko arrapalan baranda bat jartzea, instalazio elektrikoa berritzea eta ur-bilketa hobetzea izango dira; sabaiak ere hobetuko dira eta haur-hezkuntzako gelak margotu
- Zabaleko ikastetxean plataforma jasotzaile bat jarriko da eta estalkian hobekuntzak egingo dira; gainera, bi ikastetxeetan, Elkartoki izeneko jolastoki inklusiboen proiektu programa lantzen jarraituko da
Amurrioko Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu aurtengo udan Amurrioko Mendiko eta Zabaleko ikastetxeetan. Guztira, 161.536 euroko inbertsioa egingo da, eta horietatik 36.921 euro Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza programak emandako diru-laguntzekin ordainduko dira.
Mendiko ikastetxean, igogailura sartzeko arrapalan baranda bat jarriko da, instalazio elektrikoa berritzen jarraituko da eta eskolaurreko jolastokiko ur-bilketa hobetuko da. Era berean, haur-hezkuntzako geletako sabaiak hobetzea eta margotzea aurreikusten da.
Bai Mendiko ikastetxean, bai Zabaleko ikastetxean, jarraipena emango zaio jolastoki inklusiboen proiektuari, Elkartoki programaren bidez. Programa horrek gogoeta egitera, imajinatzera eta espazio komun horiek berriro definitzera gonbidatzen du. Bestalde, Zabaleko ikastetxean plataforma jasotzaile bat jartzeko lanak egingo dira, haur eta irakasle guztien irisgarritasuna ahalbidetzeko, eta estalkian hobekuntzak egingo dira.
“Urtero, Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza programaren laguntzarekin, hainbat hobekuntza egiten ditu udalerriko ikastetxe publikoetan. Instalazioak etengabe hobetzea funtsezkoa da kalitatezko irakaskuntza publikoaren aldeko gure politikan”, adierazi du Txerra Molinuevo amurrioko alkateak.