Amurrioko Udalak ingurune digitaletan indarkeria matxistak prebenitzeko gidaliburua sortu du

Amurrioko Udalak “Ingurune digitaletan indarkeria matxistak prebenitzeko gidaliburua” bidali du udalerriko bizilagun guztien etxeetara. Gidaliburu horren helburua amurrioarrei indarkeria-mota horri aurre egiteko, eta, modu prebentiboan, horren zergatiak eta ondorioak ezagutzeko eta sakontzeko baliabide batzuk ematea da.

“Amurrioko Udalak berdintasunarekin konpromiso sendoa erakusten jarraitzen du, indarkeria matxistaren aurkako borroka sustatuz. Teknologia berriek ildo horretan lan egin behar izateko agertoki berria jarri digute mahai gainean; horregatik, udalerriko bizilagunen artean postontzietan banatzen ari den gidaliburuak, herritarrak informatzea, prestatzea eta sentsibilizatzea du helburu, ingurune digitalean horrelako egoerei aurrea hartzeko” azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Interneterako eta sare sozialetarako sarbideak eta erabilerak urteak daramatza etengabe gora egiten. Covid-19ak sortutako egungo testuinguruaren ondorioz, mundu digitala oso azkar ari da nagusitzen, eta, ondorioz, aipatutako ingurune digitalean gero eta indarkeria- eta jazarpen-egoera gehiago daude LGTBI kolektiboko pertsonen eta emakumeen aurka.

Amurrioko Udalak eta Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren funtsek batera finantzatu duten gidaliburu horren bitartez, indarkeria matxista mota horri aurre egiteko behar duten informazioa emango zaie herritarrei. “Informazioa eta baliabideak izatea funtsezkoa da kasu horietan nola jokatu jakiteko, indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeenei eta, oro har, herritar guztiei, informazioa eskainiz, eta, gainera, askotan oharkabean pasatzen den indarkeria mota horri buruzko kontzientzia soziala sortzen lagunduz”, adierazi du Saratxagak.

Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (Gida.pdf)Gida.pdf 1512 kB09-09-21 10:51

Inprimatu   E-maila