Azaroaren 25erako adierazpena, 2021eko emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguna

Berriak Berdintasuna Gainera erabilgarri:  CAS 

2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 112 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2021ean zehar erail dituzten Erika Tavares, Conchi Gonzalez, Aintzane Pujana, Maria Pilar Berrio Jimenez eta Miarritzeko 75 urteko bizilaguna.

Emakumeen aurkako indarkeria larderiarako tresna indartsua da, emakumeei zuzendua, indarrean dauden genero-arauak desafiatu eta eralda ez ditzaten. Mehatxurako tresna hori zuzenean emakumeengan erabiltzen da, baina baita haien gertuko pertsona maitatuenengan ere, min handiagoa sortzeko modu gisa. Kalkuluen arabera, bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira.

Indarkeria bikarioa esaten zaio emakumeari, hirugarren pertsonak baliatuz, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia motari, zeinak ankerkeria-maila gorena lortzen duen haien erailketarekin (seme-alabak, ama, aita, egungo bikotekidea, etab.). Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoa aplikatuz, kasu horiek ere genero-indarkeriaren parte gisa ulertzen dira, seme-alabei egindako kalteak erasotzaileek emakumeei tratu txarrak transmititzeko tresna bihurtzen diren heinean.

Azken lege-aldaketek dagoeneko jasotzen dute figura hori, biktima adingabeak babesteko neurriak sortzeari eta hedatzeari dagokionez. Hala ere, oraindik ere beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, kasu horietan seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea. Jarrera horiek adingabeen eta emakumeen birbiktimizazioan eragiten dute, haien salaketak susmopean jartzen dituzte, amak zigortzen dituzte, haien testigantza gutxiesten dute eta aitaren guraso-ahalaren eskubidea babesten dute, emakumeen eta adingabeen segurtasunaren eta indarberritzearen gainetik.

Emakumeen aurkako indarkeria beren seme-alaben bidez sistematikoki egikaritzeko modu horren aurrean, bai eta emakumeak kontrolatzeko, hertsatzeko eta kaltetzeko modu guztien aurrean ere, euskal erakundeok indarkeria horri aurre egiteko erantzukizuna dugu, kontuan hartuta ez direla gertakari isolatuak, egiturazko desberdintasun-egoera bati erantzuten diotela, eta egoera horri ikuspegi feministatik heldu behar zaiola.

Guzti honengatik, indarkeria matxista gertakarietan funtzionamendu protokoloek erabiltzen dituzten mekanismo guztiak egokiak izatea da giltza; beti ere, indarkeria mota hau pairatzen duten emakumeen ahalduntzea helburu duten ikuspuntu batetik. Horretarako, instituzio publikoez gain, gai honetan adituak diren pertsonen eta mugimendu feministen parte hartzea  beharrezkoa da ezarritako protokoloekin lagundu dezaten, eta azken batean, berdintasunezko etorkizun baterantz abiatu gaitezen.

Horregatik, Amurrioko Udalak honako konpromiso hauek hartu nahi ditu:

Amurrioko Udal honek ez du murrizketarik egingo 2022eko berdintasun-aurrekontuetan, eta gainera, berdintasun-unitateak egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu azaroaren 25ean bat egin dezaten emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela-eta Amurrion deitutako mobilizazioarekin

 

Inprimatu