- Aldez aurreko hitzorduak modu telematikoan eskatzen ikasteko aholkularitza da, eta baita Zoom edo Skype, besteak beste, erabiltzeko oinarrizko ezagutzak emateko ere.
- Aholkularitza Adinekoen Kontseiluak Nagusi Etxean duen bulegoan emango da, maiatzeko astelehen guztietan.
Amurrioko Udalak ekimen bat jarri du abian, udalerriko adinekoen artean gailu elektronikoen erabilera errazteko, hainbat kudeaketa egiteko eta zenbait aplikazio, Zoom edo Skype besteak beste, erabiltzeko. Aholkularitza herrilaguntzaileen bitartez emango da maiatzeko astelehenetan Nagusi Etxean.
Adinekoentzako aholkularitza, Osakidetzarekin (erizaina edo medikua) aldez aurretik hitzorduak eskatzeko, txertaketarako, Gizarte Segurantzarekin harremanetan jartzeko, errenta-aitorpenerako edo Lanbiderekin aritzeko laguntza ematera egongo da zuzenduta. Gainera, interesa duten pertsonentzat, Zoom, Skype edo Facetime bezalako aplikazioak erabiltzeko oinarrizko kontzeptuak ere azalduko dira.
Ekimenak “aipatutako gestioak zelan egin azaldu nahi die, eta egiten dituzten bitartean beraiekin egon. Aholkularitza hori behar duen pertsona bakoitzak bere gailu mugikorrean edo tabletean egingo du, eta hori ezinezkoa balitz, herrilaguntzaileak berak egingo luke Nagusi Etxeko ordenagailuan”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.
Aholkularitza zerbitzua maiatzeko astelehen guztietan emango da, Adinekoen Kontseiluaren bulegoan. 10, 17 eta 24an 16:00etatik 18:00etara izango da, eta maiatzaren 31n 11:00etatik 13:00etara. Ez da aldez aurretik hitzordurik eskatu beharko, nahikoa izango da ezarritako ordutegian Nagusi Etxera joatea. Ekimen horri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Amurrioko Udaleko herritarren partaidetzarako sailarekin, 945891161 telefono-zenbakira deituta.